Herminio Bolaextra, TMEO eta askoz gehiago

Mauro Entrialgo baldin baduzu izena, ez zaituzte inorekin nahastuko: Herminio Bolaextraren (El Caos egunkarian lan egiten duen kazetari zitala) aita artistikoa zara, baita TMEOren sortzailea eta beste hainbat gauza ere (komikilaria, musikaria, antzerkigilea...). Baita ere, Malismo, la ostentación del mal como propaganda liburuaren egilea. Gasteiztarraren hausnarketa (1987tik Madrilen bizi da), oso sakona eta zabala da, aldi berean, eta bere eremura (umore kaustikoa, ironikoa eta adimentsua) eraman du: “Gaiztoa izatea modan dago”.
Liburua irakurtzerakoan, ‘malismoaren’ fenomenoaren larritasuna agerian geratzen da. Dokumentazio lan izugarria egin du Entrialgok, baina datu eta adibideak dosifikatzen ditu irakurlea ez nekatzeko. Bere iruzkin korrosiboek gainerako lana egiten dute: irakurlearen arreta erakartzea eta irribarre mingotsa gure ezpainetan marraztea. Liburuaren atal batzuen izenburuak begiratzean, lan honen dimentsioaren kontzientzia hartzen dugu: Zure krimenen Telegram kanala; Produktuak nola saldu bezeroak iraintzen; Lagunen arteko ‘malismoa’; Bakarrik ezin duzu, konplizeekin bai; ‘Que te vote Txapote-tik Me gusta la fruta-ra’; Gaizkile honek ordezkatzen nau…
Bereziki landuta dago komunikazio politikoaren arloa, eta ‘buenismo’aren gainbehera, gorroto-mezuen mesedetan. Nola ez, Isabel Díaz Ayuso eta bere aholkulariak protagonistak dira, baina fenomenoa ez da hain berria. Mauro Entrialgok historian sakondu du, ‘malismoaren’ jatorriak eta sustraiak non dauden ezagutzera emateko. Esan dezakegu Mauro Entrialgo zientifikoa ere badela, lehen ez genekien gauza asko irakatsi dizkigulako. Komikilari zientifikoa, hain zuzen, ‘malismoaren’ kontura barre egiteko aukera eman digun intelektual umoregilea.