Beharrezko nahasia

2022/11/30
Jakinaren gainean egongo zaretenez, aurreko ostiralean, azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna izan zen. Egun honetan indarkeria matxistaren aurpegi ezberdinetan jartzen dugu fokua, eta egun berean ere, Mirabal ahizpak omentzen ditugu. Hauek Rafael Leónidas Trujilloren erregimenaren kontrako militanteak izateagatik atxilotuak, bortxatuak, torturatuak eta erailak izan ziren.

Patria, María eta Maria Teresa bezalako emakume asko egon dira historian zehar, gure gorputzak gudu-zelai bilakatu baitituzte sistema patriarkal honetan gauzatzen diren gerra, diktadura zein gaztaka politikoetan ere. Urrunera joan gabe, horren adibide dira: euskal preso politiko emakumeek komisaldegi zein instituzio publikoetan pairatu izan duten biolentzia edota gure amonek eta birramonek Gerra Zibilean sufritu zituzten indarkeri gehienak.

Testuinguru historikoa alde batera utzita, badirudi geroz eta gehiago hitz egiten dela indarkeria matxistaren inguruan, geroz eta gehiago teorizatzen dela gaiaren inguruan, eta biolentziaren geroz eta kategorizazio gehiago sortzen ari direla (psikologikoa, fisikoa, gaslighting…). Baina arlo teorikorik pertsonalera salto egitea ez da erreza, ezta atsegina ere.

Erasoei ahotsa jartzeak barneak nahasten dizkigu, bizitako momentuak gogora ekartzen baititugu. Ez dut inoiz ahaztuko erasotzaile bat identifikatu nuen lehenengo aldia, liburuetan agertzen den horietako bat izan zen, auzoko jaietan juerga giroan gertatzen den beste eraso bat “besterik ez”. Deia jaso genuen, protokoloa aktibatu genuen eta txosna gunetik kanporatua izan zen. Horrela kontatuta erraza dirudien arren, ez zen horrela izan, tipoak burua moztuko zigula oihukatzen zuen bitartean, gure gorputzak bultzatzen zituen. Tipoak begi ninietara begiratzen zidan bitartean, mehatxatu egin gintuen. Kanporatu genuen, baina duela zortzi urte gertatutako egoera hau atzokoa izango balitz bezala gogoratzen dut, eta ez zen erraza izan.

Dena den, uste dut atzera begiratuta, pairatu izan ditudan egoera errazenetarikoa izan dela. Zailena, dudarik gabe, ingurunean izan ditudan lagun/kide/senideen erasoen berri izatea izan da. Bai, begira Joxe Mari, zure inguruan ere erasoak gertatzen dira, zure lagun batzuk ere erasotzaileak dira, eta itsutzen zaituzten betaurreko horiek kentzen dituzunean ikusiko duzu.

ELAko genero alorrak ostiralean egindako ekitaldi paregabean erruaren kontzeptua agertu zen, eta ni ere, gertuko eraso horietan “errudun” sentitu naiz. Nire lagunaren jarreraz ohartu ez nintzelako, nik eratutako “espazio seguru batean” gertatu zelako, erabateko konfiantza nuen kide bat zelako erasotzailea, eta horrela hamaika kasuistika zein erlazio. Negar egin dut, antsietatea izan dut eta feminista txarra sentitu naiz nire inguruan eman izan diren erasoez konturatu naizenean.

Ostiralean, testigantzak entzun ostean, askok emozio pilaketa sentitu genuen, sentimendu guztiekin botaka egiteko beharra, hain zuzen ere. Hala guztiz ere, askorentzat zaila izan zen arren, eskerrak eman nahi ditut; batetik, bizipenei ahotsa jarri zieten kide guztiei; eta bestetik, horrelako ekitaldi bat antolatu zuten emakume guztiei.

Laburbilduz, indarkeria matxistari ahotsa jartzea ez da gauza erraza; ez zen erraza izan gure birramonentzat eta ez da erraza izan gure senidearen erasoa jasan duen emakumearentzat. Baina beharrezkoa dugu erasoei ahotsa jartzea, errealitate patriarkal gogor honetan fokua jartzea eta erasoa jasan dutenei babesa helaraztea.