Kamisetak berdeak sindikatuaren eta borroka feministaren ikur

2017/10/27
Erresidentzietako emakumeak, kamiseta berdedun emakumeak, onezkero jakingo duzue oso harro gaudela zuetaz. Zuen borroka emakume guztion borroka izan da: garbitzaileak, etxez-etxeko laguntzan dabiltzanak, jantokietan, sektore publikoan, langabezian daudenak, industria alorrean dauden gutxiak, guzti-guztiok ordezkatu gaituzue, ondo ordezkatu ere. Kamiseta berdeak duintasunaren arropa izan dira eta bide batez, sindikatuaren eta borroka feministaren ikur bihurtu dituzue.

Zaintzaileak zainduz bizitza zaindu! Zenbat aldiz oihukatu dituzue horrelakoak! Bizitzaren duintasunaren alde borrokatu duzue eta gizarte honen biziraupenerako ezinbestekoak diren zaintza lanak ikustarazi eta agenda politikoan kokatu dituzue. Asko da hori gero!

Ikusi zaituztegu eguna joan eta eguna etorri megafonoa eskuetan, ekintza sindikal berritzailea garatuz, barrez, negarrez, dantzan, kantuan, elkar besarkatuz eta zainduz, emakume eta langile bezala ahalduntze prozesuan. Ekintza moldeetan ere berritzaileak izan zarete, Arriagako karpan bizitakoak gogoratu besterik ez daukagu horretarako.

Luzea eta gogorra izan denik ezin ukatu. Ez da gatazka sindikal soila izan, borroka soziala eta feminista ere izan da zuena. Genero berdintasunaren alde urrats garrantzitsua eman duzue, eskola feminista eraiki duzue eguneroko borrokatik eta eskola honetatik sindikatu osoari eman dizkiozue irakaspenak: etorkizuneko sindikalismoa feminista izan behar dela ezinbestean esaten ari gara behin eta berriz. Baieztapen honi edukia eman eta etxeko lanak ere jarri dizkiguzue: Nola erantzun hobeto sektore feminizatuen beharrei? Nola antolatu horretarako? Nola lortu emakumeak borroka sindikalaren lehen mailan kokatzea? Sindikatuak egin behar duen bide horretan zuen ekarpena eredugarria izan da.

Plazer handia izan da zuen ondoan egotea. Gauza batek bereziki eman dit atentzioa: zuen esker ona, elkarrekin egon garen une orotan eskerrak eman dizkiguzuelako sindikatu osoaren babesagatik. Askotan erantzun dizuegun bezala, ez dakit guztiz kontziente zareten guk zuei askoz gehiago daukagula eskertzeko, zuenak bezalako borrokek ematen diotelako zentzua ELAren proiektu kolektiboari.

Gainera, seguruenik denborarekin balio handiagoa emango diogu lortutakoari eta ez izan dudarik toki garrantzitsua izango duzuela sindikalismoaren, ELAren eta feminismoaren historian.

Nire nahia izango litzateke prozesu honetan lortu duzuen eta lortu dugun harremanen saretze eta boteretze kolektiboa mantentzea eta elikatzea, bizitakoari toki iraunkorragoa ematea sindikatuan, sindikatuaren bizitzan emakumeen esperientziak eta bizipenak lehen mailan egon daitezen eta eman dizkiguzuen lezioak ELAren estrategiaren erdigunean egon daitezen. Guztioi dagokigu lan hau.

Bejondaizuela, eskerrik asko bihotz-bihotzez kamiseta berdedun emakumeoi! Besarkada eta musu handi bana!