Diskurtso xenofoboen aurrean alternatiba eraiki

2015/05/28
Maiatzaren 24ko hauteskundeetako emaitzen balorazioak askorako ematen du seguruenik. Ikuspegi ezberdinetatik egin daiteke irakurketa, baina bada kontu bat ELArentzat deigarria eta erabat kezkagarria dena: diskurtso baztertzaile eta xenofoboak erabili dituzten alkateek nagusitasunez beraien karguei eutsi izana, hain zuzen.

Bai, Gasteiz eta Sestaotaz ari gara. Gurean ere migranteen aurka erabilitako eskuin muturreko mezuek izan dute arrakasta. Europa guztian ari da gertatzen, ez gara salbuespen bat. Hor ditugu Bretania Handian Cameronek immigrazioaren aurka iragarri berri dituen neurri autoritario eta krudelak. Hor dugu Europar Batasunean errefuxiatuen kuotak esleitzeko sistemaren inguruan sortu den zalaparta, Mediterraneoan milaka pertsona hiltzen ari direla erabat ahaztuta eta tragedia horren atzean dauden oinarrizko arazoen inguruko irakurketa alboratuta. Segurtasunaren diskurtsoa beste guztiaren gainetik: Europako eredu soziala arriskuan jartzen omen dute gerra eta pobrezia egoeretatik ihesi datoztenek. Bihur dezagun Europa gotorleku batean giza eskubideen babesa zokoratuta.

Aipatutako hautagaien mezua eta praktika politikoa ildo berekoak izan dira, ñabardurak ñabardurak. Bizitzen ari garen krisi orokorraren ondorioz, pobrezia eta desberdintasun sozialak areagotzen ari diren honetan erraza da pobreagoengan jartzea lupa, krisia sortu eta oraindik ere aberasten ari diren eliteei eta ezarri dituzten politika antisozialei ardura guztia kenduta.

Diskurtso arriskutsua eta arduragabea benetan, gizartean zatiketa eta liskarra sortu eta jarrera xenofobo eta arrazistak bultzatu eta auspotzen dituena.

Baina, horrelako hauteskunde programek arrakasta izan badute oraingoan, alderdi politiko batzuek ez al dute tentaziorik izango esperimentu hau beste lurralde edo eremu batzuetara ere zabaltzeko? Beldurra ere ematen du.

Sakoneko hausnarketa eskatzen du egoera honek ELAren aburuz. Mezu baztertzaile eta autoritarioak sustatu dituzten aukera politikoek kostu politikoa izan dezaten bestelako alternatiba politikoak eta sozialak eraikitzea guztiz zilegi eta beharrezkoa da gure ustez.

Alternatibak, ordea, ezin dira izan arrazismoaren aurkako diskurtso soilak, ezinbestekoak direnak baina ez nahikoak. Aldaketa zeren gainean eraikiko den eztabaidatu behar da, zer politika eta neurri izango dituen, zer gizarte eredu garatuko duen. Guztientzako bizimodu duina bermatzea izan behar da eredu horren xedea, edozein dela ere pertsonaren jatorria. Politika neoliberalek kontrakora garamatzate eta argi esan behar dugu: pobrezia, prekarietatea eta desberdintasun sozialak dakartzaten heinean xenofobiaren ongarri arriskutsuak dira.