Sindikalismo magikoa
Gudu zelai latza da sindikalismoa ideologikoki azken trintxera baitirudi: sistema zapaltzaile hau zuritzen duten komunikabide eta mezu guztien aurka inurrien pare egiten dugu lan, batzuetan emaitza ikusgarri eta gogoangarriak lortuz. Gogorra da hala ere, ez ditugulako gustatuko litzaizkigukeen tresna eta baliabide guztiak eta horrek gugan ere frustrazio eta haserrea sortzen du, batzuetan nahi eta ezina izanik.
Mundua eraldatzeko proiektu honetan lan egiten dugunok gudu zelaia dugu lantoki; aldiz, horrek ez du esan nahi samurtasunerako lekurik ez dagoenik, are gehiago, psikologikoki eta emozionalki ilunak diren garai hauetan goxotasuna erresistentziarako tresna da. Irribarre bat, laztan bat, konplizitatea, elkar ulertzea... edozein iraultzatan ezinbesteko elementuak dira. Borroka kalean egiten delako, baina bihotzen goxotasunak lagunduz gero are indartsuagoa da.
Ekar ditzagun maitasun keinuak erdigunera. Eduardo Galeano gogoan, berak “marxismo magikoa” proposatzen zuen: “mitad razón, mitad pasión, mitad magia”. Egin dezagun sindikalismo magikoa geuk ere.