Berriztagarrientzako funtsa

-Azalduko zenuke zertan datzan Espainiako Gobernuak aipatzen duen berriztagarrientzako funtsa?

-Ingurumen-fiskalitatearen eta, kasu honetan, energia- fiskalitatearen erreforma integralaren lehen urratsa izan beharko litzateke.

Funtsak birbanaketa bat egin nahi du, nork ordaintzen duen eta energia-sektoreko eragileek zenbat ordaintzen duten jakiteko. Orain arte, berriztagarrien primek eta hondakinen kudeaketak eragindako kostuak, urtean 6.000 milioi euro inguru, elektrizitatea kontsumitzen dugun guztiok ordaintzen genituen, faktura elektrikoaren bidez.

Hori aurrera ateratzen bada, 5 urteko prozesu batean kostu horiek elektrizitatea kontsumitzen dugunon eta gainerako produktu energetikoak kontsumitzen dituztenen artean banatuko dira.

MLBNren kalkuluen arabera, litekeena da elektrizitatearen faktura % 11 inguru murriztea egoitza- kontsumitzaileentzat.

Azken kontsumitzaileari nola eragingo dion ez dakigun beste aldaketa bat ere izango da: ordainketa egin beharko dutenak produktu horien operadoreak eta merkaturatzaileak izango dira. Kontsumitzaileok egin nahi dituzten eskaintzen arabera kargatuko gaituzte, eta gauza bera gertatuko da petrolio-produktuekin.

-Zer lortu nahi du funts honek?

-Trantsizio energetikoaren kostuak energia-sektore osora eramatea da helburua, eta kutsatzen duenak ordaindu egin behar duela dioen printzipioa gauzatzen hasi behar da; izan ere, berriztagarrien kostuari ekarpena egiten hasten diren beste sektoreak dira kutsatzaileenak, hala nola ikatza, petrolio-produktuak eta gas naturala.

Ingurumenaren ikuspegitik, nik funts horri egingo niokeen kritika da kargen banaketa bolumenaren arabera kalkulatu dela, eta ez horrenbeste energia-iturri bakoitzaren ahalmen kutsatzailearen arabera.

Bistan denez, sektore horietan guztietan kontrol oligopolikoak legeria aldatzea zailtzen du. Eta, jakina, ikusi beharko da nola banatzen eta diseinatzen diren konpentsazioak kalteberagotzat jo daitezkeen sektoreentzat.