Erasoen aurrean autodefentsa/antolakuntza feminista

2022/10/18
Irailaren 16an Iraneko poliziak Mahsa Jina Amini atxilotu zuen, 22 urteko emakume kurdua, kaletik hiyab-a “ondo” ez eramateagatik. Komisariara oinez sartu zen arren, jasandako torturengatik koman atera zen eta hortik ordu gutxira hil egin zen. Hedabideetan ikusiko zenutenez, Iranen ez ezik munduko beste herrialdeetan ere emakumeak kalera atera dira, haien eskubideak eta bizitzak aldarrikatzeko.

Eta bai, bizitza aldarrikatzen dute, hedabide internazionalen arabera, ordutik estatuak 100 pertsona baino gehiago hil dituelako mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan. Gainera, bizitza aldarrikatzea ez da gauza makala, ikusi bezala, emakumea izatea ez baita gauza erreza, ez soilik Iranen, baizik eta mundu guztian ere.

Berria hedabidearen arabera, 2003tik biolentzia patriarkalak 115 emakume erail ditu Euskal Herrian, eta horiekin batera, 11 ume. Guztira, 126 pertsona, urtero ia 24. Datuak lazgarriak diren arren, ezin gara horretan geratu, azken batean, gaitza datuak baino gogorragoa da: emakumeok emakume izateagatik gara erailak, emakumeok emakume izateagatik pairatzen dugu biolentzia.

Biolentziak aurpegi asko ditu. Biolentzia ez dira soilik jasotzen ditugun labankadak, ez dira soilik ukabilkadak, ez dira soilik ubeldurak. Emakumeok biolentzia pairatzen dugu egunero, eta hau ez da argazki triste batean ikuskatzen.

1990. urtean Luis Bonino psikologoak `mikromatxismoa´ terminoa erabili zuen emakumeei zuzendutako gizonen “intentsitate txikiko” erasoak izendatzeko: hala nola, piropoak, kalean jarraitzea edota iraintzea. Barkatu?

Terminologia hau iraingarria ez ezik, biolentzia ere bada. Batetik, erailketa edota bortxaketa bat sufritu ez badugu, “intentsitate txikiko” erasotzat hartzen du. Bestetik, badirudi egunerokotasunean sufritzen ditugun egoerak direnez “normaltasunez” tratatu behar direla. Barkatu, baina jazarpena ez da mikroa eta emakume izateagatik kaletik jazarpena pairatzea izatea ez da normala, eta ez dugu onartuko.

Epaitegietan ere bada antzeko kasurik. Gasteizen, abortuaren aurkako ekintzaileak Errioxa kalean (Askabide klinikaren aurrean) jartzea ontzat jo zuen epaile batek. Araudiak kontrakoa dioen arren, epaileak ez du uste beharrezkoa denik manifestariak beren tokitik kentzea, emakumeak zein bertan lan egiten duten kideak egunero jasaten dituzten arren.

Carla Vall i Duran abokatuak dioen bezala, emakume batek ez lioke inoiz deituko “mikro” estrukturalak diren biolentziei. Guk inork baino hobeto dakigulako ze nolako ondorioak izan ditzaketen biolentzia horiek gure erabakietan eta gure bizimoduan. Egiturazko erasoek gure eguneroko hautuak baldintzatzen dituzte. Zenbatetan aldatu duzu arropa kaletik esan al zizutenaren beldur zinelako? Zenbatetan aldatu duzu ibilbidea bidetik gerta dakizunagatik? Zenbatetan ez duzu ahotsa altxatu asanblea batean sortu zitezkeen erreakzioengatik?

Zenbatze soilak min egiten du. Badirudi emakumeon eskubideak kendu eta jarri daitezkeela; badirudi gure bizitzak hutsaren hurrengoa direla, badirudi pairatzen dugun biolentzia onartu beharra daukagula eta badirudi ere, urteetan borrokatutako zein irabazitako eskubideak dekretu soil baten bitartez desagerrarazi daitezkeela.

Baina guk argi daukagu, erasoen aurrean antolatzen jarraituko dugu, zuen matxismoaren gainetik gure autodefentsa eratzen, zuen misoginiaren gainetik gure zaintzak sendotzen. Horregatik hemendik, auzoko, herriko, hiriko edota eskualdeko talde feministetan murgiltzeko deia egiten dizuet. Feministok soilik salba ditzakegu gure eskubideak.

Iraultza feminista izango da ala ez da izango.