“Garrantzitsua da kanpoan ikasten dugun guztia gero bueltan gure herrira ekartzea”

Elkarrizketa Testua: Gorka Quevedo -- Argazkiak: Leire Regadas
Uztaileko ostiral eguzkitsu batean geratu ginen Sandra Fuente Salazarrekin, Safu. Sanferminetako ajea pasata, Arrotxapeako (Iruñea) taberna batean egin genuen hitzordua. Safu auzoari oso lotuta dago, eta kanpoan dagoenean faltan botatzen du. Izan ere, lan kontuak medio, Safuk Madrilen bolada luzeak igarotzen ditu. Dantzaria eta abeslaria, milaka gazteren erreferentea da Safu. Beti ere, topikoak apurtuz.

Norekin gaude kafea hartzen, Sandrarekin ala Safurekin?

Berez pertsona bera gara. Ni Sandra naiz. Safu nire bizitzara etorri zen Fama, ¡a bailar! telebista saiora sartu nintzenean. Hor hasi nintzen Safu izena erabiltzen, baina niretzat ezin dira bereizi artista eta pertsona. Dena Sandran sortzen da azkenean. Sandra eta Safuren artean harreman ona izatea gustatzen zait, pertsona bera garelako. Sandra da familiarekin edo lagunekin dagoena; Safu alter egoa erabiltzen dut orain bezala elkarrizketa bat egiten nagoenean edo eszenatokira igotzen naizenean.

Biekin eroso sentitzen naiz, baina artistak garenean gauzak bere tokian jartzen jakin behar dugu. Ez dut egun batean esnatu nahi eta famatua edo ezaguna izateagatik Sandra ahaztu. Ez dut galdu nahi Sandra izatean esentzia eta jendearekin dudan harreman normala. Noski, batzuetan barruan dudan sua atera beharra daukat eta Safu bihurtu, lotsa galdu. Izan ere Sandra pertsona bat da, bere beldurrak ditu, bere lotsak; Safu momentu horietan aurrera ateratzeko sortu dudan alter egoa da.

Nondik datorkizu dantzatzeko abilezia?

Ama Kuban jaio zen. Beste kultura bat da, oso harreman ona dute dantzarekin, musikarekin. Ama 25 urte zituela etorri zen hona, aita ezagutu zuenean. Etorri zenean dantza eskola bat sortu zuen. Txikitatik bertara joaten nintzen amak eskolak nola ematen zituen ikustera. Horregatik txikitatik nire alor artistikoa garatu dut.

Dantza eta musika ezberdin bizi dira Kuban edo hemen?

Nik uste gauza kulturala dela. Kuban, esaterako, musikari edo jaiari beste presentzia bat ematen diote. Agian badira tokiak non pobrezia gehiago dagoen eta mentalitatea beste bat den, lanari ez horren lotuta. Gutxiagorekin pozago bizi dira, eta bizitzeko era horrek jendea beste era batekoa izatea eragiten du. Nik zortea dut eta bi mundu hauek bizi ditut, nire amaren mundua eta nire aitaren mundua.

Jende beltzaranak badu arte berezi bat, beste txip bat, baina gauza kulturala da. Latinoamerikan edo Afrikan dantza eta musika berezkoa dute, bertan sortutako hamaika dantza eta musika daude. Musika gizakiarekin sortu zen, eta gizakia Afrikan sortu zen. Agian horregatik musikarekin lotura estuagoa dute.

Txikitan dantzatzea eta abestea zenuen gogoko. Hala ere, soilik dantza egiten zenuen, gutxienez publikoaren aurrean. Zergatik?

Txikitan kosta egin zitzaidan nire inguruaren parte sentitzea. Beti sentitu izan naiz ezberdina. Erdi kubatarra erdi iruindarra naiz. Hemen nagoenean ez naiz Iruñekoa, ‘beltzarana’ naizelako. Baina Kubara goazenean, ‘Espainiakoak’ gara. Horregatik txikitatik nire buruan disforia pixka bat izan dut, eta buila gehiegi egin gabe erosoago sentitzen nintzen, gehiegi nabarmendu gabe. Eta, azken finean, dantza mugimendua da, baina isilik zaude, ez duzu horrenbeste nabarmentzen.

