16. KONGRESU KONFEDERALA
ELAk 3.234 afiliatu gehiago ditu aurreko kongresutik

ELAk, hainbat komunikabidetako kazetarien aurrean, sindikatuaren benetako afiliazio-zifrak ziurtatu ditu gaur; izan ere, gonbidatuen eskura jarri du afiliazio-datu errealak zuzenean egiaztatzea, betiere dagozkion datu pertsonalen babesarekin. Hau da, ziurrenik, Euskal Herrian dagoen gardentasun-ariketa bakarra. Horrela, egiaztatuta geratu da ELAk 104.159 afiliatu dituela (aurtengo otsaileko datuak hartuta), hau da, 3.234 kotizatzaile gehiago 2021ko Kongresuan jasotako datuekin alderatuta (orduan 100.925 pertsona ziren). Ekitaldi hau kongresuen aurreko asteetan egin ohi da. Kasu honetan 16. Kongresua ekainaren 2an eta 3an Bilbon egingo da.
ELAren izaera islatzen duten beste datu esanguratsuak ere badaude, betiere afiliazioari dagokionez: sindikatu osoko emakumeen ehunekoa % 46tik % 47,7ra igaro da lau urtean, eta igoera hori zerbitzu-sektoreetan gertatu da batez ere (hemen emakumeen ehunekoak ia bikoizten du gizonena), prekarizatuenak direnak, hain zuzen ere. Horrek erakusten du ELA oso presente dagoela lan sindikala beharrezkoa den lantokietan, langileak babesik gabe dauden lekuetan.
Afiliazioa funtsezkoa da ELAren zeregin sindikala eta izaera bera ulertzeko, indar militante horrek ahalbidetzen baitu sindikatuaren urteko diru-sarreren % 92 baliabide propioetatik etortzea. “Afiliazioa eta kuotak ezinbesteko baldintza dira konfrontazio-sindikalismoa garatu ahal izateko. Kontrabotere politiko eta ekonomiko gisa jarduteko autonomia ezinbesteko baldintza da. Ez dago kontrabotere posiblerik autonomiarik gabe”, nabarmendu du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak.
ELAk bere egoera ekonomikoaren balantzea ere egin du, Amaia Muñoaren eskutik. Bertan, erresistentzia-kutxaren indarra azpimarratu behar da, greban dauden pertsonei 1.450 euroko kalte-ordaina ematen baitie hilean (ohiko gatazketan). Iaz, 5.653 afiliatuk jaso zuten erresistentzia-kutxatik kalte-ordaina.“Horrek azaltzen du ELAk lan-baldintzak defendatzeko duen gaitasuna, greba oinarrizko elementua baita konfrontazioko negoziazio kolektiborako, eta ez enpresen menpekoa”, azaldu du Muñoak.
Ildo horretan, azpimarratu behar da ELAk hileko kalte-ordain hori % 25 handitu duela azken lau urteetan, erresistentzia-kutxaren osasun onaren erakusgarri, afiliatu bakoitzaren kuotaren % 25 bideratzen baita kutxa horretara. Lakuntzak gaineratu duenez, “herrialde honetako esperientzia solidario handienetako bat da. 104.000 pertsonak beren kuotaren laurdena bideratzen dute solidarioki greban dauden langile guztiei. ELAk erresistentzia-kutxa indartzen jarraituko du, lorpen sindikaletarako oinarrizkoa baita”.