BATZORDE ERAGILEAREN KUDEAKETA TXOSTENA (2021-2025)

Egindako grebei esker, ELAk lortu du lan hitzarmen kopururik altuena eta sinatutako akordiorik onenak

2025/06/02
Lakuntzak salatu du Gasteiz eta Iruñeko gobernuak aldatu direla, baina politika neoliberalekin jarraitzen dutela

Orain dela lau urteko egoerari so eginez ekin dio ELAko idazkari nagusiak Batzorde Eragilearen Kudeaketa Txostena aurkezterakoan, Amaia Muñoarekin batera. Pandemia garaia zen aurreko kongresua ospatu zenean, 2021ean; bada, lau urteren ostean, Mitxel Lakuntzak ondorio kezkagarria atera du: bizitzarako funtsezkoak ziren lanak indartzeko konpromisoa hartu zuten orduan agintari politikoek, baina ez dute bere hitza bete. “Bizitza posible egiten duten langile horietaz ahaztu egin dira: erresidentzietako langileez, osasun publikoaz, merkataritzako langileez, garbikuntzakoez... Sektore feminizatuak ahaztu dituzte, batez ere”, kexu da Lakuntza.

Osakidetza jarri du ez betetze horren adibide. Sortutako osasun mahaia salatu du, “langileen aldarriak lokartzeko eta egiturazko neurriak ez hartzeko mahai antzua” izan dela iritzita. ELAk, ordea, kontrako bidea hartu zuela gogorarazi du: prekaritatearen aurka borrokatzea, zerbitzu publikoak defendatzea eta sindikalismo feminista bultzatzea.

Gerra: kapitala bizitzaren gainetik

Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoa eta Nazioarteko arduradunak, bere aldetik, Euskal Herritik kanpora begira jarri ditu kongresura bertaratuko guztiak. Batzorde Eragileko kideak baieztatu du bost mehatxu nagusi daudela une honetan nazioartean: desberdintasun sozialak; aldaketa klimatikoa; gerrak; migrazio politikak eta ultraeskuinaren gorakada.

Nola ez, Palestinaren aurkako genozidioari tarte berezia eskaini dio. Gogor salatu du Europar Batasunak Estatu Batuekiko duen menpekotasuna eta erabaki minimoak hartzeko erakutsi duen gaitasun falta. “Oinarrian interes ekonomikoak daude, enpresa pribatuen negozioak babesteko grina, Euskal Herriko enpresenak barne”, baieztatu du.

Diru publikoa, esku pribatuetara

Aurrekoaren ildotik, politikariak herritarren mesedetan baino, enpresa handien interesi begira egotea leporatu die ELAk. Horretarako sortu zituzten, gehitu du, Europar Batasuneko Next Generation funtsak. “Eta orain, diru publikoa, langileen dirua, ari dira bideratzen gastu militarrerako, armagintzako enpresa pribatuetara, behar ditugun zerbitzu publikoak suntsitzen dituzten bitartean”.

Ildo beretik mintzo da Lakuntza. Enpresa handien etekinak hazten ari diren bitartean, langile klaseak eskubideen galera bizi duela salatu du. Hiru dira, Lakuntzaren ustez, kezka iturri nagusiak: pobretze fase batean gobernuek bultzatutako politika neoliberalak; ezkerrak uko egin izana oposizioa egiteari eta politika eraldatzaileak defendatzeari; eta Espainiar Estatuaren zentralizazio grina.

Ezkerra noraezean

Ezkerrari dagokionez, Elkarrekin-Podemosek EAJ eta PSErekin adostutako “sasi erreforma fiskala” salatu du Lakuntzak. EH Bilduri leporatu dio ez duela alternatiba eraldatzailea defendatzeko konpromisorik.

Besteak beste, gogorarazi du Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundietan aurtengo aurrekontu neoliberalak onartu dituela, edota trantsizio energetikoaren, gutxiengo soldataren aldeko adierazpenak edo Hezkuntza legearen akordioak posible direla eduki eraldatzailerik ez dutelako eta sinbolikoak direlako.

Edo Nafarroan, oraindik UPNren gobernuetatik aldatu ez den zerga eta aurrekontu eredu baten onarpena. Horren aurrean, konfrontazio demokratikoaren alde egin du ELAko idazkari nagusiak, “hori baita da funtsean politika, interes ezberdinen arteko konfrontazioa”.

