Boterea ez da diruaren menpe egon behar

2018/01/02
2018 hasi berria delarik aldatu nahi dugun errealitate bati ari gara aurre egiten: Kendu dizkiguten eskubide sozialak ez dizkigute itzultzen, itxuragabeko lan prekarietatea inposatzen digute, eta boterea, politiko zein ekonomikoa, zeharo hipokrita da. “Soldatak igo beharra” aipatzen dute, baina miseria hedatzen ari dira. Jendeak entzun nahi duena esan eta kontrakoa egiten dute.

2018an ere EAJren, PPren eta PSOEren arteko burdinezko ituna mantendu egingo da, politika horri eusteko. Ia denetan bat datoz: politika antisozialak, gizarte-politikak eragozteko mugak -esaterako gastu-araua-, patronalari beronek eskatzen duena baino are gehiago emateko borondatea (zerga-erreforma), eta horren kontra gaudenoi erasotzea. Esaterako, Lehendakariak ELArekin biltzeko baldintza bat ezarri du, bere politikari kritikarik ez egitea. Menpeko solaskideak nahi dituzte.

Politika neoliberal honek elkartasunaren aurkako indibidualismoa sustatzen du; balio batzuren ordez, esaterako justizia eta elkartasuna, beste batzuk nahi ditu: “egonkortasuna eta kontsentsua” -neoliberala, noski-, eta gizartean beldurra eta ezjakintasuna inposatzen du. EAEko herritarren %67ak dio politikaz paso egiten duela. Zer pentsa ematen du horrek! Agintean daudenek ez dute nahi jendeak jakin dezan, jakitea baita kritika sozialaren hazia. Horregatik ez dute erreferentzia alternatiborik ametitzen. Bitartean, ezker politikoak neoliberalei alferreko aliantzak eskaintzen dizkie, ustez aldaketa sozialerako, bere eginbeharra -lan pedagogikoa eta oposizio izatea- baztertuta.

Hipotekarik ez duen sindikalismoak saihestu ezin duen eginkizun bat dauka, langileak antolatzea. Indar sindikala da aukerak eskaintzen dituen bide bakarra. ELAk ez du baztertuko gizarte injustu hau eraldatzeko ardura, eta aurrerantzean ere langile-klasearen esku jarriko ditu botere-tresnak, boterea ez dadin soilik diruaren menpe egon. 2017an borroka sindikal oso emankorrak izan dira, esaterako Bizkaiko zahar etxeetako greba: Antolakuntza, militantzia eta afiliazioa, gehi erresistentzia kutxaren babes solidarioa. Horrela egiten zaio aurre prekarietatearen zigorrari. Gure jendea antolatzen denean jabetzen da zer nolako esplotazioa pairatzen ari den.

Gauza bakoitzari bere izena eman behar zaio. Gero eta langile gehiago ari da lanean bizimodu duinik izateko aukera ematen ez duten baldintzetan; areago emakumeak badira. Botere politikoak ez du aberastasunik banatu nahi. Horren adierazgarri, euskal administrazioek 2018rako erabaki dituzten aurrekontuak; gainera, beren ardurapean dauden eremuetan langileen miseria hedatzen dute. Eta patronalari babesa ematen diote, bere helburuak gauzatze aldera. Zer geratzen zaigu? Antolatzeko eta borroka kolektiboa egiteko gaitasuna. Hori da gure lehentasuna, baliagarri izango bagara.

Bestalde, ELAk espainiar Estatuaren inboluzioa salatu izan du. 155. artikuluaren ezarpenak esan nahi du Estatuak ideien kontra jo duela (independentismoa “desinfektatu” egin behar omen da), PP, PSOE eta C's alderdien arteko ituna medio, botere banaketarik gabe, eta helburu demokratikoei bide ematen ez dielarik. Hala da; hau gatazka demokratiko bat da. Zer egingo dute abenduaren 21ko hauteskundeak galdu ondoren? Alderdiak legez kanpo jarriko ote dituzte, garaile atera ahal izateko? ELAk uste du fase honetan ahaleginak egin behar direla propaganda instituzionalari aurre egiteko; propaganda honen xedea da gatazka politiko eta soziala baretzea, esanez aldebikotasunak fruitu ematen duela. Haatik, PPrekin EAJk aldebiko harreman bat besterik ez du: politika neoliberala aplikatzea, ordena guztietan inboluziora daraman statu quo hori hauspotzen duena. Hau argi esateko unea iritsi da.