Hori bai, bai ala bai artista izan nahi nuen. Horregatik hasi nintzen dantzan, lotsa gutxiago ematen zidalako. Orain hazi egin naiz, eta txikitan buruan nituen hainbat gauza aldatzen joan zaizkit. Eta eskerrak! Orain ni naizen bezalakoa naiz, buruan nituen tontakeria horiek kendu zaizkit.

2018an Madrilera joan zinen ‘Fama, ¡a bailar!’ telebista saioko castingera, eta hautatua izan zinen. Dantza zaletasuna izatetik lana izatera igaro zen.

Pasada bat izan zen. Madrilera heldu nintzen casting-a egiteko eta 300 bat pertsona egongo ziren bertan. Hori izan zen industria honekin izan nuen lehen harremana. Bizitza osoa neraman dantza egiten gustatzen zitzaidalako. Bat-batean castingera heldu eta jendetza hori ikusi nuen, denak izugarrizko gogoekin eta oso ondo prestatuak. Txoke handia izan zen.

Uste dut denok prest gaudela geure bidea egiteko, eta Madrilera heldu nintzenean ni ere prest nengoen. Dantzari bezala txikitatik eszenatokira igotzen zara, jendaurrean aritzeko prestatzen zaituzte. Tontakeria dirudi, baina kurtso amaierako ikuskizuna egiten duzunean horretarako prestatzen ari zara, ikusleen aurrean dantzatzeko. Castingera heldu nintzen eta neure buruari esan nion: “Iruñetik zatoz, Arrotxapeatik, eta aurrean dituzunak meriendatu behar dituzu!”, kar kar. Barruan neukan garra eta furia atera nituen eta lan hori lortu nuen.

‘Fama, ¡a bailar!’ saioak ospea eman zizun. Baina, handik gutxira, COVID-19aren izurritea zabaldu zen. Dena geratu zen. Zer pentsatu zenuen?

Putada bat izan zen. Fama bukatu eta gutxira Madrilera joan nintzen bizitzera, 2019an. Orduan hasi nintzen dantza zirkuituetan mugitzen eta ezagunagoa izaten. Beraz, argi dago arlo profesionalean pandemiak min handia egin zidala.

Hilabete horiek bideoak eta abar egiteko aprobetxatu nituen. Nik uste denok egin genituela sare sozialetarako bideoak; batzuek bizkotxoak egiten zituzten eta ni koreografiak egiten hasi nintzen. Pandemia egon izan ez balitz agian lortuko ez nituzkeen hainbat gauza lortu nituen. Egindako koreografiekin ospea lortu nuen, eta hori berrogeialdian egindako bideoi esker izan zen. Berrogeialdiaren ostean izen handiko eskola batean dantza klaseak ematen hasi nintzen, eta hori pandemiari esker izan zen, nolabait.

Bidea ez da erraza izan. Iruñetik joatea ez da erraza izan, pandemia Madrilen bizitzea ez da erraza izan, baina zailtasun horiek egin naute, beltzarana izateak egin nauen bezala.

2021an lehenengo kantuak egin zenituen. Esan duzu txikitan publikoaren aurrean kantatzeak lotsa eman zizula, ez zenuelako nahi zure burua nabarmentzea. Noiz galdu zenuen lotsa hori?

Madrilen nengoenean txikitan ez neukan konfiantza lortu nuen. Oinarri bat nuen: ondo sentitzen nintzen neure buruarekin, egiten nuenarekin eta nire inguruarekin. Horrek indarra eman zidan. Ziur nengoen erabakiaz eta nire mundua nire erara bizi nahi nuen. Niri jaleoa gustatzen zait, mugimendua. Neure buruarekin segurtasuna lortu nuenean lehen abestiak grabatzeari ekin nion.

