Lan istripu eta gaixotasunak ere indarkeria dira

2017/04/28
Aurten ere hurbiltzen ari zaigu apirilaren 28a, Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna. Salaketa eta mobilizazio eguna guretzako, lan istripu eta gaixotasunen ondorioz hil direnak gogoratu eta arazo sozial larri honi aurre egiteko konpromiso politikoak eskatzeko eguna.

Estatistikek ematen dizkiguten zenbaki gordinak ezin dira ezkutatu. 2016an 53 langile hil ziren Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz. Epe luzeagoa hartzen badugu, 2013tik hona 222 hildako daramatzagu. Izugarria! Eta hemen ez da ezer gertatzen…

Eta zenbat dira lan gaixotasun batek jota hil direnak? Ez dakigu. Pentsa, jakin badakigun arren gurean azken urteetan 180 langile baino gehiago hil direla amiantoaren eraginez, estatistika ofizialetan ez da lanbide gaixotasun hilgarri bat bera ere erregistratuta agertzen. Zenbat dira silikosiaren ondorioz edo gero eta hedatuagoa dauden minbizi ezberdinen ondorioz zendutakoak? Ez dakigu.

Tragediaren tamainaz jabetzeko argigarria izan daiteke Europa mailako ikerketa ezberdinek esaten dutena, alegia, lan istripuz hiltzen den langile bakoitzeko 18 inguru direla lanaren ondorioz gaixotuta hiltzen direnak. Biderkatu aurrez aipatu ditugun kopuruak (222x18) eta 2013tik hona 3.996ko emaitza emango digu. Pixkat gehiago edo gutxiago izan daitezke, baina argi geratuko zaigu lan ezbeharren arazoa lehen mailako arazo soziala dela.

Arazoaren dimentsio politikoa ezkutatu egin nahi da, ordea. Zoritxarraren ondorio gisa aurkezten dira askotan komunikabideetan, gai laboral soil gisa, sindikatuon ohiko mobilizazioen txokoan. Gure agintariek ez dute erantzukizun politikorik hartu nahi gai honetan. Ezkutuan mantendu nahi dira heriotza horien atzean dauden egoera pertsonal lazgarriak.

Eta zer esan patronalaren jarrera hipokritari buruz? Behin eta berriz salatu dugu lan istripu eta gaixotasunen atzean dagoen egiturazko arazoa prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa direla. Azken hilabeteetan ikusi ditugun hainbat istripu oinarrizko prebentzio neurri batzuekin ekidin zitezkeen, baina neurriak hartu behar zituztenek ez zuten nahi izan. Prekarietatearekin etekin ekonomiko emankorrak lortzen dituzte langileak esplotatuz; prebentzioa eta lan segurtasuna bigarren mailakoak dira diru gose diren hauentzat. Ondorioz, Hego Euskal Herrian, salbuespenak salbuespen, prebentzioaren kultura ez dago behar bezala hedatuta lantokietan.

Hauxe da egiazko argazkia. Hego Euskal Herriko gobernuek ez dute patronalaren interesen kontra joan nahi arlo honetan ere, eta lan osasunari bideratutako aurrekontua nabarmen murriztu egin dute azken urteetan; hutsaren hurrengoan utzi dute, arazoaren larritasunaren jakitun diren arren.

Lan istripu eta gaixotasunak indarkeria sexistarekin alderatu nahiko nituzke sinpleki bada ere. Indarkeria sexista sistemikoa da. Sistema kapitalista patriarkalak sortzen du, emakumeen zapalkuntza oinarri duelako sistema beraren biziraupenerako. Mugimendu feministak, urte luzeetako borrokari esker, lortu du indarkeria mota honi etxe barrutik atera eta daukan dimentsio politikoa ematea.

Lan istripu eta gaixotasunak ere indarkeria dira. Sistema berberaren emaitza, prekarietatearen ondorio. Eredu kapitalistak eta patriarkalak prekarietatea behar dute funtzionatzeko, hildakoak hildako, gure osasunari erreparatu gabe.