Duela 50 urte amestu zuten sindikatua... Egia bihurtua

Erreportajea Argazkiak: Eider Iturriaga
Duela 50 urte amestu zuten sindikatua... Egia bihurtua
ELAk bere azken 50 urteetako historia ospatu zuen Eibarko Koliseoan, joan den uztailaren 3an. 1976an, frankismoaren amaieraren atarian, sindikatuak bere 3. kongresua egin zuen, bi saiotan: abuztuan, Eubako (Zornotza) San Gabriel eskola zaharrean, eta urrian, Eibarko Astelena frontoian. ELAk, orduan, bere printzipio berriak onartu zituen. Horrela, II. Errepublikatik zetorren bideari heldu zion berriro, diktadurak eten ondoren.

1976ko adierazpen hura sindikatuaren sorrera-aktaren eta 1911ko lehen estatutuen berrikuspena izan zen, eta ELAk gaur egun arte definitzen dituen funtsezko ezaugarriak ezarri zituen: sindikatu abertzalea, sozialista eta independentea, afiliazioaren bidez finantzatua. Gogoratu behar da iaz, 16. kongresuan, ELAk bere printzipioak eguneratu zituela, 50. urteurrenari begira.

Hori dela eta, aurtengo uztailaren 3an ELAk ekitaldi berezia antolatu zuen Eibarren, eta 500 lagun inguru bertaratu ziren, ‘Oinarri sendoak etorkizunerako: 50 urteko eraldaketa eta borroka’ lelopean. Horretarako, 1976ko irudi historikoa berreskuratu zen (kongresu hartako irudia eta logotipoak Jose Luis Zumetak eta Joxean Artzek diseinatu zituzten), baina gaur egungo ikur eta koloreetara egokituta.

Ekitaldian azpimarratu zen ELAk bilakaera egin duela, betiere mundua aldatzeko helburuari eutsiz. Sindikatua ere aldatu da, gaur egun, 50.000 emakume baino gehiago daude afiliatuta, eta migratzaileen artean ere gero eta presentzia handiagoa du. ELA aspalditik dago sendotuta lehen sindikatu gisa, %36ko ordezkaritzarekin EAEn eta Nafarroan. Hego Euskal Herriko eskualde guztietan presentzia homogeneoa duen euskal erakunde bakarra ere bada.

Ekitaldia hunkigarria izan zen. Omenaldia egin zitzaien 1977tik gaur egunera arte afiliatuta jarraitzen duten pertsonei (94 lagun bertaratu ziren). Azken 50 urteetako historia ere errepasatu zen dokumental baten bidez (hemen dago ikusgai: https://labur. eus/ELAdokumentala), eta Mitxel Lakuntza, Amaia Muñoa eta Leire Txakartegik hitza hartu zuten.

Ekitaldia hamaiketako batekin amaitu zen, non militantziaren belaunaldi ezberdinak nahastu ziren, giro ezin hobean. Betiko geratuko da 1977tik gaur egunera arte afiliatuta jarraitu dutenen talde argazkia.

En Eibar se homenajeó a las personas que han sido afiliadas desde 1977 hasta hoy. Acudieron 94

“50 urte geroago, ELA zutik dago, indartsuago eta ilusio handiagoz” 

“Zorioneko gaude -nabarmendu zuen Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, omenduei zuzenduz-. Zuei esker, asko dugu ospatzeko, duela mende erdi Euban eta Eibarren amestu zenuten sindikatua egia bihurtu baita. Euskal Herriaren historia eta errealitatea ezin dira ulertu ELA gabe”.

Ildo horretan, azpimarratu zuen “50 urte geroago, ELA zutik dagoela, indartsuago eta ilusio handiagoz, herri honetako langile klasea antolatzen jarraitzeko”.

“Asmatu zenuten sindikatua euskal langileen bizitza hobetzeko tresnarik egokiena zela ulertu zenutenean -jarraitu zuen Lakuntzak-; asmatu zenuten independentzia politiko eta ekonomiko erradikalaren aldeko apustua egin zenutenean; eta asmatu zenuten antolakunde indartsu eta kohesionatu baten garrantzia lehenetsi zenutenean”. Ildo horretan, “indartsua izan nahi duen erakunde batek bere iragana aitortu, oraina ahalik eta ondoen kudeatu eta etorkizuna prestatu behar duela” ondorioztatu zuen.

