Urtarrilaren 30ean, greba orokorra

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen. Momentu jakin batean, pentsiodunen eremutik haratago planto egiteko beharra plazaratu zuen.
Duela sei urte, sindikatu eta eragile sozial ugarik euskal herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu genuen prozesu partehartzaile baten bidez, eta eskubide horien aldeko ekimenak antolatu ditugu ordutik. Kartak bat egiten du pentsiodunen mugimenduak egin duen planteamenduarekin.
Egoera ikusita, beharrezkoa ikusten dugu lan baldintzak, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokan jauzi bat ematea. Konbentzimendu hirukoitzak batu gaitu: batetik, pentsioak denon afera dira, oraingo pentsiodunena zein etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa da; eta azkenik, eskubide sozialak bermatu behar dira.
Finean, bestelako eredu sozio-produktiboa eraiki nahi dugu, bizitza erdigunean jartzeko, zaintza eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emanez. Eredu honen ardatz nagusiak hauek dira: aberastasunaren birbanaketa; sektore publikoaren lidergoa; eskubideen unibertsaltasuna; jendartearen beharren arabera antolaturiko lurraldeen arteko oreka (lehenengo sektorea, azpiegiturak, merkantzien eta garraio sektorea,…).
Gainera, benetako neurri zehatzak hartu behar dira lan prekaritatearen aurka, besteak beste, lanaldia murriztea (astero 35 ordu) eta gutxieneko soldata 1.200 eurotan finkatzea; soldata arrakala ezabatu behar da eta azpikontraten langileen enplegua bermatu behar da.
Lantokitik harago, gaur urratuta dauden eskubide sozialak defendatu behar ditugu: etxebizitza edo zerbitzu sozial publiko, doakoak eta unibersalak bermatu behar dira. Bizitza erdigunean jartzeak ezinbestean ekarri behar du zaintza lanak ikustaraztea eta duintzea. Murrizketen bidez azken urteetan kendu digutena berreskuratzeko ordua iritsi da.
Honela bada, krisiaren aitzakian azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazioari muga jarri, eta lan baldintzak, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamika abiatzea erabaki dugu.
Eta mobilizazio prozesu honen baitan, Euskal Herrian greba orokorra deitzea erabaki dugu Karta Sozialean.
Gauzak horrela, urtarrilaren 30ean, denok kalera!