Afiliatu

Zure eskubideak defendatzeko ezinbestekoa da antolatzea eta afiliatzea

Gure sindikatua 1911n sortu zen. ELAren historia luzea da, batez ere egoera zailetan garatua. Azken hamarkadetan ELAk Euskal Herriko lehen indar sindikala izatea lortu du; azken hauteskundeetan lehen postu hau berretsi du.

Afiliatu ELAn

 

Zerbitzu juridikoak

Doako aholkularitza eta defentsa

Defentsa juridikorako eta aholkularitzarako 70 profesional baino gehiago daude ELAn, dituzun laneko arazo guztiak konpondu ahal izateko. Pertsona hauek zure galderak erantzun, erreklamazioak bideratu, instantzia ezberdinen aurrean aholkatu, epaitegi eta laneko eta administrazio auzitegietan defendatuko zaituzte.

Prozedimendua luzea edo korapilatsua bada ere (helegiteak, aurka egiteak eta abar) gure profesionalen laguntza ez zaizu ezer kostako. Gure zerbitzu juridikoak doakoak dira* afiliatuentzat.

ELAn zerbitzu tekniko ugari daude: zure lantokiaren egoera ekonomikoa zein den jakiteko, arazoak eta etorkizuna aztertzeko, edo segurtasuna eta osasuna lan munduan aztertzeko.

*Zerbitzu juridikoen erreglamenduak dioenaren arabera.

Greba kutxa

Elkartasuna: hitz soila baino gehiago

Edozein gertakariri aurre egiteko ELAk Greba Kutxa eskaintzen du, aspaldidanik gutxieneko soldata gainditu delarik. 2024. urteko kopuruak hauek dira:

1.389,15 euro/hileko.

Zenbait grebatan indemnizazioa 1.597,52 € euro hilabeteko izan daiteke (erresistentzia kutxa indartua). ELAn argi dugu grebetan dirua baino zertxobait gehiago behar dela: ugazabak amore eman dezan tinko eutsi behar zaio. Hori da Greba kutxaren helburua.

Argitalpenak

ELAn eguneko informazioa dugu

Afiliatu guztiek bi hilabeterik behin ALDA aldizkaria jasotzen dute, Euskal Herriko lan eta gizarte informazioaz jabetzeko.

Afiliatuari interes zuzenagoa duten sektoreko gaien informazioa helarazten zaio ere, hitzarmenak, berregituraketak, oposizioak eta abar, ELAren egunekoaren berri izan dezan.

Non gaude

ELAk 42 lokal ditu bere afiliatuei zerbitzua eskaintzeko. Horri esker lan eta biztanlego gune guztietatik hurbil dago sindikatua. Hego Euskal Herriko edozein lekutan duzu ELAren lokalen bat zugandik hurbil.

Ez zaitez kanpoan geratu, afiliatu zaitez sindikatuan

ELAk zerbitzu ugari eskaintzen dizkizu, besteak beste, militanteen prestakuntza edota alternatiba sozial eta ekologikoen bultzada. ELAk zure esku jartzen du erakunde honekin bat egin duten milaka emakume eta gizonen sostengua. Ez da komeni bakarrik egotea, garai zailak bizi ditugu eta. Zure eskubideak hobeto defendatuko dituzu eta gehiago errespetatuko zaituzte antolatuta bazaude. ELAn gero eta gehiago gara.