Errepublika izateko premia

Azaroan ELAren 15. Kongresua izango da eta sindikatua eztabaidatzen ari den ponentzian, beste hainbat gairekin batera –prekaritatea, sindikalizazioa, kultura militantearen berrikuntza edota klima aldaketa– auzi nazionalak garrantzia berezia izango du; izan ere, lehenengoz, ELAk estatu independente baten, errepublika baten aldeko adierazpena egingo du.

ELArentzat errepublika alternatiba bat da ezagutu izan ditugun nazio-estatuen aldean: herri gisa nola eratu nahi duten eta nazioen artean zein leku izan nahi duten definitzeko prest dauden emakume eta gizonek osatutako komunitatea. Harrera ematen duen gizartea eta erakunde inklusiboak dira gure helmuga, herri antolakundearen beldurrik izango ez dutenak. Eta burujabetzaren aldeko apustu irmoa egiten dugu; izan ere, neoliberalismoari aurre egiteko ezinbestekoa da. Guztiz baztertzen dugu neoliberalismoak estatuekin dituen botere harremanak, baita herrien etorkizuna baldintzatzen duten bere sare ekonomiko eta finantzarioak ere.

Marko autonomikoak oinarrizko arloak garatzeko aukera eman zigula uste dugu, nahiz eta aspaldi honetan Estatuko gobernuak marko hori higatzen ari diren, 1979ko ituna erabat desitxuratzeraino. Horregatik esan genuen 1997an marko estatutarioaren amaiera zela.
Estatuan, nazio aniztasunaren onarpenari buruz gero eta okerrago gaude. Marko juridikoa aldatzeko saioak izan direnean (Legebiltzarraren estatutu politiko berrirako proposamena, Kataluniako Estatut-a), Estatuko alderdi eta aparatu nagusien erantzuna oso gogorra izan da: ukapena behin eta berriz, mugarik gabeko errepresioa (Katalunian erregeak berak xaxatua). Gaur, gainera, eskuin muturra diskurtso uniformatzaileak elikatzen du. Espainiako sistema politikoa gaur askoz ere zurrunago eta oldarkorragoa da estatuan dauden aldarri nazionalen aurka.

Estatua izatea premiazkoa dugu. Badakigu zaila izango dela, eta oztopoak topatuko ditugula bidean. Badakigu ere borroka honek oso luze joko duela. Baina 1979an bezala apustu berri bat egiteko prest gaude, eta halabeharrez alde bakarrekoa izango da. Etorkizuneko egintzak gure izaeraren eta duela 110 urte hasitako bidearen isla izango dira: eguneroko lan sindikala eta prozesu nazional demokratiko, zibil eta soziala sostengatzen duen logika erradikal eta pragmatikoaren arabera egingo dugu lan. Bai, prozesu hori batik bat soziala izango da. Gure bokazioa delako eta sinesten dugulako independentziaranzko prozesuak soilik justizia soziala eta solidaritatea sustatuz erakarriko dituela aurrera egiteko behar dituen herritar guztiak.

ELAren sortzaileek Langile batasuna eta euskal anaitasuna aldarrikatu zuten 1911n. Gaur, balio horiek errepublikan irudikatzen ditugu.