Interes pribatuen gainetik, bizitzak

2021/11/05
Duela bi egun, urriaren 26an, honakoa irakurri ahal izan genuen Hala Bedi hedabidean: “Urtaranen gobernuak tokiko merkataritzari laguntzeko funtsak eskatu ditu El Corte Inglés saltokiari obrak ordaintzeko”. Hasieran amorrua sorrarazi zigun arren, guretzat behintzat, ez zen ezustekoa.

ELAko kideok otsailean azaleratu genuen Europako Funtsak langile klasearen hilobia izango zirela, baita Europatik zetorren “oparia” zorrean zein prekaritatean sakontzeko. Maiatzean, Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataformak Next - Generation funtsak Hego Euskal Herrian zertarako erabiliko ziren azaltzeko eskuliburua argitaratu zuen. Bertan funtsak langileriaren premiei erantzun beharrean, europar kontinenteko enpresa handiak erreskatatzeko erabiliko zirela argi geratu zen, eredu ekonomiko berdeago, digitalago eta erresilienteago baten lelopean, beste behin ere, zorra eta murrizketak ezkutatzen zirela azaleratuz.

Nork azalduko dio Europar Batasunari eredu ekonomiko jasangarri batek ezin duela gaur egungo ekoizpen maila mantendu? Eta eredua iraultzeko beharrezkoa dugula baliabideen ustiapenean deshazkundea ematea?

Jai daukagu, honen inguruko informazioaz jabetzen diren arren, nahiago dute greenwashing-a aurrera eraman eta hitz hutsez eraikitako leloak erabili, gutxi batzuen mesedetan, baina beti ere, bizitzen kaltetan.

Hori gutxi balitz, europar funtsetako dirua enpresa multinazionaletara bideratuta egotea eta trantsizio ekologikoarekin ezer gutxiko harremana izatea, gogoratu beharra dago Europatik datorren dirua ez dela debaldekoa, horrekin batera langileen eskubideen murrizketak datozelako. Horren adibide dira, 2021. urtea bukatu baino lehenago Espainiar Gobernuak aurrera eraman behar dituen pentsioen eta lan erreformak.

Bai, egia da, Europatik milioi asko datoz eta agian pandemiak sortutako zenbait zulo betetzeko erabili ahalko genituzke, baina eredu kapitalistaren baitako krisia sistemikoa da hau, beraz, sistema eraldatzen ez bada, diru partida hori partxe hutsa baino izango da. Alternatibak badaude, eta horietako bat bidezko zerga-sistema bat ezartzea da, kapitalak dagokiona ordain dezala, ulergaitza baita lan errentek zerga zuzenetan 4 euro jartzen ditugun bitartean kapitalak euro bakar bat jartzea.

Laburbilduz, ez ditugu nahi El Corte Inglésen obretara bideratuta dauden 1,1 milioiak; ez dugu onartzen El Corte Inglés bezalako makro merkatalguneak “tokiko” merkataritzatzat hartzea; ez dugu onartzen herria zorpetuko dituzten funtsak interes pribatuetara bideratzea; ez dugu onartzen greenwashing-aren bitartez betikoen poltsikoak betetzea; hau da, ez ditugu Europako Funtsarik nahi, alternatibak badaude.