Lehengo lepotik burua

Aurrekoaren ildotik, Lakuntzak dio Gasteiz eta Iruñeko gobernuak aldatu direla, ez ordea, politikak, neoliberalak izaten jarraitzen dutelako. “Zerga politikan zer gertatzen den besterik ez da ikusi behar. Urtetik urtera sortzen den aberastasuna gero eta modu injustuagoan banatzen da”.

Prezioen gorakadaren eskutik enpresek inoizko etekin handienak lortu dituzte azkenengo urteetan langileon errenten kaltetan, azpimarratu du, beti ere, “Pradales eta Chiviteren gobernuek ez dutelako neurrik hartu lapurreta hori zuzentzeko”.

Neurririk ez hartzeaz gain, norabide onean zihoazen legeak oztopatzen saiatu direla baieztatu du. EAJren kasuan, enpresa energetikoei zergak igotzeko neurriak bertan behera utzi izana leporatu dio, “Petronorren aginduetara jarri da. Botere ekonomikoarekiko menpekotasuna da herri honen politikaren jatorrizko arazoa”.

Nafarroan, berriz, 6 enpresetatik 5ek Estatuan baino zerga gutxiago ordaintzen dituztela gogorarazi du Lakuntzak. “Albiste ona omen da Chivite Lehendakariarentzat enpresek zerga gutxi ordaintzea”, kexu da.

EAEn, gobernu aldaketa egon bada ere, interlokuzioa berreskuratzeaz haratago bestelako aldaketarik gertatu ez dela salatu du. Egiturazko arazoek bere horretan dihardutela dio.

“Zerga sistemaz gain, aurrekontu eskasak arazo bat dira. Banketxea eta errentisten mesedetara egiten da egungo politika, beste negozio bat balitz bezala”.

Gauza bera Osakidetza edo hezkuntza publikoan. “Bestelako aurrekontuak behar dira hezkuntza publikoko erronkei aurre egiteko. Gainontzeko sindikatuek eta gobernuak sinatu duten akordioak gabezi eta aldarri nagusiak utzi ditu jaso gabe. Lan kargak eta baliabide faltan bere horretan jarraituko dute”, dio Lakuntzak.

Langile eta herritarren eskubideak bermatzeko, estatus politiko berriaren eztabaida irekitzea eskatu du Muñoak. “Ez dute parte hartzea sustatu nahi; ez dute eztabaida ireki nahi”.

Mobilizazioak eraso neoliberalaren aurrean

Txanponaren beste aldean, Muñoak txalotu du kongresu arteko epe honetan, Euskal Herrian nabarmen egin duela gora mobilizazioak. “ELA harro dago kontrabotere esparru honen parte izateaz”, adierazi du.

Sektore prekarioenei begira beste ekimen garrantzitsua abiatu du ELAk: Gutxiengo soldata. Proposamen berri bat landu du: Barne Produktu Gordinaren %65 izatea; 1.795 euro 2024ko kalkuluan. Hau da, gutxieneko soldata sortutako aberastasunera lotzea.

Mitxelek azaldu du azken hamarkadetan onartu diren lan erreformek lan mundua des-regulatzea zutela helburu, enpresa eta patronalari botere handiagoa eta erraztasun gehiago emateko.

Horren aurrean, ELAk irabazitako hainbat sententzia aipatu ditu: Novaltia, greba eskubide urratzeagatik; etxeko langileei langabezia eskubidea aitortzea; ama bakarren baimenak luzatzea; eta hainbat kasutan emakumeen aurkako diskriminazioa frogatzea.

Iberdrola, Amazon edo Mercadona bezalako multinazionalen aurka irabazitako sententziak ere izan ditu eredu.

Lorpen handiak azken 4 urteetan

Mitxel Lakuntzak negoziazio kolektiboa izan du hizpide. Azpimarratu du azkenengo lau urte hauek gogorrak izan direla, patronalaren blokeatuta zeuzkalako hitzarmen ugari. Hainbat sektore eta enpresetako prekaritateari inflazio altua gehitu zaio.

Greba gehiago hitzarmen hobeak lortzeko

Hori iraultzeko, ELAko idazkari nagusiak grebaren indarra nabarmendu du. “ELAk hitzarmen gehiago eta hobeak lortzen ditu greba egiteko gaitasuna duelako”.