Lehen abesti horietan egunerokotasunari lotutako gaiak zuden: bikotearekin harremana, lana, bizitzako pasarteak… Zergatik hasi zinen zure bizitzarekin lotutako gauzak kantatzen?

Batxilergo artistikoa egin nuen. Elkarrizketa hasi aurretik esan dizut apurtxo bat sorgina naizela (kar kar…). Pentsatzea gustatzen zait, gauzei harremana bilatzea, gauzen zergatia jakitea… Jabetu nintzen batxilergoan artisten biografiak ikastea gustatzen zitzaidala, eta ni artista sentitzen naiz. Gustatzen zait nire obra nolakoa izaten ari den aztertzea. Batxilergo artistikoa ikasten atera nuen ondorioetako bat izan zen artista on batek bere obran bere bizitza kontatu behar duela. Nire bizitza nire obra da. Pertsona arraroa naiz. Lo egitera berandu joaten naiz, berandu altxatzen naiz. Artista baten maniak ditut, mania apurtxo bat zoroak… Artista batek bizitzen duenarekin egin behar du bere obra.

Zure produkzioek milaka erreprodukzio dituzte, izen handiko markekin kolaboratu duzu, Fuego Razzmatazz, OnFire Party edo Madrid Switch On bezalako ekitaldietan hartu duzu parte… Espero al zenuen?

Lehenik eta behin, nire musika niretzat egiten dut, lasaigarri moduan. Gero, nire helburua gainontzeko pertsonek nirekin konektatzea da, antzekoak sentitzen direlako, zure musika jendeari heltzen zaiolako. Horrela ez zara sentitzen bakarrik.

Musika sortzeko eta abesteko gaitasuna dut, eta hori baliatu nahi dut gauza politak egiteko. Hau da, ez dut nahi musika egin egite hutsagatik. Musika sortzea oso gauza berezia da, ezin da egin egiteagatik. Medikura zoazenean medikuak bere lana ondo egitea nahi duzu, profesional ona izatea. Artistekin gauza bera. Nire nahia lana ondo egitea da, bihotzetik sortutako lana egitea.

Agian urte asko barru eskolaren batean nire obra aztertuko dute, nik batxilergoan beste artista askoren obra ikasi nuen bezala. Eta ikasiko dute, edozein artistekin gertatzen den bezala, nire obrak hainbat etapa dituela. Lehenenengoa dantza, hurrengoa musika, gero musikaren barruan estilo ezberdinak… Nire obran nahi dudana da koherentzia bat egotea, pertsona koherente bat izatea, eta, hortaz, nire musika ere koherentea izatea.

Zure letretan errebeldia dago, gazte askok bizi duzuen egoera jasotzen da. Zure belaunaldikoek sentitzen duzue gizarteak ez zaituztela ulertzen? Ez ulertuak izatearen puntu bat dago?

Badago, bai. Bizitzak bere erritmoa du, eta mundua pertsona helduek gidatzen dute. Negozioen munduan botere handiena duten pertsonak helduak dira. Edo presidenteak. Ez dago 25 urte dituen presidenterik. Eta agian gauza naturala da, bizitzan denok etapa batzuk igaro behar ditugulako. Naturala da ere gazte batek pentsatzea ‘honekin ez nago ados’ edo ‘honek ez nau ordezkatzen’. Bizitzan etengabe gaude ikasten, eta gaztetan ikasten ditugun gauzekin heltzen gara heldutasunera. Eta hor, gazteen eta helduen artean arrakala badago, beti egongo dena, baina era berean naturala dena. Horrek arlo artistikoan eta kulturalean bere eragina du. Rapa, hip hopa edo trapa bezalako estiloak sistemaren kontra-kulturaren aurka zeuden gazteen eskutik sortu ziren, edo rock&rola bera. Bizi zuten ereduaren kontra zeuden gazteek sortutako estiloak dira.

