Aurtengo apirilak ere badu 28. eguna

2015/04/28
Aurten ere heldu zaigu Lan Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna, eta oraingoan ere badugu zer salatu data esanguratsu honetan.

Ezer berririk badugu? Testuinguruari dagokionez, ezer gutxi. Prekarietatea eta kalitate gabeko enplegua hedatzen ari zaigun honetan lan osasunaren babesean atzeraka goaz. Langileen osasuna eta bizitza ez dira lehentasunezko gaiak gure gobernuen agendetan, nahiz eta politikoki zuzena den propagandarekin mundu idiliko bat erakusten saiatzen diren. Krisia pasatu dela eta lan istripu eta gaixotasunek ere beheranzko joera hartu dutela darabilte hitzetik hortzera.

Baina lan harremanen egunerokotasunean pixka bat bustita dagoenarentzat kontrakoa agerikoa da: prekarietatea lan harremanetan arau nagusia bihurtzen ari da, eta egoera hau lan osasunaren zaintzaren antitesia da. Lan ezbeharren beherakada jarduera ekonomiko txikiagoaren ondorioa da, besterik gabe. Ez da inola ere aplikatzen ari diren politiken emaitza. Lan osasun politikek bere horretan diraute eta etorkizunean ere ez da aurreikusten aldaketarako borondate politikorik.

Eusko Jaurlaritzak 2015-2020rako onartu berri duen Lan Osasun eta Segurtasunerako Euskal Estrategia autu politiko honen isla da. Estrategia honek hurrengo urteetan Euskal Autonomi Erkidegoan lan osasun alorrean garatu beharreko lan ildo nagusiak biltzen ditu.

Hauek badira politika publikoetan garatuko diren etorkizuneko lan ildoak ez daukagu baikorrak izateko arrazoi askorik. Garbi esanda, gure irakurketa ezkorra da, gai garrantzitsuenetan ez dagoelako benetako aurrerapausorik.

Estrategia honetan prekarietaterik eta krisirik ez da existitzen. Krisiari egiten zaizkio aipamen orokor batzuk (nola ez!), baina ez zaio ematen egoeraren larritasunak eskatzen duen dimentsiorik.

Lan harreman idealizatu batzuetan oinarritzen da. Alegiazko lan mundu horretan, lan osasunean langileek eta enpresariek interes komunak dauzkate, baina jakin badakigu errealitatean lan harremanak asimetrikoak direlarik lan osasuna ere lan gatazkaren parte dela gehienetan. 

Lan osasunean azken urteetan egin diren murrizketak ontzat ematen ditu, nahiz eta egun gai honetara bideratzen den gastu publikoa Barne Produktu Gordinaren %0,02ra ere ez iristeak garbi uzten duen lan osasuna hutsaren hurrengoa dela Jaurlaritzaren programa politikoan. 

Gure ustez, ondorengo galdera ezinbestekoa da Estrategia honen sinesgarritasuna aztertu nahi bada: zer bitarteko izango ditu Estrategia honek bere garapenerako? Zer aurrekontu? Zer giza baliabide? Lan osasunean azken urteetan izan diren murrizketek jarraipena izango dute?... Argi baitago egungo baliabideak ez direla nahikoak lan osasunean kalitatezko politikak martxan jarri eta urrats eraginkorrak emateko.

Aipatutako puntuak Estrategiari buruz egin dugun balorazio sakonagoaren zati txiki bat besterik ez dira. ELAk interesa izan du Estrategiaren zirriborroari bere ekarpenak egiteko. Testua aztertu ondoren gure posizioa helarazi genion Osalango zuzendaritzari, baina egindako proposamenetatik bat bera ere ez da jaso azken bertsioan. Gure ekarpenak orokorrak eta politikoak zirela esan zigun Osalango zuzendariak, horregatik ez zituztela onartu, Estrategiak batez ere testu teknikoa izan behar duelako.

Gure ustez ez dago testu tekniko hutsik, eta Estrategia honek ere badu bere ideologia eta bere proposamen politikoa atzean: patronalaren interesak ez ukitu eta prekarietateak sortutako triskantza auzitan ez jartzea, hain zuzen.

Guk politiken aldaketa eskatzen dugu, horregatik egin ditugu proposamen politikoak. Gure iritziz, soilik horrela lortuko baitugu egoera aldatzea, ez testu teknikoak bata bestearen atzetik onartuta. ELAn behintzat horretarako lanean jarraituko dugu... Hurrengo urteko apirilak ere izango du 28. eguna, apirilak 28.