Espazio seguruak behar ditugu

20/05/2024
Astelehena da eta aje emozionala dut. Asteburuan `Miaukatuz´, LGTBI+ voleyball taldeak antolatu duen Sagardo Voley-an hartu dut parte, eta egia esan urteko asteburu bikainenetariko bat izan da. Jakinaren gainean egongo zaretenez, maiatzaren 17 LGTBI fobiaren aurkako eguna da. Hori dela eta, Gasteizko taldeak asteburu osoko egitaraua duen txapelketa inklusiboa antolatu du. Bertara herrialde ezberdinetako kideak hurbildu dira, eta guztion erantzuna berdina izan da: “hurrengo urtean bueltatuko gara, horrelako espazio gehiago behar ditugu”.

Aurten, taldeak 10 urte bete ditu: 10 urte homofobia, transfobia, bifobia eta lesbofobiari aurre egiten; 10 urte espazio seguruak hedatzen. Latza da, baina 2024. urtean ere, heteronormatibatik at dauden gorputzentzat ez da ohikoa espazio seguruak aurkitzea.

Horrela azaleratu zuen Ikusgunek, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak, maiatzaren 14an argitaratu zuen txostenean. Entitateak aurrera eramandako dokumentuan jaso bezala, Araban, 2023.urtean, gutxienez 28 gertakari LGTBI+fobiko izan ziren. Bai, gutxienez hitza erabili dut, 28 hauek pertsona desberdinen denuntziaren ondorioa besterik ez baitira, eta kontuan izan behar dugu, arrazoi ezberdinak medio, pertsona guztiek ez dituztela biolentzia hauek azaleratzen.

Hori dela eta, berriro errepikatuko dut: espazio seguruak behar ditugu, eta ez bakarrik LGTBI+ kolektiboko kideek; espazio seguruak behar ditugu emakumeok, pertsona arrazializatuek, aniztasun funtzionala duten kideek, pertsona lodiek... Hau da, gizarte zisheteropatriarkal kapazitista honen norman aurkitzen ez garen gorputzok.

Bukatzeko, hemendik bada ere, eskerrak eman nahi diet antolakuntzako kideei, detaile guztien atzean egon zirenei, etxean bezala sentiarazi nautenei, egunerokotasunean gorputzak lehenengo lerroan jartzen dutenei, komunitateari, eta nola ez, zuei. Esan bezala, bueltatuko gara, horrelako espazio gehiago behar ditugu.