Elefantearen aurkako borrokan ... M8
George Lakoff hizkuntzalari estatubatuarrak “elefantean ez pentsatzea” gomendatzen du, baina elefante hitza entzun bezain laster, elefantea marrazten dugu gure buruan. Eta ez dago elefantea burutik kentzerik. Hor jarraitzen du, mugiezin, astun, erraldoi, espazio guztia okupatzen.
Andaluziako hauteskundeetatik hona, gure elefantea Vox da. Komunikabide eta lagun arteko elkarrizketa guztietan, ultraeskuindarren ideiak hauspotzen ari dira, orain arte albo batean zeuden burutazioak eztabaida publikoa monopolizatzeraino. Euren diskurtsoa audientzietarako droga da, eta komunikabideak gameluak bihurtu dira.
Ultraeskuindarraren aurkako ustezko borroka inozoan, euren ideiak zabaltzen dira eta horrekin batera, agenda eta markoa oparitzen dizkiegu. Andaluziako Parlamentuan 12 eserleku dituzte, baina minbizia komunikatibo honi esker, dena kolonizatu dute. Hau dena aztertzeko, gai honi erreportaje bat eskaini diogu zenbaki honetan.
Kostata, baina afera batzuetan aurrerapausoak ematen ari ziren, eta feminismoaren eredua hor dago, lehen lerroan. Emakumeen aurkako erasoak indarkeria matxista bezala sailkatzen zirenetik, atzerapausorik ez zela izango uste genuen: gizarte osoaren arazoa zela ongi errotuta omen zegoen.
Baina ez. Andaluzian –Euskal Herritik ehunka kilometrora– 12 diputatuen agerpena nahikoa izan da hau dena hankaz gora jartzeko. Indarkeria domestikoa dela diote, eta eztabaida horretan murgildu gara. Salaketa faltsu asko daudela diote, eta gezur hori agerian uztera abiatu gara. Ia ohartu gabe, haiei interesatzen zaizkien gaiei buruz hitz egiten dugu, egunero, atsedenik gabe.
Eztabaida publikoaren markoa aldatzeak dena aldatzen du. Kasu honetan, txarrerako.
Agian, gure gaiak mahai gainean jarri behar ditugu, eta proposamenak aurrera begira plazaratu. Soldata arrakalak, adibidez, hortxe dirau. Euskal Herriko emakumeek gizonek baino 8.000 euro gutxiago irabazten dituzte: gutxi gorabehera, azken hiru hilabetetan doan egiten dute lan. Urtero. Eta badaude tresnak eta proposamenak hau aldatzeko. Adibide bat besterik ez da, baina une hauetan oso egokia da. Iaz bezala, Martxoaren 8an greba feminista dator, biztanleriaren erdiari zuzendutako greba orokorra. Greba deialdia enplegutik haratago doan arren, lan harreman formaletan ere badago makina bat arrazoi greba egiteko. Emakumeen prekarietatearen aurkako borrokan, egun hori aldarrikapen zehatzekin bete behar da.
Azken finean, benetako lorpenak etorriko dira baldin eta benetako edukien alde borrokatzen badugu, eta kapitalismoaren aurkako bidean aurkituko ditugu.
Horregatik greba, horregatik emakumeena.
Aldaketa loratuz, emakumeok* planto! Martxoaren 8ko ELAko leloak ez du esaldi borobil huts bat izan behar, baizik eta aldarrikapen zehatzen edukiontzia, dela soldata arrakalaren amaiera, dela indarkeria matxistaren neurri eraginkorrak jartzea, dela zaintzen afera orekatzea...
Dena aldatzeko, geldi gaitezen.