Errefuxiatuak bai, migranteak ere bai

2015/10/21
Migrante eta errefuxiatuen auzian Europako gobernuek eta erakundeek erakusten ari diren jarrerarekin lotsatuta eta amorratuta gaude. Jakina da gerra eta pobreziaren ondorioz jatorrizko herrialdeak uztera behartuta daudenak miloika direla munduan, baina badirudi Europa orain jabetu dela arazoaz, etxeko ateak arriskuan ikusi dituenean.

Errefuxiatu eta migranteen arteko bereizketa arriskutsu bat ari dira sortzen: gerran dauden herrialde batzuetatik datozenak onak dira, eta, besteak, berriz, jendilajea, gaizkiletzat ere jotzen dira sarritan. Nazioarteko legediak errefuxiatuaren estatusa definitzen eta babesten du. Migranteen eskubideek, aldiz, ez daukate lege horien babesik. Migranteak herrialde batetik bestera mugitzea erabakitzen dutenak dira, ez arrazoi politikoengatik hiltzeko arrisku zuzena daukatelako, bizimodua hobetzeko asmoz baizik, etorkizun duinago bat eraikitzeko esperantzarekin. Helburu zilegi, ulergarri eta ausarta kasu askotan.
Dena dela, errealitateak definizio juridiko eta teknikoak gainditzen ditu, eta egun zaila da errefuxiatu eta migrante kategorien artean desberdintzea. Europako kostaldeetara iristen diren milaka pertsonetatik zeintzuk dira migranteak eta zeintzuk errefuxiatuak? Zer dira arrazoi ekonomikoak? Eta politikoak?
Europar Batasunak (EB) ez du migrazio-politika komunik; estatuen mugetako kontrol militarra egitera mugatu da. Horrela, migrazio-fluxuak kriminalizatu egiten dira, izaera sozioekonomiko estrukturala badute ere. Eta oraingoan ere hauxe gertatzeko arriskua dago: errefuxiatuen harrerarako kuotak ezarriko dituzte, eta aldi berean, migrazio politika gogortu. Hipokrita da arazoaren dimentsioa ikusita soluzioaren parte txiki bat suposatzen duten kuoten inguruan eztabaidan jardutea, asilo politikorik lortzen ez duten etorkin gehienak eskubiderik eta babesik gabe kanporatzen ari diren bitartean.
XXI. mendeko Europa honek bere mugak ixten ditu, gotorlekua babestu nahian, baina paradoxa da orain desesperaturik iristen diren pertsona hauek EBren politika neoliberalen eta erabaki geoestrategiko neokolonialen ondorioak jasaten ari direla.
Bestalde, estatuen jokabideak eskuin muturreko adierazpide eta posizio arriskutsuak hauspotzen ditu. Gurean ere badugu bide hori hartu izan duen agintaririk.
Arazoak dituen sustrai konplexuak ikusita, konponbideak ere egiturazkoak izan behar dira, zalantzarik gabe. Lehenik eta behin, gobernuei galdegiten diegu oinarrizko giza-beharrizanak ase ditzatela harrerako politiketan errefuxiatuentzat, eta migranteentzako enplegua, etxebizitza, heziketa eta osasuna aurreikusten duten politikak garatuaz. Pertsonak erdigunean kokatuko dituen Europa mailako migrazio-politika bat exijitzen dugu.
Haatik, tragedia humanitario honi ematen zaion erantzuna asistentzialismo hutsa bada, gatazken zergatietara jotzen ez bada, abagune historiko bat galduko da berriro, eta tarteka antzeko errealitateak ikusiko ditugu. Horregatik, nazioarteko politika bat behar da gatazkei konponbide politikoa eman eta migranteen jatorriko herrialdeetan garapen ekonomiko eta soziala lortzeko.
Hain zuzen, hau une ezin hobea litzateke Europako  proiektu antisozial eta antidemokratiko honen oinarriak berriz definitzeko, baina ez dirudi gobernuek honetarako asmorik dutenik.
Krisi honen erdian txalotzekoa izaten ari da herritarrengandik (eta erakunde batzurengandik) sortu den elkartasun oldea. ELA ere prest dago salaketa eta solidaritateko dinamika sozial honetan parte hartzeko, errefuxiatuen eta migranteen eskubideen alde!