Euskalerria Irratia, zein handia z(g)aren!

Euskalerria Irratia, zein handia z(g)aren!
Euskalerria Irratia Iruñerriko hedabide profesional, independente eta komunitarioa da. Eta hori dena euskaraz. Urriaren 1ean, bere egoitza berria inauguratu zuen Iruñeko kale Nagusian. Ehunaka euskaltzale bildu ziren, baina ez bakarrik orain arte egindakoa ospatzeko, baizik eta etorkizunean egingo dena babesteko.

“Iruñerrian, askotan, inguruari begiratzean, pentsa dezakegu euskaldunok gutxi garela, hain sakabanaturik egonda; Euskalerria Irratiak lortu egin du asko garela konturatzea”. Juan Kruz Lakastak eta Miren Mindegiak horrela laburbiltzen dute ‘Handia dator’ apostu berriaren oinarria. Pasa den urriaren 1ean, Euskalerria Irratiak urrats historikoa eman zuen egoitza aldatzearekin batera: Iruñeko Donibane auzoko Irrintzi Dorretik, Alde Zaharreko Kale Nagusira doan bidean 38 urte daude, baina ez hori bakarrik, baizik eta aurrera begiratzeko kemen berria: handira jotzeko unea da.

“Euskalerria Irratia Iruñerriko euskal komunitatearen irratia da”, gogoratu du Miren Mindegiak. “Bi norabideko fenomenoa da: komunitateak irratia sortu eta babesten du, eta aldi berean, irratiak komunitate hori elikatzen du eta forma ematen dio. Euskaldunok badaukagu non elkartu, zer entzun, nor garen azaltzeko tresna”. Juan Kruz Lakastak gogora ekarri du nondik datorren irratiaren indarra: “Urte luzez, UPNk jarritako oztopoek erresilientzia eta erresistentzia sortu zituzten guregan, eta euskaldunon komunitatea indartu zen, paradoxikoa dirudien arren; bestela, ezin da ulertu 1.000 bazkideren engaiamendua edo 200 kolaboratzaileren zerrenda. Oso konpromiso sakonak daude hor”.

 

El ager vasconum tendrá su espacio en Euskalerria Irratiacon una red de corresponsales en la Ribera, Tierra Estella, el Prepirineo…

Euskalerria Irratia hedabide profesional, independente eta komunitariotzat du bere burua. “Pertenentzi sentimendua lantzen dugu etengabe, eta bistan da, adibidez, kolaboratzaileen urteroko afarian, Katakraken egiten dena”, azpimarratu du Lakastak. “Jende anitza, adin, klase eta interesa askotarikoa da”, gehitu du Mindegiak. “Gainera, komunitatea berritzen eta zabaltzen doa, jende gaztea sartzen da modu naturalean, orain podcasten bitartez, adibidez”. Irratia harrobia ere izan da: hemen hasi ziren Gorka Urbizu, Chill Mafia, Hedoi Etxarte, Jon Celestino… “Eta politikariak bihurtu aurretik, Uxue Barkos, Joseba Asiron edota Laura Perez kolaboratzaileak izan ziren”.

Hala ere, euskaldun guztion elkargunea izatea ez dago betirako bermatuta. “Euskal komunitate osoa identifikatu behar da irratiarekin -dio Mindegiak-; euren ahotsa gara, ahots hori guztiak jasotzen ditugun heinean. Eta musikariak, politikariak edo ezagunak diren pertsonetaz gain, Estafetako botikaria edo langile anonimo baten ahotsa irratian entzuten bada, komunitate izate hori indartzen da”. Lakastak gertutasunaren garrantzia ere azpimarratu du: “Gizartearen eragile hurbilek eta tokian tokiko gauzatxoek gurean daukate lekua. Gure erreferentzi guztiak hemengoak dira, ez Espainiako telebistan agertzen diren gaiak, edo modako abestiak”.

Euskalerria Irratia apuesta por un futuro euskaldun, como medio de comunicación profesional, independiente y comunitario

Eta zertan gauzatzen da hori guztia? Programazioan, ezinbestean: goizeko albistegiak eta buletinak; Metropoli Forala magazin sozial eta politikoa (goizeko 10etatik 12etara); arratsaldeko magazina (kultur arloan, batez ere); kirolak (astelehenetan)… Eta lau podcastak: Beratzen (kultura-Sarai Robles), Flop Kultura (Albina Stardust), Kontu Zaharrak (historia) eta Espaloian koska (musika-Martin Ziritza ‘Tatxers’).

Hori guztia eta askoz gehiago da Euskalerria Irratiaren garai berriak ekarriko duena, berrikuntza teknologikoaren bitartez. “Bideopodcastak egiteko aukera handituko da, eta Euskal Herri osorako eskaintza izango da”, zehaztu du Lakastak. “Punta-puntako azpiegitura lortu dugu, eta irratiaren aukerak biderkatuko dira: 6 kamara digitala, LED pantaila erraldoia, soinu berria… Beste mailan gaude orain, eta garrantzitsuena: egoitza irekia egongo da, euskaldun guztion eskura”. Euskalerria Irratiak zentro kultural eta soziala izateko hautua egin du. “Dena ez da gure iniziatiba zertan izan beharko…”. 40 lagunentzako tokia dago estudio berrian, kultur zikloak eta aurkezpenak egiteko aukera zabalduko da, besteak beste.

Ez bakarrik hori, irratiaren eremu geografikoa ere handitu da: “Ager’ deitzen dugun eremua (Tafalla, Tutera, Lizarra, Zangotza, Agoitz) lehentasuna izango da. Berriemaile profesionalek lan egingo dute euskara oso presentzi sozial urrian dagoen tokietan. Euskarazko komunikabiderik gabeko eskualdeak dira, baina Euskalerria Irratia han egongo da, euren ahotsa bihurtuz”, azaldu du Lakastak.

Nafarroako ‘ager vasconum’eko eskualdeak bere lekua izango dute irratian, baina zabalkunde hori beste mugimendu zentripeto batekin konbinatuko da. Euskalerria Irratia Iruñeko erdigunera mugitu da, Kale Nagusira hain justu, euskaldunon presentzia are ageriagoa eginez. “Tendentzia hau ez da berria: kale hauetan gaude Laba, Karrikiri, Zaldiko Maldiko, Matalaz, Berria egunkaria...Hiri baten nortasuna aldatzen ari gara, euskaldunon saretze honen bitartez, eta elkarri elikatzen diogu”, azpimarratu du Lakastak.

Nafarroan, euskaldunon egoera ez da inoiz erraza izan, orain ere ez, baina etorkizuna ezberdina eta hobea delakoan, Euskalerria Irratiak handirako apostua egin du, eta horren froga erakutsi zuen urriaren 1eko inaugurazio ekitaldian: ‘Handia dator!’ izenburupean, Gorka Urbizu, Broken Brothers, Tatxers eta Hiuzz (azken hiru hauek Egun Motela kolektibo gisa), zein beste artistak (Goxua’n Salsa, bertsolariak, bideo-mapping) hurbildu ziren Kale Nagusira proiektua kolaboratzeko, dohain eta gogoz, bere onena emanez. Nafarroako gizarte osoko ordezkaritza zabala bildu zen, gau ahaztezinean parte hartzeko: zein handia z(g)aren, Euskalerria Irratia!

 

Kontsultak