REC: La La Land. Izarren hiria?

REC: La La Land. Izarren hiria?
Gipuzkoako erresidentzietako grebalariek 300 greba egunen langa gainditu dute zaintzen aritzen diren langileen prekaritatea salatzeko. Bide horretan, Zaintzaldia, Gipuzkoako erresidentzien zinemaldia ospatu dute Zinemaldiaren edizio betean. Izarrez betetako hiriari distira gutxi dario.

Zinemaldia ezaguna da mundu zabalean. Urtero bezala, distiraz bete da Donostia. Hiriaren ustezko xarmatik urrun, ordea, prekaritatea da nagusi. Hala islatu du Zaintzaldiak, Gipuzkoako erresidentzietako grebalariek bizi duten prekaritatea salatzeko festibal alternatiboak. Soineko ederrak alfonbra gorrian; kamiseta moreak prekaritate gorrian. Argiak piztu dira; ez da, ordea, itzaletan dagoena argitu. Kanpora begira bizi gara, barrura begiratzeak lotsa piztuko ligukeelako. Kanpokoa argiztatu dugu, baina ilunpetan dago begiratu nahi ez dugun hori. Erresidentzietako egoiliarrak ere itzaletan daude. Leihoetatik kanpora begira jarri nahiko lituzkete zaintzaileek egoiliarrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbestetan goraipatu dituen zentro berritzaile horietako espazio berdeez gozatu dezaten. Ezinezkoa da, ordea, ez baitago langile nahikorik egoiliarrak bertara laguntzeko. Ez dago zaintzeko astirik. Ez dago zaintzarik. Noiz bihurtu dira erresidentziak agureak aparkatzeko toki? Noiz bihurtu da zaintza negozio?

Zinemaldi betean, kamara guztiak piztu dira. Fokua, ordea, okerreko tokian dago. Zinemak istorioak kontatzeko balio du, baita beste mundu batekin amesteko ere. Bada, zer kontatuko luke erresidentzietako egoeraz? Akaso langileen % 93 pribatizatuta dagoela? Beharbada langileen %50ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituela? Ala soldata arrakala 10.000 eurotik gorakoa dela urtean?

Kontsultak