LANGILERIA ANTOLATU, GIZARTEA ERALDATU

Hasi da ELAren XVI Kongresu Konfederala

2025/06/02
Kongresua Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da ekainaren 2an eta 3an, eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da: https://www.ela.eus/eu/kongresua Lehenengo egunean, Batzorde Eragilearen kudeaketa txostenak bozkatuko da, Mitxel Lakuntza, Amaia Muñoa eta Alazne Mantxolaren partaidetzarekin. Gainera, ELAk Kongresua baliatuko du 1976. urtean onartutako printzipioak berritzeko #LangileriaAntolatuGizarteaEraldatu #16KongresuaELA #MásSindicatoMásVida

Goizeko 09:00tan abiatu da ELAren XVI Kongresu Konfederala. Ekainaren 2an 3an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian, 'Langileria antolatu, gizartea eraldatu' lelopean. Leloak berak adierazten duen bezala, helburua langile klasea eragile aktibo eta eraldatzaile gisa antolatzea da, gizarte justuago bat lortzeko. Izan ere, 'Más sindicato, más vida' da ELAk aukeratu duen leloaren bigarren zatia.

ELA sasoi betean heltzen da Kongresura. Datuei erreparatu besterik ez dago: ELAk 104.159 afiliatu ditu, aurreko kongresuan baino 3.234 afiliatu gehiago. Guztira 736 ordezkari daude deituta Kongresuan parte hartzera. 736 ordezkarietatik 344 gizonak izango dira eta 392 emakumeak (% 53,2). Horrek ageria uzten du ELAk genero berdintasunaren alde egindako apustua. 2008ko kongresuan emakumeen parte-hartzea % 30,3koa izan zen; 2013an, % 33,4koa; 2017an, % 42,8koa; eta 2021ean, % 47,2koa.

Lehenengo egunean kongresu-kideek Batzorde Eragileak aurkeztutako kudeaketa txostena eztabaidatuko eta bozkatuko dute; Mitxel Lakuntzak, Amaia Muñoak eta Alazne Mantxolak aurkeztuko dute kudeaketa txostena. Gainera, ELAk Eibarren egin zen 1976ko III. Kongresuan onartutako printzipioak eguneratzeko aprobetxatuko du XVI. Kongresua. Printzipioak Euskal Herri burujabe, feminista, euskaldun, sozialista, anitz eta solidario baten alde lan egiteko gonbidapena dira

Hiru pertsona berri Batzorde Eragilean

Ekainaren 3an izango da Kongresuko bigarren eta azken eguna. Egunari hasiera emateko datozen lau urteetako lan sindikalerako ildo nagusiak definituko dituen ponentzia eztabaidatu eta bozkatuko da. Kongresuak datozen lau urteetan Batzorde Eragilea osatuko duten pertsonak aukeratzeko ere balioko du.

Batzorde Nazionalak dagoeneko proposatu du Kongresuan bozkatuko diren pertsonen eta egitekoen zerrenda. Batzorde Eragilean hiru pertsona berri sartzea proposatzen da:

  • Ane Bilbao Alzelai (Gasteiz, 1993). Afiliatua 2017tik, ELAren zerbitzu juridikoetan hasi zuen bere ibilbidea, eta Hezkuntzako arduraduna izan da.
  • Unai Oñederra Egaña (Donostia, 1973). 2009az geroztik ari da lanean Manu Robles-Arangiz Fundazioan, eta bertako zuzendaria izan da azken urteetan. 
  • Luis Fernández Centeno (Iruñea, 1973). ELAko afiliatua 1995etik, hainbat federaziotan izan ditu ardurak, eta gaur egun Ezkerraldea-Kadagua eskualdeko arduraduna da.

BATZORDE ERAGILE BERRIAREN PROPOSAMENA

Mitxel Lakuntza Vicario (Iruña, 1976): Idazkari Nagusia.

Amaia Muñoa Capron-Manieux (Aix-En-Provence, 1974): Idazkari Nagusiaren Albokoa. Nazioartea. 

Ane Bilbao Alzelai (Gasteiz, 1993): Zerbitzu Juridikoak.

Luis Fernández Centeno (Iruña, 1973): Sindikalizazioa. Militantzia. Ekintza konfederalak.

Leire Gallego López de Goikoetxea (Gasteiz, 1989): Genero berdintasunerako politikak. Ekintza soziala. Migrazio politikak.

Iván Giménez Gil (Iruña, 1976): Komunikazioa.

Pello Igeregi Santamaría (Sopela, 1981): Negoziazio kolektiboa. Lan osasuna. Euskara.

Alazne Mantxola Mintegi (Legazpi, 1988): Diruzaintza.

Aitor Murgia Esteve (Berango, 1988): Azterketa bulegoa. Politika sozialak. Ingurumena.

Unai Oñederra Egaña (Donostia, 1973): Prestakuntza. Iparraldea. Estrategia suberanista. 

Leire Txakartegi Iramategi (Ondarru, 1973): Antolakuntza.

Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Durango, 1989): Afiliazioa. Hauteskunde sindikalak. Kudeaketa sistema. Genero Ekitaterako Plana.