Díaz Ayusok arrazoi du, Yolanda Díezek, ez

2022/01/04
Madrilgo erkidegoak 2022. urteko aurrekontuak onartu berri ditu, PP eta Vox alderdi ultra-eskuindarrek lortutako itunari esker. Akordioan oposizioaren emendakin bakar bat ere ez onartzea adostu zuten. “Tira, ondo dago denei entzutea, baina nik bozkatu nautenentzat eta babesten nautenentzat gobernatzen dut”, argudiatu zuen Díaz Ayusok, erkidegoko presidenteak.

Espainiako Gobernuak lan erreforman hainbat aldaketa adostu ditu patronalarekin eta patronalaren sindikatuekin, CCOO eta UGT. Edukiez harago akordioaren garrantzia azpimarratu du Yolanda Díez lan ministroak. Antza, teorian interes kontrajarriak dituzten eragileen arteko akordioa ona da, de facto.

Badago hauteskunde kanpainetan bereziki gorroto dudan mezu bat: “denon presidentea izango naiz”, “denon ongi-beharrez gobernatuko dut”... Adegiren enpresa kultura berriaren “denok goaz ontzi berean” leloaren bertsio politikoa.

Ez, sentitzen dut. Ezinezkoa da “denon” presidentea izatea. Ezin da Amancio Ortegaren eta Bilboko Gran Víako Zaran langabezian geratu diren langileen alde agindu; ezin da era berean etxebizitzarekin espekulatzen dutenen eta emantzipatu ezin duten gazteen aldeko erabakiak hartu; ezin da kapitalaren aldeko eta zerbitzu publiko indartsuagoen aldeko zerga erreforma bat egin.

Langile klasearen eta herritar xumeen “alde” gobernatzeko beste batzuen “aurka” aritu behar duzu: kapitalaren interesen aurka, espekulatzaileen aurka, patronalaren aurka, zerga iruzurraren aurka, etxebizitzarekin negozioa egiten dutenen aurka...

Gai honetan, beraz, Díaz Ayusok arrazoi osoa du. Berak badaki noren mesedetan agintzen duen. Eta, arrazoia izateaz gain, aho-bizarrik gabe esaten du. Agian, soilik agian, horregatik irabazten ditu hauteskundeak (ia) gehiengo osoz. (Gai honetan) arrazoia izateaz gain, egia esaten duelako.