Egia eta memoria: Mallabian gertatutakoa

2025/05/22
Xabi Anza
Artikulu hau Carlos Etxeberrik 2025eko maiatzaren 18an Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaratutako “ELA en su laberinto” izeneko testuari erantzuteko bigarren idatzia da. Lehenengo erantzunean Etxeberrik ELAri buruz idatzitako ikuspegi orokorraren hainbat elementu aztertu nituen. Oraingoan, ordea, pasarte zehatz bati erantzun nahi diot, zeinak argitasun dokumentatua merezi duen: 1999an Mallabian ELA eta LAB sindikatuen artean egindako bilera nola deskribatzen duen Etxeberrik, eta horri lotuta ondorioztatzen dituen ideia politikoak.

Etxeberrik azaltzen duen kontakizuna, eta honek ondorioztatzen duen irakurketa, errealitate historikotik oso urrun daude. Eta hori salatzea ez da memoria ariketa huts bat: ardura politikoaren parte ere bada.

Bere artikuluan, Etxeberrik dio ELAk Mallabira jo zuela LAB “xurgatzeko” asmoz, eta bi egiturak bateratzeko helburuz. LABek, bere aldetik, “kontrako opa” hori baztertu omen zuen, zuzen. Bertsio hau ez da berria: ezker abertzaleko sektore batzuek hamarkadak daramatzate bertsio hori zabaltzen, distortsio historiko larria eginez. Eta Etxeberrik, modu akritikoan, bertsio hori bere egiten du. Ez du aipatzen gertatutakoaren kontakizun zehatz bakarra dagoela: German Kortabarriak “Gauzak horrela ere izan ziren” liburuan jasotakoa (gaztelaniaz: No pudimos ser amables). Kortabarriak berak parte hartu zuen bilera hartan.

ELAk ez zuen Mallabian ez bat-egiterik ez integraziorik proposatu. ELAk hiru eztabaida estrategiko jarri zituen mahai gainean, sindikatu bien artean marko komun bat eraikitzeko aukera aztertzeko, elkarren errespetuan, autonomian eta Lizarra-Garaziko prozesuan oinarrituta jauzi kualitatiboa proposatuz.

Lehenik, negoziazio kolektiboaren egoeraren inguruko azterketa partekatu genuen, eta LABek grebei eusteko erresistentzia-kutxarik ez izateak eragiten zuen desoreka nabarmendu genuen. Egoera horri aurre egiteko bideak proposatzeko prest geunden. Bi sindikatuek langileen borrokei eusteko gaitasuna indartzeko tresnak irudikatu nahi genituen.

Bigarrenik, pentsamendu estrategikorako espazio partekatu bat sortzeko aukera planteatu genuen: ELAk Manu Robles-Arangiz Fundazioa zuen, eta LABek Ipar Hegoa. Fundazioak mantenduz, estrategiak elkarrekin hausnartzeko gunea sortzea zen helburua.

Hirugarrenik, Ipar Euskal Herriari buruzko proposamen bat aurkeztu genuen: uste genuen ez zela egokiena bi sindikatuen siglak han errepikatzea, eta erabakiak bertako eragileek hartu behar zituztela, haien autonomia errespetatuz.

Bilera laburra izan zen, eta LABek hiru eztabaidak baztertu zituen. Ez zen interesa izan proposamenak kontrastatzeko. Handik gutxira, LABeko ordezkari batek esan zigun: “Ez gaituzue ezagutzen; ezagutuko bagintuzue, jakingo zenukete ezetz esango genizuela.” Bi hilabete geroago, LABek editorial bat argitaratu zuen, ELAri “hartzaren besarkada” saiakera leporatuz. Horrekin, elkarrizketa aukera oro itxi zuen.

ELA ez zen harroputza izan Mallabian. Ausarta izan zen.
Ez zuen inposatu, partekatu nahi izan zuen.

Narratiba horrek, urte luzez, estrategia komun baten ukapena justifikatzeko balio izan du. ELA erakunde supremazista eta itxia balitz bezala aurkeztu dute, proposamen irekia eta partekatzeko prest zegoena ELA bera izan zenean.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, LABek berehala ezarri zituen bere siglak han. ELAk, aldiz, ez zuen horrelakorik egin. Hala ere, urte hauetan guztietan, ELAk eta bere Fundazioak aktiboki parte hartu dute Ipar Euskal Herriko borroka sozialetan, adibidez, Laborantza Ganbararen aldeko borrokan edo armagabetze zibilean. Beti errespetuz eta eremua lehiatu gabe.

Ziur gaude: LABek ELAren eztabaida-proposamena onartu izan balu, ETAk ere zailtasun handiagoak izango zituen 1999 amaieran armetara itzultzeko justifikazioa bere unibertsoan onargarri egiteko. Bi sindikatuen arteko elkarlana baloratzen zuen oinarri sozial handi bat zegoen, bi sindikatuen oinarri soziala bera baino handiagoa, eta hori bestelako bide baten hasiera izan zitekeen. ETAk egin zuenak erakusten du gainera, borroka sozialen esparruan eta autonomiatik soilik hartu beharko liratekeen erabaki batzuk zenbateraino egon ziren baldintzatuta gizarte zibilaren borroken logikatik kanpoko estrategiekin. Hori ere konstante bat izan zen gurean. Eta hori ez zen izan ELAren errua. Beste batzuk izan ziren sindikalismoa kanpotik inposatutako agenda batera egokitu behar zela erabaki zutenak.

Mallabikoa ez da anekdota hutsa: lezio argia da. Batasun-aukerak nola eraikitzen edo blokeatzen diren erakusten du, eta, aldi berean, errelatoak gertakarien gainetik ezar daitezkeela. Horiek zuzendu ezean, oraina eta etorkizuna baldintza ditzakete.

ELA ez zen harroputza izan Mallabian. Ausarta izan zen. Ez zuen inposatu, partekatu nahi izan zuen. Eta gertatu zena da LABek ezetz esan ziola aukera historiko bati. Baliteke norbaitek uste izatea borroka armatuaren amaierak LABentzat aukerak zabalduko zituela, baina benetan galdu zena izan zen elkarlanerako aukera eraldatzaile bat.

Gaur egun, ELAk ez ditu bere siglak Iparraldean ezarri, baina presentzia, jarduera eta harreman sendoak ditu han. Eta horrek erakusten du garrantzitsuena ez dela ikusgarritasun instituzionala, baizik eta zein eragilerekin gauden, zertarako gauden eta nola gauden.

Artikulu hau ez da iraganari buruzko defentsa huts bat. Baieztapen politikoa da: sindikalismo abertzaleak memoria eta egia behar ditu. Eta egia horretatik bakarrik sor daiteke elkarlan serio eta autonomoa, kontakizun interesaturik gabe.

ELA ez dago labirinto batean, Etxeberrik dioen bezala. Ildo argia eta zilegia du, eta arduraz jokatzen du, baita iraganetik ikasteko orduan ere. Izan ere, berandu baino lehen egin beharreko ariketa batez ari gara: klase gisa eta herri gisa beharrezkoa dena.