Aldaketa garaia da

Beti da aldaketa garaia ELArentzat, gizarte justuago bat lortzeko borrokan, beti egon behar baita erne, beti jardun behar baita tiraka, lortutakoak babesteko eta lorpen berriak erdiesteko.

Pandemia honek inoiz baino nabariago utzi ditu gure gizartearen gabeziak eta dohainak. Krisiek pertsonen eta gizarteen alderik onenak eta txarrenak uzten dituzte agerian. 2008ko krisia oraindik gainditu gabe genuelarik, pandemia honek sorturiko osasun krisiak ondorio ekonomiko, laboral eta sozial handiak eragin ditu langileentzat.

Batzuek egoera nahasi hau baliatu nahi dute balore indibidualistak eta neurri neoliberalak bultzatzeko: kaleratzeak erraztuz, pentsioak murriztuz, lan baldintzak okertuz, lan munduaren uberizazioa bultzatuz...

ELAren egitekoa da borroka horietan guztietan indarrak kolektiboaren alde jartzea. Gure lana da benetan garrantzitsuak diren gauzak aktibatu, lortu eta zaintzea. Eguneroko borroka bat da hori, baina lau urtean behin gure egiturak eta irizpideak zorroztea, eguneratzea eta hobetzea egokitzen zaigu. ELAren 15. kongresua egitea dagokigu orain:

  • Exekutiba berria hautatzeko.
  • Azken lau urteotako kudeaketa txostena onartzeko.
  • Eta datozen lau urteetarako ponentzia eztabaidatu eta onartzeko.

Aldaketa potoloak datoz (lan erreforma, pentsioen erreforma...), eta langileon alde jarri behar ditugu aldaketa horiek. Kapitalaren aurrean, benetan garrantzitsuak diren gauzak aktibatu, lortu eta zaindu behar ditugu:

1) Bizitza eta osasuna erdigunera ekartzea
2) Zerbitzu publikoak doakoak eta unibertsalak izatea
3) Erabakitzeko eskubidea gure bizitzako arlo guztietara zabaltzea
4) Genero ekitatea lortzea
5) Ingurumena zaintzen duen gizarte eredu bat bultzatzea
6) Kolektiboaren bizi baldintzak hobetzea

Horiek guztiak lortzeko, langileria aktibatu egin behar da. Ekin eta ekin egin behar zaio borrokari, erreibindikazioari, politika justuagoak proposatzeari. Horretarako lortu egin behar dira lan baldintza hobeak, ondasunen banaketa eta denontzako eskubideak. Eta horretarako zaindu egin behar dira lortutako guztiak, egunero baitaude kolokan, egunero saiatzen baitira langileei koska bat estutzen.

Orain, inoiz baino gehiago, ELA kontrabotere bat da, langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko tresna sozial bat, benetan garrantzitsuak diren gauzak lortzeko bitarteko bat.

Horixe da ELAren egitekoa:

Aktibatu. Lortu. Zaindu. Benetan garrantzitsuak diren gauzak