Clece enpresako langileen mezua

2016/03/01
Gaur bertan Arrasateko herriko plazan Arrasateko Udalak azpikontratatuta daukan Clece enpresako langileek bilkura egingo dute. Etxez etxeko laguntzan lan egiten duten langileak dira, hitzarmen duina eskatzen ari direnak. Jarraian irakurleari zuzendutako beraien mezua jaso dugu.

Guk ematen dugun zerbitzua Udaletxeak eskaintzen du. Eurek ez dutenez aurrera eramaten, enpresa bat azpikontratatzen dute, imajinatuko duzunez, sartzen den enpresa horrek ez dauka interes handirik gure baldintzak onenak izan daitezen. Eskuragarritasun altua, soldata baxu baten truke. Eta ziurrenik zuri zure lantegian antzeko zerbait gertatuko zaizu, bai, badakigu.

Guk gure egoerarekin arduradun joka dezan eskatzen diogu Udalari. Berak eskaintzen duen zerbitzua denez, berak bermatu behar ditu gure lan baldintzak. Izan ere, langile izateaz gain emakume gara, ama, lagun, izeba, maitale, kirolari... eta guk gaur egun ditugun baldintzekin, nekez uztartu ditzakegu bizitzako beste fazeta hauek.

Kontratuak erabiltzaileekin ditugu, hau da, hauetako batek kontratua bertan behera uzten baldin badu, gu airean geldituko gara, zintzilik, esku hutsik eta lanik gabe, beste bat kontratatu arte. Guk kontratua enpresarekin nahi dugu, beste enpresa guztietan bezala, eta enpresak egin dezala lana guri lanlekuak bilatzen. Guk ez dugu beti ziurgabetasun horretan egon nahi.

Ulertuko duzunez, egoera honetan ez daukagu inongo segurtasunik gure diru sarreretan. Hilabete batean 230€ irabaz ditzakegu, hurrengoan 700€ eta hurrengoan 600€. Horrek gure egoera prekarizatzen du, ezin dugu mailegurik eskatu, ez dakigu hilabeteko alokairua pagatu dezakegun edo ez.

Horregatik, guk gure Hitzarmen propioa lortu nahi dugu, gure lan baldintzak egonkortuko dituena, azken finean... Udaletxeak eskaintzen duen zerbitzu bat eramaten dugulako aurrera.

Imajinatzen duzue Udalak bertako beste edozein zerbitzutan horrela jokatuko balu?

595BARU (id: 7140048)