Harrera Elkartea: etxeratzea helburu
Harrera Elkarteak burutzen duen lan asistentzialaren hartzaileak motibazio politikoengatik zigorra bete edo betetzen ari diren pertsonak dira. Beste motatako presoekin alderatuta, preso hauen ibilbide penitentziarioa beste baldintza batzuetan garatu da. Urteetan, baldintza berezietan bizi izan dute espetxealdia. Neurri berezi horien artean dispertsioa eta urrunketa, zigor osoa lehen gradu penitentziarioan eta isolamendua modu sistematikoan pairatu izana, edo gaixotasun larri edota sendaezinak dituztenen askatasuna berreskuratzeko zailtasunak ditugu.
Askok espetxe zigorra osorik bete dute espetxe barruan, eta horrek suposatu du hamarkadak egon direla bertatik atera gabe. Neurri guzti hauek arazo fisiko, psikologiko, sozial eta ekonomikoak sortu dituzte eta ondorioz, pertsona hauek berariazko akonpainamendua behar dute.Harrera Elkartearen bazkideek eta aldian aldiko laguntzaileek egindako ekarpenak dira hein handi batean Harrera Elkartearen aurrekontuaren oinarria.
Errealitate berria
Euskal gizartearen gehiengoak eskatzen zuen dispertsioaren amaierarekin, preso dauden pertsona hauen egoera aldatu da modu progresibo batean. Iraganean, presoak lehen graduan egotetik, bat-batean kalera pasatzen ziren. Egun egoera hori aldatu da. Presoen kaleratzea askoz progresiboagoa da, gradu aldaketa eta erdi askatasun egoeretatik igaroz, guztizko askatasuna lortu aurretik. Trantsizio egoera guzti horietan jada esku hartzen du Harrerak.
Horrekin batera, azken urteetan euren zigorrak bete izanagatik kalera irteten ari diren preso kopurua asko handitu da, 2018an zeuden 300 presoetatik egungo 109ra pasatuz. Hauetatik erdia inguru erdi askatasun egoera batean daude. Guzti horrek, Harrera Elkartearen erronkak biderkatzera ekarri du. Errealitate berri honek Harrera Elkartea egoera berriak kudeatzera eraman du: espetxetik atera eta itzultzeko garraioa, bazkaldu edo atseden hartzeko lekuak, arreta mediku edo psikologikoa edo beste mota batzuetako laguntza asistentziala. Urte guzti hauetan ehunka pertsona lagundu ditugu eta honek gastu handia suposatu du asistentzia mota askotan.
Azken garaietan hamaika pertsonek lortu dituzte mota desberdinetako erdi-askatasunak (3.gradua, 2. graduaren 100.2 artikulua...) eta pertsona hauek ere beharrezkoa dute asistentzia eta laguntza ekonomikoa. Badira ere jubilazio adinera heltzen direnak eta pentsio duin bat ez dutenak, kotizazio nahikorik ez dutelako horretarako.
Eusko Jaurlaritza aplikatzen ari den Espetxe Politika dela eta, gero eta gehiago dira askatasuna berreskuratu edota Espetxe Araudiak aurreikusten dituen progresioetara iristen direnak. Hori dela eta, Harrera Elkartearen lan eremua gero eta zabalagoa da eta beharrak handiagoak dira. Pertsona hauek bizi baldintza duinak izan ditzaten, egoera ezberdinen aurrean topatzen gara. Batzuek laguntza puntualen beharra soilik izan dezakete, bakoitzaren egoera pertsonala dela eta, beste batzuei eman beharreko laguntza, bizi osorako izango da hala beharrez.
Lan ildoak
Aurreko urteko jardunaren ildotik, 117 pertsonei gizartean euren lekua berreskuratzen laguntzera bideratu da Harrera Elkartearen jarduera 2024 urtean ere. Laguntza lerroak aztertuta, gehienak ekonomikoak izan ziren, baina bestelakoak ere egon ziren. Esaterako, psikologikoa, haginlariak, optikoak edo etxebizitzari lotutakoak, besteak beste. Horietako bakoitzarekin harremanetan jarri eta neurriko trajea prestatu zaie. Lehen hartu-eman horretan, euren egoerari buruzko informazioa bildu eta beharren araberako etxeratze plana prestatzen zaie, besteak beste ondorengo atalei erreparatuz:
Dokumentazioa eguneratu.
Errolda kudeatu.
Egoera pertsonala: bikotekiderik duen, seme-alabarik duen, seme-alabez edo beste ahaideren batez arduratu behar duen e.a.
Bizilekurik duen (bere etxea edo bikotekidearena den, senideren batena, ezagunen batena, alokairuan...). Etxe horretan zenbat denboraz gelditu ahal izango den.
Gaixotasun eta osasun-tratamendurik behar ote duen. Harrera Elkarteak, bere gain hartzen ditu gastu horiek.
Egoera ekonomikoaren harira. Lana bilatzen duen bitartean, gastuei aurre egiteko ondasunik duen aztertzen da. Administrazio publikoetan eska ditzaketen laguntzen berri eman, eta horiek eskatzeko argibideak eskaintzen dizkiogu.
Bestalde, laguntza publikorik jaso ezean, Elkarteak oinarrizko gastuei aurre egiteko laguntza ematen die.
Laneratzea gauzatzen laguntzen zaie.
Gidabaimenik duen eta eguneratuta dagoen. Gidabaimenik ez badu edo eguneratu gabe badago, gidabaimena eskuratu edo berritzeko aukera eskaintzen da. Elkarteak bere gain hartzen ditu autoeskolaren eta gidabaimena berritzeko tasen gastuak.
Banketxean kontu korrontea irekitzen laguntzen zaie.
Aurrekontua
2024 urtean Harrera Elkarteak emandako laguntzea 338.711 euro izan ziren. Kopururik handiena, 263.412 euro hileko laguntzetara bideratu zen, baina bestelako laguntzak ere egon ziren: psikologoak (23.109 euro), haginlariak (19.811 euro), Donostiako pisu asistentziala (5.600 euro) edo bestelako laguntza puntualak (7.597 euro).
Guzti honetan, azpimarratu behar da Harrera Elkarteak banan banako laguntza pertsonalizatua eskaintzetik harago, gradu aldaketaren ondorioz eguna eta batzuen kasuan zenbait gau ere, espetxetik kanpo pasatzen dituzten eta oraindik preso diren pertsonei eskaintzen dien azpiegitura. Kasu hauetan, Harrera Elkarteak etxebizitza du Donostian, egunero kalea zapaltzen aritu arren oraindik espetxean dauden pertsona horien beharrei erantzuteko.
5.000 baietz kanpaina
Egoera guzti honek ezinbestean bitarteko ekonomikoak eskatzen ditu. Espetxeak husten diren neurrian beharrak handitzen ari direlako. Horregatik 5000 Baietz kanpaina sustatu da, Harrera 5.000 bazkidetara iritsi dadin. 60 eurotik aurrera, norberak nahi eta ahal duen neurrian lagunduz eta gainera, errenta aitorpenean kenkaria izango du.