Izan gizona, eta gehitu emakumeen iraultzari
Beste gizonezko askori bezala, maskulinitatea aspaldidanik zait arazo, kezkabide, gatazka iturri. Maskulinitate hegemonikoa dei dezakegun hori: hitz egiten dut apalki, ez zait inporta apartatzea beste bat pasa dadin, diruarekiko ezaxola da erabatekoa, autoak leku batetik bestera aldatzeko baino ez zaizkit interesatzen. Eta pasa izan naiz burlaize, bizkarrean kolpetxo, futbol taldeetako aldageletatik. Noski, zakilduna naiz, gizon gisa naiz irakurria. Eta irakurketa horren ondorio diren pribilegioak dauzkat, etekina ateratzen diet –gogoz kontrara, ez gutxitan–. Baina horrek ez dit eragotzi gizon izatea zer den galdetzen hastea, gizontasuna osatzen duten zera sozial eta kulturalak identifikatzea, problema gisa ikustea, birplanteatzen saiatzea, maskulinitate osasuntsuago bat bilatzen jarraitzea. Eta neroni zertan naizen gizon deskubritzen ahalegintzea. Zer esan nahi du gizon izateak? Nondik atera dira gizon bat nolakoa izan behar den ezartzen duten ezaugarriak? Metro bat eta laurogei neurtzen dut, laurogei kiloak ez ditut urruti, bizarra ateratzen zait, zintzilikarioak ditut –gero eta zintzilikarioago direnak, adinaren gauzak–.
Gizonezkoei egozten zaizkien ezaugarri fisikoak oro – nahiz eta emakumezkoenak ere izan daitezkeen, eta viceversa–. Ezaugarri moralak ere, halatsu: zalantzaka nabil, ez dut ezer, ez inor jabetzeko batere grinarik, ez dut nire iritzia inposatu nahi. Bertikalki, gorantz, tente, zutik egon baino, nahiago horizontalean, gainean egon baino, azpian, edo, hobe, parez pare. Behera begiratzen dut, okertuta nago, ez dut jarrera bereziki martzialik. Esateko gauza handirik ere ez dut izaten maiz. Nahiago dut Periklesek emakumeei egozten zien ezaugarri hura: anonimotasuna, zeresanik ez ematea –hark negatiboan aurkeztu arren, oso positibotzat daukat nik–. Eta mundu honetan gutxien jasan dezakedan gauzetako bat da menderakuntza, gizonezko batek emakumezko bat, gizonezko batek beste gizonezko bat, oro har pertsona batek beste pertsona bat azpiratzea, gutxiestea, mesprezatzea. Laburbilduz, heriotzarako batere pultsiorik ez daukadala, gizonezko askok erakusten duten moduan, eta, aldiz, bizitza bera maite dudala, emakume ez gutxik egiten duten bezala.
Prefiero aquel rasgo que Pericles atribuía a las mujeres: el anonimato, el no dar que hablar – aunque él lo presente en negativo, yo lo considero muy positivo –
Maskulinitatea ez da bat eta bakarra; maskulinitateak dira ugari (gizonezkoak bezain?). Baina bada maskulinitate hegemoniko bat, beste maskulinitate guztiak, are atseginagoak direnak ere, azpiratzen dituena. Maskulinitate hegemoniko hori emakumezkoen menpekotasunean oinarritzen da, eta gizonezkoek onurak lortzen dituzte menpekotasun horretatik. Jakina, maskulinitate hegemonikoarekin deseroso sentitu arren, ez dut neure burua biktimatzat, ezta hurrik eman ere. Izatekotan, kontrakoa, biktima eragile, maskulinitate hegemoniko deitu hori nire ez eginda ere.
Nahiago dut pentsatu gizonezko gisa kaltea sortzen dudala, eta zer egin dezakedan kalte hori ez sortzeko. Alegia, maskulinitatea borroka gune ere bilaka daitekeela. Horregatik idatzi dut liburu bat, Izan gizona, horrela, inperatiboki, eta ez adibidez Gizona izan, ez baita hainbeste gizon izateari buruzkoa, ezpada gizon izateko modu baten inposizioari buruzkoa, hau da, «izan zaitez gizon modu jakin batean». Simone de Beauvoirrek esan bazuen emakumeak ez direla emakume jaiotzen, emakume bilakatzen direla, uste dut gauza bera esan daitekeela gizonez, hau da, ez garela gizon jaiotzen, gizon bilakatzen garela. Eta, jaiotzatik genero maskulinoarekin identifikatzen gaituztelako, ez gaudela jaiotzatik determinatuta, geneetan, garen bezalakoak izatera. Generoa produktu bat da, bizi garen gizarteak, nagusi den kulturak seriean ekoizten duena. Eta gizon izateko modu inposatu horretan ez gara kabitzen asko eta asko.
Los hombres no son enemigos, aunque a veces cuesta creerlo. De existir, los enemigos son hombres patriarcales, que, no lo niego, tal vez hoy son la mayoría.
Historia guztiko iraultza guztietan parte hartu dugu gizonezkook. Are gehiago, Historia guztiko iraultza guztietan izan gara protagonista. Guztietan, gure garaiko iraultzarik inportanteenean izan ezik: feminismoan. Eta protagonista izatea gehiegi izango da, baina parte hartu, behintzat, egin beharko genuke, are gehiago opresioaren eragile garen neurrian. Eta, aldiz, axolagabe agertzen dira gizonezko gehienak feminismoaren aurrean, haiekin ez balihoa bezala. Noski, daude ageriko misoginoak, emakumeak gorrotatzen dituztenak, ozenki adierazten dutenak feminismoa gizonekin akabatzeko konspirazio bat dela.
Baina gizon gehienak ez dira horrelakoak, eta, hala ere, agertzen dira indiferente. Gizonak ez dira etsaiak, sinestea batzuetan kosta egiten den arren. Izatekotan, gizon patriarkatu-zaleak dira etsaiak, zeinak, ez dut ukatuko, agian gaur egunean oraindik gizon gehienak diren. Gizonak ez, beraz, gizonezko patriarkatu-zaleak izatekotan, eta ez hainbeste gizon izateagatik, baizik eta patriarkatu-zale (eta, beraz, emakume patriarkatu-zaleak ere etsaiak lirateke). Eta etsaiak hitz gogorregia bada, esan dezagun aldatu beharreko jendea, konbentzitu beharrekoa, beste kausa batera erakarri beharrekoa. Gizonek feminismoa besarkatzeko unea iritsi da, gizontasun feminista bat pentsatzeko unea. Parekidetasuna lortuko bada, are gehiago desio nukeen egoera ez bereziki binario bat. Elkarrekin bizitzen ikastea baita kontua.
