Lehengo lepotik burua

Apenas igaro dira bi urte 2017ko ekainean azkeneko ohiko kongresua egin genuenetik Bilbon. Orain, berriz, beste kongresu baterako deialdia egin du jada sindikatuak. Ohiz kanpokoa da oraingoa, eta Batzorde Eragilea berritzeko egingo da; besteak beste, idazkari nagusi berria hautatzeko.
Adostasun handia dago ELAren barruan sindikatu-ereduari eta estrategiari dagokionez; hori dela-eta, Batzorde Eragilea eta, bidez batez, idazkari nagusi berriaren erabakiak ez du inongo aldaketarik eragingo. Esapideak dioen bezala, lehengo bidetik burua. Baina oso garrantzitsua da militanteen botoek berrestea zuzendaritza berriak, batez ere Batzorde Eragilea, legitimazioari eta jardunbide demokratikoari dagokienez.
Batzorde Eragilea talde bat da eta talde-lana egiten du, horretaz ez dago batere zalantzarik ELAn; idazkari nagusiaren karguak, berriz, garrantzia eta irismen handia du iritzi publikoan. Horregatik iruditu zaigu egokia litzatekeela Biltzarraz baliatzea sindikatutik kanpora ere zabaltzeko zein indartsu dagoen eta dirauen ELAren proiektuak.
Nazio Batzordearen iritziz, indarrean jarraitzen dute 2017an Bilbon egindako ohiko Kongresu Konfederalaren txostenak eta ebazpenek ezarritako irizpide eta egiteko guztiek; beraz, ez dago Konfederazioaren ildo politikoa berrikusi beharrik, baina aprobetxatu egin behar da aukera ELAren lerro estrategikoak azpimarratzeko eta gogorarazteko.
Denok ohartzen gara esku artean dugun erronkaren zailtasunaz: kontrabotereko sindikalismoa, alternatiboa, bultzatzea egungo egoeran, eta aliantzak egiteko batere aukerarik gabe. Esan dezagun ez genuela guk nahi horrelako bakardaderik. Nolanahi dela ere, arrazoi gehigarria dugu bakardadearena guretzat funtsezkoa den zerbait bultzatzeko: talde-lana.