Glasgow, COP26: hitz asko, ekintza gutxi

Nazio Batuen klima aldaketaren gailurra, COP26 izenekoa, Glasgow-en (Eskozia) bildu da azaroan. Beste urte batez ere porrota izan da: 26 gailur, 42 urte… Eta duela 30 urte hartu beharreko neurriak proposatu dituzte berriro. Orain hartu beharreko neurriak 30 urte barru hartuko badituzte, ez da egongo zer salbatu. Hitz asko eta ekintza gutxi.
Irailean IPCCk (klima aldaketa aztertzen duen nazioarteko taldea) jakinarazi zuen “berotegi efektuko gasen emisioetan murrizketa handiak egiten ez badira atzera bueltarik gabeko egoera batean murgilduko garela”. Egoera katastrofikoa ekiditeko beharrezkoa da planetaren beroketak 1,5ºC ez gainditzea, baina COP26ko akordioa muga horretatik oso urrun geratu zen. Onartu ziren neurriekin planeta 2,4ºC berotuko da.
Larrialdi klimatikoaren egoera onartu zen, baina ez dago akordio loteslerik: herrialde bakoitzaren borondatearen arabera beteko da (edo ez) sinatutako apurra.
Energia fosilei dirulaguntzak murriztea eta ikatzaren erabilera mugatzea zegoen hasierako testuan, baina India eta beste ikatz ekoizle eta kontsumitzaile batzuen presioak azken orduko aldaketa eragin du. “Erabiltzen uztea” eskatzetik “pixkanaka murriztera” pasa da.
Bestetik, klima aldaketa modu gogorrenean jasaten duten herrialdeek betidanik eskatu dute kalteak ordaintzeko funts bat sortzea, baina hori ere ez da sortu. Dena den, klima aldaketara egokitzeko finantzazioa ere mahai gainean egon da COP guztietan. 2009an onartu zen 100.000 milioi dolarretako Klimarentzat Fondo Berdea delakoa ere ez da oraindik lortu eta 2025era atzeratzea erabaki da. Kontuan izan behar da finantzazio guzti hau herrialde garatuenek ipini beharreko dirua dela, garapen bidean daudenek klima aldaketari aurre egin eta garapen “garbiago” bat izan dezaten. Puntu hau oso garrantsitsua da justizia klimatikoa egon dadin, eta oraingoan ere ez da beteko.
Beste behin ere, argi geratu zaigu noren interesak defendatzen diren horrelako gailurretan. Ez dituzte entzun ere egiten klima aldaketa gehien sufritzen duten herrialdeen eskariak, eta hauen ordez, emisio gehien dituzten eta aldatzeko behar gehien duten herrialdeen interesak defendatzen dira, hauen atzean dauden energia fosilen lobby-ak ahaztu gabe.
COP hau antzerki hutsa izan da, politikari batzuen -Eusko Jaurlaritza barne- propaganda hutsa.

Erreportajea

¡A la calle frente al enésimo chantaje en pensiones y reforma laboral!

La movilización es la única vía efectiva para condicionar las reformas que se avecinan, sin descartar la huelga general.