Gure bizitzak, arriskuan

2015/08/03
Erraz esaten da, errazegi. Dagoeneko ohitzen hasita gaude, asteroko kontua da: hainbat eta hainbat dira lanera joan eta etxera itzultzen ez diren langileak. Aurten 29 langile hil dira lan istripu baten ondorioz, urte erdia pasatu denean. Iaz 44 hildako kontatu genituen urte osoan.

Lan gaixotasun baten ondorioz hiltzen direnak askoz ere gehiago dira gainera. Askotan esaten dugun bezala, lan gaixotasun gutxi dira azaleratzen direnak, gehienak gaixotasun arrunt gisa tratatzen baitira. Azken asteetan ere lan istripuen izurritea jasaten ari garela ematen du. “Zer gertatzen ari da?” galdetzen ari zaizkigu kazetariak. “Istripu kopurua areagotzeko zer edo zer berezirik sumatu duzue?”

Ba gertatzen ari dena ez da kasualitatea, ez da zorte txarraren ondorioa: enplegu prekarioaren emaitza da nagusiki eta honek azken urte hauetan euskal administrazioek egin dituzten diskurtso faltsuak lotsagarri uzten ditu. Izan ere, aldi hartan hildako kopuruan izan genuen jaitsiera txikia lan osasun eta prebentzio politika arrakastatsuen ondorioa izan zela sinestarazi nahi izan digute behin eta berriz.

Enplegu prekarioan oinarritutako jarduera ekonomikoaren “berreskuratzea” hasi denean mozorroak erori dira eta errealitate gordinarekin egin dugu topo berriro ere. Hemen ez da ezer aldatu, eta prekarietatea hedatzen doan heienean ez da aldatuko gainera. 

Lan istripu eta gaixotasunak ez dira jaitsiko enplegu eta lan osasun politikak errotik ez badira aldatzen, kalitatezko enpleguaren alde ez bada egiten, enpresak ez baditugu behartzen prebentzio neurri egokiak hartzera... Euskal erakundeek jakin badakite zer egin behar den baina borondate eta ausardia politikoa falta zaie, gai honetan ere ez dutelako patronalaren interesen kontra joan nahi. Enpresen lehiakortasuna eta gutxi batzuen aberastasuna jartzen dute erdigunean, inoiz ere ez langileen bizitza eta osasuna.

Lan ezbeharrena arazo sozial handia da, baina oraindik orain lan munduari dagokion arazo sektorial bezala ikusten da. Ezbehar bakoitzaren atzean, zenbaki hotzen atzean, istorio eta drama pertsonal izugarriak daude, ez dezagun ahaztu. Sindikatuok urte luzeak daramatzagu lan osasunaren alorrean borrokan, baina geuk ere ez dugu lortu gizartean behar bezala eragitea arazo honen larritasunak eskatzen duen erantzuna behar bezala antolatzeko.

Asko daukagu egiteko. Lan istripu eta gaixotasunen aurkako borroka indartzea ezinbestekoa izango da, datorkigun lan mundua gero eta prekarioagoa izango delako eta lan ezbeharren izurriteak jarraituko duelako!