LANGILERIA ANTOLATU, GIZARTEA ERALDATU

Ponentziaren eztabaida eta Batzorde Eragilearen hautaketa, bigarren eguneko ardatz nagusiak

2025/06/03
Hasi da ELAren XVI. Kongresu Konfederaleko bigarren eguna. Ponentzia eta Batzorde Eragilea bozkatuko dira gaur, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia berriro hautagai dela. Kongresua streaming bidez ere jarraitu ahal izango da: https://www.ela.eus/eu/kongresua Gainera, ordezkari gisa akreditatuko sindikatuko delegatuek Kongresuan aurkeztuko diren hiru ebazpenak eztabaidatuko eta bozkatuko dituzte.

Egunari hasiera emateko datozen lau urteetarako lan ildoak ezartzen dituen Ponentzia eztabaida eta bozkatuko da. 2021eko kongresuan, ELAk lan sakona egin zuen ildo estrategiko sendo batzuk identifikatu eta zehazteko: prekaritateari aurre egitea, militantzia landu eta sendotzea, lan zentroak sindikalizatzea, genero ekitaterako antolakuntza eraldatzea eta lan planifikatua egituratzea. Lau urte hauetan, ELAk aurrerapauso nabariak eman ditu, baina bide hori ez da inoiz amaitzen. Beraz, ildo estrategiko berberei eutsiko die ELAk.

Gauzak horrela, sindikalismo feminista eraikitzeko bidean, emakumeek pairatzen duten diskriminazioari aurre egiteko barrura eta kanpora begirako planak garatzea planteatzen da, eta genero begirada sindikatuaren egiteko guztietan txertatzea, emakumeen parte hartzeari eta ardura hartzeari leku egiteko.

Hortik harago, ELAk maila guztietan parte hartze esparruak sortu eta sendotu nahi ditu, pertsonak ideologiko, teknikoki eta organizazionalki trebatu, ardurak eman eta ahaldundu. Militantziaren ekintza eremua zabaldu nahi du sindikatuak: enpresetan, noski, baina baita esparru sozial eta politikoetara hedatuz ere. Militantzia integrala sustatu nahi du ELAk.

Lan esparruan, ELAk azpimarratu du inoiz baino aberastasun handiagoa sortzen ari dela langile klasea. Urtez urte enpresek irabaziak handitzen dituzte, baina aberastasunaren banaketan lan errentek pisua galtzen dute eta desberdintasunak eta pobrezia hedatzen ari dira. Horri buelta emateko, KPItik gorako soldata igoerak eta lanaldi murrizketaren alde borrokatzen jarraituko du ELAk. Horretarako, ezinbestekoa izango dira langileen parte hartzea, antolakuntza, mobilizazioak eta grebak.

Ebazpenen eztabaida

Guztira hiru izango dira Kongresuan eztabaidatu eta bozkatuko diren ebazpenak. Ebazpenek azken hilabeteetan puri-purian dauden gaiak jorratzen dituzte, eta ELAk garrantzia berezia eman nahi die Kongresuan: belizismoa eta Europaren militarizazioa; patronalari soldatak eztabaidatu eta burujabetza eraikitzeko beharra; burujabetza eta justizia sozialerako marko berria.

Ekainaren 3ko egitaraua

8:30 - 9:00 Ordezkarien akreditazioa

9:00 -9:50 Ponentziaren aurkezpena

9:50 - 11:00 Zuzenketen Eztabaida eta bozketa. Ponentzia osoaren bozketa

11:00 - 11:30 Ebazpenen aurkezpena eta bozketak
Gonbidatutako erakundeen hitzartzeak tartekatuko dira

11:30 - 12:30 Batzorde Eragilea aurkeztea eta hautatzea

12:30 – 13:00 Kafea hartzeko atsedenaldia

13:00 - 13:30 Batzorde Eragilearen aurkezpena eta Idazkari Nagusiaren hitzaldia

13:30 - 14:00 Kongresuaren amaiera-ekitaldia