Ofizioa, afizioa eta militantzia

Quinndy Akeju (erizaina, ikerlaria, dantzaria, geopolitikan aditua eta beste hamaika gauza)

Quinndy Akeju erizaina eta ikerlaria da ofizioz. Langile klase izaera oso barneratuta du. Zerbitzu publikoen garrantziaz mintzo da, horiek indartzearen eta pribatizazioari ateak ixtearen beharraz. Sektoreak bizi duen prekaritatea ere salatzen du. “Kontratu laburrak noa etengabe kateatzen. Osakidetzan lortu dudan kontraturik luzeena hiru hilabeteetakoa izan da”. Ikerlaria ere bada, eta begi bistakoa da arlo honetan duen ikuspuntu feminista eta antiarrazista. Erditzeen inguruan ari da ikertzen, gurean erditze prozesuak ez dituelako sarri askotan emakumeak erdigunean jartzen, are eta gutxiago emakume beltzak.

Afizioz Akeju dantzaria da. Afizioa ofizio bihurtu nahiko luke, baina gaur gaurkoz ezinezkoa dela aitortzen du. Dantza klaseak ematen ditu, eta azken hilabeteetan ezagun egin da, besteak beste, Fermin Muguruzaren biran parte hartzen ari delako. Dantza eta musika herri eta kultura ezberdinen adierazle dira. Horregatik plazerra da Quinndyrekin dantzaz eta musikaz hitz egitea, mendebaldeko kultura hegemonikotik harantzago ikuspuntu eta irakurketa biziki interesgarriak dituelako, homofobia, arrazakeria edo klase zapalkuntza ardatz hartuta.

Aurrekoa gutxi balitz, egunaren parte handi bat militantziari eskaintzen dio. @afrocolectiva hedabide digitalaren sortzaileetako bat da; bertan Afrikaz mintzo dira, betiere ikuspuntu feminista eta antiarrazistatik oinarritua. Quinndy Afrikako eta mundu zabaleko geopolitikaz mintzo da, pasioz. Ordu eta erdi pasatxo egon ginen berarekin solasean, baina geopolitikaz ezer gutxi hitz egin genuen. “Galdetu didazuena erantzuteko beste horrenbeste denbora beharko nuke”, dio barrez. Horregatik erronka luzatu digu. “Nahi duzuenean deitu eta Afrikako errealitatearen inguruko elkarrizketa egingo dugu”. Aurki izango dute @afrocolectiva-ko kideek gure berri. Izan ere, beti da plazerra Quinndy eta kolektibo horretako kideekin solastea.