Horregatik guztiagatik, etorkizunari begira, Lakuntzak azpimarratu zuen “ELAk zapalkuntza ezberdinak jasaten dituzten pertsona guztien sindikatua” izan behar duela, “lan eskubideen aldeko borroka, borroka feminista, arrazismoaren aurkako borroka eta abar” uztartuz. Era berean, independentziarantz eta Euskal Herri euskaldunerantz aurrera egin behar duela nabarmendu zuen. ELAren ustez, “borroka horiek guztiek borroka bakarra izan behar dute”. Laburbilduz, “50 urte hauetan aldatu egin gara, 1976ko kongresuan oinarri sendoak ezarri genituelako, eta aldatu gara garai hartako asmoak egia bihurtzeko”.

ELA, sindikatu feminista izateko hautua

Amaia Muñoari, ELAko idazkari nagusiaren albokoari, egokitu zitzaion ELAk azken bi hamarkadetan izan dituen aldaketez hitz egitea, eta bost erabaki nabarmendu zituen.

Lehenik, “ELA sindikatu feminista izateko hautua” aipatu zuen. “Oraindik bidea egiteko dugu. Gure egiteko moduak, zaintzak gurean izan behar duen tokia, lidergo eredu ezberdinak” eta beste hainbat adibide jarri zituen.

Bigarrenik, “ELAk bere bokazio nazionala gauzatzeko erabakia: Iparralderako proiektua” nabarmendu zuen. Han deitzen duten‘ekosistema’ garatzen lagundu du Manu Robles-Arangiz fundazioak azken 20 urteetan”.

Muñoak justizia klimatikoaren aldeko borroka ere aipatu zuen: “2022tik barne prozesua abian jarri dugu, helburu batekin: ekintza sindikala Trantsizio Ekosozial Justurantz orientatzea”.

“Euskal Herria euskaldunaren aldeko borroka” izan zen Muñoak aipatutako beste erabaki tinkoetako bat. “Gure organo gehienetan euskara da gure komunikazio-hizkuntza”, baina aurrerapausoak eman behar direla nabarmendu zuen “administrazioetan eta enpresetan”, euskaraz lan egitea ahalbidetzeko.

Azkenik, Muñoak “Euskal Errepublikaren aldarria” azpimarratu zuen: “ELAk euskal estatu baten aldeko hautua egin du, nazio eta klase emantzipaziorako xede gisa”.

El sindicato ha cambiado. Entre otras cosas, hoy hay más 50.000 mujeres afiliadas

“Katea ez dadila eten”

Bestalde, Leire Txakartegik, ELAko Antolakuntza arduradunak, 1976an hartutako erabakien balioa aitortu zuen: “Sindikatu indartsu bat jaso dugu, eta gaur egun Euskal Herriko sindikatu 

nagusia gara: egitura handi batekin, baliabide askorekin, kaudimena duen erresistentzia kutxarekin, kalitatezko zerbitzu juridikoekin... Hori naturaltasunez bizi dugu, baina horren atzean lan handia eta ahalegin militante handia egon da. Horren oinordekoak gara gu”.

“1976ko kongresu haietan ezarri ziren zutabe sendoak mantentzen, zaintzen eta indarberritzen saiatu gara -gaineratu zuen Txakartegik-, jakin badakigulako horiek gabe ELA ez litzatekeela gaur egun den sindikatua izango. Hemen gaudenok badakigu zertaz ari garen: klase sindikatu abertzalea izatea, printzipioetan sozialista bezala definitu zena; erabateko autonomia politikoa izatea; proiektu militantea izatea, egitura indartsu batekin; izaera konfederala eta bakarra izatea; antolakuntzaren garrantzia eta konfrontaziorako gaitasuna eraikitzea, lan munduan eta gizarte ereduan eragiteko, langileen eskubideen alde”.

Eta gaur egun ELA sindikatu handia bada, badago arrazoi zuzen bat horretarako: “Hauteskunde sindikalen garrantzia. Badakigu lehen sindikatua izateak ematen digun zilegitasuna – gogoratu zuen-. Etengabeko erronka dugu hori, batez ere epealdi trinko bakoitzean kolektiboki bizi duguna, udazken honetan biziko dugun bezala”.

“Baina zuengandik ikasi duguna ez da bakarrik eredu bat -jarraitu zuen-. Idatzita ez dauden gauza asko ere jaso ditugu, idatzita ez dagoenak kultura osatzen baitu: proiektuarekiko konpromiso pertsonala eta kolektiboa; talde-lanaren garrantzia, elkar zaintzea eta laguntzea; organizazioa zaindu eta babestearen ardura kolektiboa, etorkizuneko belaunaldiei jaso dugun tresna osasuntsua transmititzearena…”. Eta horren guztiaren gainetik, “ELAkoa izatearen harrotasuna eta poza; katea ez dadila eten”.

 

Kontsultak