LANGILERIA ANTOLATU, GIZARTEA ERALDATU
ELAren 16. Kongresu konfederala, ekainaren 2an eta 3an

Kongresua zenbakitan
Sindikatuaren estatutuen arabera, 736 ordezkarik eztabaidatuko dute Batzorde Eragileak aurkeztutako kudeaketa txostena, bai eta hurrengo lau urteetako lan sindikalerako ildo nagusiak definituko dituen Ponentzia ere.
736 ordezkarietatik 344 gizonak izango dira eta 392 emakumeak ( % 53,2). Horrek agerian uzten du ELAk genero berdintasunaren alde egiten duen apustua. 2008ko kongresuan emakumeen parte-hartzea % 30,3koa izan zen; 2013an, % 33,4koa; 2017an, % 42,8koa; eta 2021ean, % 47,2koa.
Batzorde Eragile berrirako proposamena
Datozen lau urteetan Batzorde Eragilea osatuko duten pertsonak eta euren funtzioak aukeratzeko unea da Kongresua. Mahai gainean dagoen proposamenak hiru pertsona berri sartzea dakar: Ane Bilbao Alzelai (Gasteiz, 1993), Luis Fernández Centeno (Iruña, 1973) eta Unai Oñederara Egaña (Donostia, 1973). Horregatik, Kongresuaren babesa jasoz gero, Batzorde Eragile parekidea izango da (6 emakume eta 6 gizon): Mitxel Lakuntza Vicario (idazkari nagusia), Amaia Muñoa Capron-Manieux (idazkari nagusiaren ondokoa). Nazioartekoa), Ane Bilbao Alzelai (Zerbitzu Juridikoak), Luis Fernández Centeno (Sindikalizazioa, Militantzia, Ekintza konfederalak), Leire Gallego López de Goikoetxea (Genero berdintasunerako politikak, Gizarte ekintza, Migrazio politikak), Iván Giménez Gil (Komunikazioa), Pello Igeregi Santamaría (Negoziazio kolektiboa, Lan Osasuna, Euskara), Alazne Mantxola Mintegi (Diruzaintza), Aitor Murgia Esteve (Ikerketa Kabinetea, Gizarte Politikak, Ingurumena), Unai Oñederra Egaña (Prestakuntza, Iparraldea, Estrategia subiranista), Leire Txakartegi Iramategi (Erakundea), Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Afiliazioa, Hauteskunde Sindikalak).
Kongresuaren informazioa
Kongresuak bi egun iraungo du, lehena goiz eta arratsaldez eta bigarrena goizez. Ekainaren 2ko inaugurazio saioa goizeko 9:00etan hasi eta 17:45ak aldera amaituko da. Lehenengo egunean azken lau urteei buruzko balorazioa egingo da eta kudeaketa txostena eta txosten ekonomikoa aletuko dira. Era berean, Printzipioak berritzeko bozketa egingo da. Bigarren jardunaldian, Ponentzia eztabaidatuko da eta Batzorde Eragile berria aukeratuko da. Gonbidatutako erakundeek ere parte hartuko dute egun horretan (LAB, Intersindical, CIG).
Datu horiek guztiak eta beste berrikuntza batzuk eskuragarri egongo dira ELAren sare sozialetan eta webgune honetan: https://www.ela.eus/eu/kongresua
Zuzeneko seinalea egongo da, eta webgune beraren bidez jarraitu ahal izango da.