Martxoak 8an emakumeok sistemari planto!

2018/02/06
Iazko martxoaren 8an Bizkaiko erresidentzietako emakumeak izan ziren protagonista nagusienetakoak. Lan eta bizi baldintza duinen aldeko borroka paregabean kaleak hartu zituzten egun hartan ere, grebak iraun zuen egun guztiak izan baitziren martxoak 8 beraientzat.

Aurten, mundu mailan deitutako greba feministak emakume guztioi dei egiten digu, martxoaren 8an sistemari planto egin eta kaleak har ditzagun.

Zer gertatuko litzateke emakume guztiok greba egingo bagenu lanean eta etxean? Zer gertatuko litzateke zaintza lanak albo batetara utziko bagenitu? Eta sistema kapitalistaren oinarria den kontsumo masiboari ere muzin egingo bagenio? Ba horixe da greba feminista honekin irudikatu nahi duguna. Emakumeok esparru produktiboan eta erreproduktiboan egiten dugun ekarpenik gabe munduak ez lukeela funtzionatuko.

Mezu politiko garbia duen greba da. Sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkal honetan emakumeon diskriminazioa egiturazkoa denez, sistema bera da auzitan jarri eta irauli behar duguna, azalean geratzen diren errezeta politikoki-zuzenak ez baitira nahikoak.

Enplegutik haratago joan nahi du greba feministak, beraz. Ez da ohiko lan greba bat, ez edukian ez eta diseinuan. Deialdi berritzailea da lan guztien aitortzaren bidean eta sindikalismoak mugimendu feministarekin egin beharreko aliantza sendotze aldera. Bazterrean edo ezkutuan dauden sektoreei ere keinu garbia egiten die, etxeko langileei, paperik gabekoei…

Dena dela, ez ditzagun gutxietsi enpleguaren alorrean dauden arrazoiak emakumeok greba egiteko: langabezia tasa altuagoak, prekarietatea, diskriminazioak, soldata arrakala… Gure sindikatua egunero ari da lanean emakumeen lan eta bizi baldintzak hobetzeko eta egun honek aukera paregabea emango digu sektore feminizatuetan emakumeen antolakuntza eta borrokarekin jarraitzeko.

Martxoak 8an emakumeok sistemari planto egingo diogu gutxiago kobratzen dugulako, sexu jazarpena lantokietan ere egon badagoelako, gure lanei balio gutxiago ematen zaielako, prekarietateran bizi garelako, pobreagoak garelako, indarkeriak matxistak hil egiten gaituelako, gure gorputzen eta bizitzen jabe izan eta beldurrik gabe bizi nahi dugulako…

Bizitza erdigunean jarriko duen gizarte justuago baten alde emakumeok kalera aterako gara martxoaren 8an. Egun historikoa izango da ELArentzat ere, sindikalismo eraldatzailea ezinbestean feminista izan behar dela aldarrikatuko baitugu.