Datuei erreparatuta, 2023an deitutako greba-egunen %80,54 ELAk antolatu zituen EAEn (Nafarroan ez dago datu ofizialik). Lakuntzak azpimarratu du ELAk sinatutako hitzarmenek beste sindikatuek sinatutakoek baino baldintza hobeak bermatzen dituztela.

Esate baterako, 2023an, ELAk sinatutako hitzarmenetan batez besteko soldata igoera %5,76koa izan zen, ELAk sinatu ez zituen hitzarmenetan, aldiz %4,17koa.

Albiste hau are hobea da sektore feminizatuak kontuan hartzen baditugu; ELAk sinaturiko hitzarmenetan emakumeen batez besteko soldata igoera %7tik gertu geratu da.

Halere, gogorarazi du sektore asko oraindik blokeatuta daudela, Nafarroan zein EAEan. Sektore publikoan eta Nafarroako gobernuaren ardurapean dauden sektoretan blokeoa edo gutxiengoan sinatutako akordioak dira nagusi, hezkuntza publikoarekin gertatu den bezala.

EAErekin ere kezkatuta agertu da Lakuntza. “Urkulluren erabateko blokeoarekin bukatzea erabaki badute ere, Hezkuntza publikoan edo Ertzaintzan sinatutako akordioekin argi geratu da Gobernua akordio merkeenak bilatzen ari dela. ELArekin sinatutako Hezkuntzako sukalde eta garbikuntzan lortutako akordioa da salbuespena”.

ELA, hitzarmen gehien sinatzen duen sindikatua

Aitor Estebanek berriki egindako adierazpen batzuen aurka -berak zioen ELAk ez daukala gaitasunik akordioetarako iristeko-, Lakuntzak gogorarazi du ELA dela hitzarmen gehien sinatzen duen sindikatua. Batez besteko 250 gorako hitzarmenak urtero.

“Arazoa da, Eusko Jaurlaritzak ez duela ELArekin akordiorik bilatzen, badakielako gehienetan sindikatu merkeagoak aurkituko dituela”, gehitu du.

ELAren zilegitasuna

Bide beretik, Lakuntzak azpimarratu ELAk baduela zilegitasuna. “Hau ere demokrazia da, demokrazia zuzena. ELA berriz aurkeztu da hauteskunde sindikaletara eta berriz ere, irabazi ditu”. Datuak ditu lagun. ELA da Euskal Herriko sindikatu nagusia, eta %35,79ko ordezkaritza du Hego Euskal Herrian. EAEn, %40tik gorako ordezkaritza du eta Nafarroan %23tik oso gertu dago.

Emakumeak, afiliazio hazkundearen oinarria

ELAko diruzain Alazne Mantxolak berretsi du afiliazioaren goranzko bilakaera. Luzatu dituen datuen arabera, azken kongresua ospatu zenetik, alegia azken lau urteetan, ELAren afiliazioa hazi egin da: 2021etik gaur arte sindikatuak 3.234 afiliatu gehiago ditu. Mantxolak bereziki azpimarratu nahi izan du emakumeen hazkundea; izan ere, kongresu arteko hazkundearen %98,82 emakumeena da. Hau da, afiliazioaren hazkunde garbia 3.234 afiliaturena da; emakumeen hazkunde garbia, 3.196.

Baieztatu du hazkunde horrek zerikusi zuzena duela ELAk hartutako erabaki estrategikoarekin: pertsona prekarioenen sindikatua izatea. Gauzak horrela, nabarmentzekoa da ere pertsona migratuek sindikatura egindako hurbilpena. “Emakumeek eta pertsona migratuek sentitu dute sindikatua erreminta eraginkorra dela euren bizi baldintzak aldatzeko”, azaldu du.

Luzatutako datuen arabera, zerbitzuen sektorean gertatu da hazkunde handiena, baldintza prekarioenak izan ohi dituen sektorean, hain zuzen ere.

ELA, lehen sindikatua

Hauteskunde sindikaletako emaitzekin ere pozik agertu da ELA. Izan ere, Hego Euskal Herrian ordezkaritza handiena duen sindikatua da. 2024ko abenduan, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako ordezkaritzaren %36 zeukan; guztira, 9.568 ordezkari, duela lau urte baino 901 gehiago. Hemen ere aipagarria da emakume ordezkarien pisua %65ekoa dela.