Independentzia, arazo guztien konponbidea?

Elkarrizketa Iván Giménez

Gizarte-arkeologia pixka bat eginez... Nondik dator Katalunian 2008tik aurrerako independentismoaren gorakada azkarra?

Procés-a bultzatu zuena ez zen ezker independentistaren tradizioa izan, lehendik bazegoen herri mugimendua baizik; krisi ekonomikoaren testuinguruan, une jakin batean piztu zena. Batzuetan, gertaerak ustekabean kateatzen dira, txinparta batek hurrengoa eragiten du eta, ohartu orduko, espiral zorabiagarri batean murgilduta aurkitzen dugu geure burua. Gauza ugari egiten dira, baina sarritan ez da behar adina denborarik izaten hausnarketarako.

Noizbait ulertu al zen independentzia krisi ekonomikoari irtenbidea emango zion tresna gisa, egoera erosoago baterako ihesbide gisa?

Independentzia arazo guztiak konponduko dituen ia mirakuluzko totem gisa ulertzea beti da arriskutsua. Hala ere, prozesuaren arrakastaren giltzarrietako bat izan zen diskurtso independentista gehiengoen diskurtso bihurtzea. Nolabait esateko, karga nazionalista txikiagoko independentismoaren diskurtsoa. Hein handi batean, hori izan zen 2012 eta 2017 artean garatu zena, katalanismoaren ezkerreranzko bilakaera, subiranismoa justizia sozialaren aldarrikapenarekin uztartu zenean.

Azken batean, orduan bezala gaur ere, gehiengo sozial eta demografikoa egituratu nahi bada, ezinbestekoa da aniztasun politikoa izatea.

Zer desberdintasun ikusten dituzu Euskal Herriko mugimendu subiranistarekin?

 

Zaila egiten zait kanpotik aztertzea, eta ziurrenik elementu asko falta zaizkit iritzi sendo bat osatzeko. Hala ere, hemen badira benetan inbidiagarriak diren zenbait ezaugarri, hala nola antolaketa-egitura sendoak, arlo politikoan eta, batez ere, sindikalgintzan. Azken hori gero eta gehiago baloratu dut urteekin.

Kataluniako sare politikoak oso biziak dira, baina aldi berean laxoagoak eta informalagoak ere bai. Horrek aukera ematen du, une jakin batean detonatzaile bat agertzen denean, 2017aren aurreko urteetan gertatu zen bezala, oso epe laburrean izugarri hazteko. Baina, era berean, askoz ahulagoak dira garai zailei aurre egiteko, ondorengo urteek erakutsi dutenez.

Euskal Herriko mugimendu politikoak erresilienteagoak dira garai txarrak heltzen direnean. Zehazki, meritu handia izan du indarkeria politikoaren aroa gainditzeak; bere denbora behar izan du, eta pazientzia izan behar da horren ondorioekin.

Hainbesteko garrantzia du Katalunian subiranotasunaren aldeko sindikatu nagusirik ez egoteak?

Dudarik gabe. Trantsizio garaian, CCOOk eginkizun katalanista oso garrantzitsua bete zuen, ‘Un sol poble’ lelopean ezagutu zen prozesuan. Antzeko zerbait egokitu zitzaion PSUCi ere, etorkinak Kataluniako gizartean integratzeko ahaleginean, kontzientzia politiko propioa sustatuz.

Hala ere, denbora gutxira agerian geratu ziren bi erakunde horien mugak. Azkenean, estatu mailako egituraren ondorioz, Madrilen erabaki eta lehentasunei men egitea lehenetsi zuten. Bidea moztu zen, eta beste batzuk sortzea oso zaila izaten ari da.

Kontsultak