16. KONGRESUA - IDAZKARI NAGUSIAREN HITZALDIA

Mitxel Lakuntza: "ELAk dio sindikatuen eta beste eragileen politika egiteko eskubidea errespetatzen ez bada, ez dagoela demokraziarik"

2025/06/03
Lakuntzak nabarmendu du "ELAk eredu sindikalaren borroka irabazi duela; elkarrizketa sozialaren argazkia porrot baten argazkia da"

DISKURTSO OSOA

Mitxel Lakuntza berriro hautatua izan da beste lau urtez ELAko idazkari nagusi izaten jarraitzeko, Batzorde Eragile berriaren proposamenaren barruan, eta horregatik egokitu zaio ELAren 16. Kongresuko azken hitzaldia egitea. Bere diskurtsoaren ardatz nagusietako bati jarraituz, Lakuntzak salatu du "behin eta berriz, patronalek eta euskal alderdi batzuek zalantzan jartzen dutela sindikatuen oinarrizko eskubideak: adierazpen askatasuna eta askatasun sindikala; ELAk politika egiten du eta egiten jarraituko du, Osakidetza edo zaintza sistema defendatzea politika egitea baita, hala nola etxebizitza eskubidea defendatzea edo bidezko fiskalitatea eskatzea". Horregatik, Lakuntzak ohartarazi du "ELAk ez duela onartuko inork zalantzan jartzea sindikatuak politikan eragiteko duen zilegitasuna".

Ildo horretan, ELAko idazkari nagusi hautatu berriak salatu duenez, "sistemarekin ados dauden eragile sozial eta sindikalen iritziak eta jarduera baino ez dira onartzen, eta adostasun horretatik kanpo gaudenok gure zilegitasuna zalantzan jartzen digute". Gauzak horrela, Lakuntzak argi utzi du "ez dela demokraziarik egongo sindikatuen eta beste eragile sozialen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez badira, politikan eragiteko eskubidea barne; horrek beste izen bat du, eta ez du demokrazia izena".

Lakuntzak gogorarazi du Kongresuak ELAren printzipioak berritu dituela, autonomia kolektiboaren garrantzia azpimarratuz. "ELA da herri honetako lehen sindikatua, eta hor datza gure zilegitasuna eta indarra, langile klaseak egunero ematen diguna".

"Ezkerra ezin da akordio eskasekin konformatu"

Gai nagusien artean, Lakuntzak azpimarratu du "ELAk herri honen erabakitzeko eskubidea defendatzen jarraituko duela, lan legedian eta gizarte segurantzan eskumen osoak barne, adibidez. Eta horrekin batera, bermeak behar ditugu akordioak bete daitezen eta euskarak bere legezko menpekotasun egoera gainditzeko". Koherentziaz, "ELAk ez ditu onartuko egungo estatus politikoaren aldaketa kosmetiko hutsak, eta ez du ontzat emango edozein akordio, sinatzen duenak sinatzen badu; eztabaida honetan herritarrok parte hartu behar dugu, eta ELAk langileak bere helburuak eta interesak aurrera atera ahal izatea bultzatuko du".

Ildo horretan, ELAko idazkari nagusiak gogorarazi du "instituzioetan beste politika bat beharrezkoa dela, ezkerretik hasita, eskuinari aurre egingo dion ezkerra, akordio eskasekin ados konformatuko ez dena, eta alternatiba eraldatzaileak defendatuko dituena, eragile sozialekin elkarlana bilatuko duena; Elkarlan hori da gustatuko litzaigukeena. Langileen aldeko politikak erdigunean jarriko lukeena".

Bestalde, Lakuntzak adierazi duenez, "ELAk irabazi du eredu sindikalaren borroka; deitutako elkarrizketa sozialaren argazkia porrot baten argazkia da; diru publikoa euren artean banatzen duten arren, ezin dute errealitate bat ezkutatu: mahai horietatik, ez Nafarroan ez EAEn, ez da ezer onuragarririk atera langile klasearentzat". Aldiz, nabarmendu duenez, "ELAk, kontrabotere-ereduari eta patronalarekin konfrontazioari esker, prekaritatea murrizteko garaipen garrantzitsuak lortu ditu, hitzarmen gehiago eta hobeak".

Aitor Estebanen deskonexioa euskal errealitatearekin

Hori frogatzeko, Lakuntzak banan-banan desegin ditu ELAren aurka egindako kontakizunaren faltsukeriak. "Ez da egia ELArentzat gatazka berez helburua denik; patronalak edo gobernuek mahai gainean eduki onak jartzen dituztenean, sindikatu honek sinatu egiten du. Aitor Estebanek dio ELArekin ezin dela akordiorik lortu, baina agerian geratzen da berak euskal errealitatearekin duen deskonexioa: ELA da hitzarmen gehien sinatzen dituen sindikatua, alde handiarekin: 2024an, 250 hitzarmen baino gehiago, adibidez. Eta hitzarmenik onenak dira, estatistika ofizialen arabera”.

"Kontakizun faltsu hori eraikitzen dute -jarraitu zuen- ez garelako sartzen gobernuek eta patronalak ezartzen duten markoan, baina ezin dute onartu 104.000 afiliatuen sindikatu honen sendotasuna; hori da jasan ezin dutena. Eta horretara etorri gara kongresu honetara, sindikatua are sendoago egitera".

Bide horretan aurrera egiteko tresnetako bat militantzia da: "ELAn leku bat dago borrokatu nahi duen ororentzat. Ez dago inor soberan. Sindikatu militante batek ez du sabairik". Ideia hori garatuz, Lakuntzak honako hau adierazi zuen: "Militante batek ikuspuntu kolektiboa du eta, gainera, konpromisoa hartzen du; bere interes pertsonaletatik haratago doa, indibidualismoa gainditzen du, kolektibora bidean; militante izatea jarrera bat da, baina ez dago militante izateko era bakar bat; militantzia ezin da erabateko disponibilitatearekin neurtu; era askotako militantziak behar ditugu, anitzak eta inklusiboak".

Lakuntzak etorkizunerako deia egin zion Kongresuari: "Botere sindikal gehiago behar dugu lantoki bakoitzean, eta eragin politiko handiagoa; horretarako lan egiten dugu, eta jauzi erabakigarria militantziarekin baino ez da lortuko; ez dugu ezer garrantzitsuagorik egiteko datozen lau urteetan”.

 

Gora ELA

Gora munduko langileria

Gora Euskal Herria aske eta solidarioa! ".