Moha, bereber eta sindikalista
Mohamed Arrachedi ez da arabiarra, amazigha (bereberra) baizik. Marokon jaio zen duela 56 urte Alhucemas hirian. Espainiarrek Villa Sanjurjo izena jarri zioten (Primo de Riveraren eta Francoren diktadurek iraun zuten garaian), baina Marokok independentzia lortu zuenean, 1956an, Alhucemas izena berreskuratu zuen. Amazigh asko bizi dira han, eta Marokoko monarkiaren aurkako borrokaren gune nagusia izan da urte luzez. Mohak azaltzen duen bezala, “kolonizatzaile ezberdinak pairatu ditugu: lehen espainiarrak eta frantsesak, eta orain arabiarrak. Gure kultura, hizkuntza eta bizimodua ez dituzte errespetatzen”. Joseba Sarrionandiak Moroak gara behelaino artean? saiakeran maisuki azaltzen du herri honen historia.
Moha Ingeles Filologian lizentziaduna da, eta, gero, Bruselan Hizkuntzen Interpretazioko masterra egin zuen. Arabiera-frantsesa-ingelesa hizkuntza konbinazioko interprete titulua ere badu. 1999an Euskal Herrira etorri zen lan bila, eta hasieran lana Gipuzkoan aurkitu zuen (Irunen bizi zen). Itzultzaile moduan aritzen zen, eta 2011n ELAren egituran sartu zen, zuzenean Garraio sektorean, ITFren ordezkaritza eramateko.
Azken urteotan, itsasoaren inguruko ezagutza zabala bildu du Mohak, eta oso modu didaktikoan partekatzen du. Gainerakoon ezjakintasuna agerian geratzen da, ezinbestean.
Zoritxarrez, azken hilabeteotan handitu da Moharen ospea, Ormuzko itsasartearen egoera salatzen aritu baita. Nazioarteko komunikabide askok deitu diote hango egoeraren berri izateko. Bere agenda elkarrizketaz beteta dago, baina ALDArako lehentasunezko lekua egin du, sindikalgintzan duen eginkizun oparoa ezagutarazteko.
Ozeanikoa, ia-ia