“¿Pero tú eres preso?” “Beldur naiz, beldur baina ziur”

GAIZKA ARANGUREN-EN ESPETXEAREN EGUNKARIA

Gaizka Aranguren 1994ko urriaren 5an sartu zen espetxean. Kazetaria zen ordurako, eta ETBko bi programa grabatuta utzi ondoren jo zuen Iruñeko kartzelara. Barruan egonda, beste presoekin telebista ikusten ari zenean, aurkezle bezala agertu zen grabatutako programa batean, eta ondoko presoak aho bete hortz geratu ziren. Hau ez zen bizi zuen bizipen bakarra. Espetxearen barruko bere lehen inpresioak isladatzeko, egunkari bat idazten hasi zen, eta 1995ean argitara eman zuen Pamiela argitaletxearen eskutik, “9 egun Iruñeko kartzelan, intsumitu preso” izenburupean. Hementxe pasarte bat:
“...Garai bateko filmetako kartzela. Berdin berdina. Burdin-hesi erraldoia. Zolutik sapaiera. Goikaldean: ‘Prisión de Pamplona, Adultos, Jóvenes’. Hiru zatitan banatzen da hor ‘etxebizitza’. Eskuinaldera gazteen modulua eta aitzinaldera eta ezkerraldera helduen galeriak. Hiruren erdian, ‘el centro’, funtzionarien lehiarrezko kontrol-kaiola. Helduen moduluan sartu eta 243 ziegara joateko agindu didate. ‘Non da hori?’, ‘Ahí arriba’. Erabat galduta, burni hesia eta lehiar lodiko bertze ate bat pasa ditut. Galerian nago. 60 bat preso niri so. Ez diet intsumitu itxura antzeman eta inork ez dit hitzik ere erran. Galerian aitzina egin dut eta handik inora ez nindoala konturatu naiz. Halako batean, preso batek ‘pero, ¿tú eres preso?’, galdetu dit. Itxurarik ez ote nuen erantzun eta ziegetara nola joan adierazi dit. Ziztu bizian atera da handik..”.
1995eko otsailaren 1ean:
“Hogeitabi egunen buruan plantea eginen dugu bederatzi intsumituk. Hitz hauek irakurriak direnerako barruan izanen gara [...] . Beldur naiz. Beldur baina ziur”.