Egun 24 urte ditut, eta ezin dut nire ideologia edo pentsatzeko erarekin %100 funtzionatuko lukeen dantza eskola bat ireki. Bizitzako fase honetan beste gauza batzuk egiten ari naiz. Eta, noski, denbora bat barru ziurrenik pertsona ezberdin bat izango naiz, ez ditut egingo orain egiten ditudan gauza asko, agian buruan beste gauza batzuk izango ditudalako.

Behar adinako garrantzia ematen zaio kulturari? Merezi duen bezala babesten dugu?

Niretzat kultura bizitzaren pegamentua da. Etxetik lanera zoazenean ziur naiz musika edo zerbait entzungo duzula, etxera bueltatzen zarenean filma edo serieren bat ikusiko duzula... Azken finean kulturak bizitza erosoagoa egiten digu. Kulturara konektatua dagoen gizartea osasuntsuagoa da.

Artista bezala arrakala bat ireki nahi dut eta gauza hauetaz hitz egin aukera ematen didaten bakoitzean. Gaur egun artista izatea oso gogorra da. Orain pentsatzen dut seme-alabak baditut nahiago dudala unibertsitatera joatea eta kitto. Artistontzat zaila da gure bidea egitea.

Safu erreferente bat da milaka gazterentzat. Sanferminetan eskaini zenuen kontzertuan jendetza bildu zen.

Bai, izugarria izan zen. Eta hori konpetentzia gogorra jarri zidatela, zezenketen orduan programatu ninduten! Arrotxapeako jende pila joan zen, eta niretzat hunkigarria izan zen. Gurasoak ere hurbildu ziren, eta zegoen jendetza eta giroa ikusita ere asko hunkitu ziren.

Orain Sandra bezala hitz egingo dut, pertsona bezala, ez Safu artista bezala. Nire jendea nire alboan ikusteak egin dudan guztiari zentzua ematen dio. Konturatu naiz ez nukeela nire bizitzako ezer aldatuko.

Txikitan ezberdin sentitu izan ez banintz, agian ez nintzen artista izango. Madrilera joan izan ez banintz, agian ez nuke inoiz musikarako jauzia emango. Bizitzan etapa ezberdinak daude, eta etapa horiek ekarri naute hona.

Lehia gogorra dago musika eta dantza munduan. Lan handia egin behar nabarmentzeko, eta gaur egun dena neurtzen da. Erreprodukzio asko behar dira musika plataforma ezberdinetan, ikustaldiak sare sozialetan... Nola kudeatzen duzu presio hori?

Ez da erraza. Askotan pentsatzen dut: ‘abestiak egin behar ditut, eta kitto. Ez dut zertan ibili behar sare sozial edo plataforma honetarako edukia sortzen’. Nire lana musika ona egitea eta ateratzea da. Baina batzuetan zaila da. Hau esanda, zortea dut, ez dut zertan edukia behartzen egon beharrik, gauzak natural ateratzen zaizkit. Hitz egiten moldatzen naiz, 16 urterekin hasi nintzen Martzillako Udalarentzat dantza eskolak ematen, eszenatokian erosi sentitzen naiz... Hau da, egiten ditudan eduki horiek nahiko natural ateratzen zaizkit, egoera gehiegi behartu gabe.

Bai, egia da. Ez da erraza mundu honetan leku bat egitea, baina gauza bat esango dizut: horoskopoa asko gustatzen zait. Ni Leo naiz, eta Leo garenok bihotzak esaten diguna jarraitzen dugu. Eta niri gauzak bihotzetik ateratzen zaizkit. Nire esku dagoen guztia egiten dut, eta gero jarraipena, bistaratzeak eta abar euren kabuz etorriko dira. Badakizu, apurtxo bat sorgina naiz eta gainera, Leo. Horregatik bihotzak esaten didanari egiten diot kasu.

Aipatu dugu ama dantza irakaslea dela. Aitak –Emilio–, berriz, Arrotxapeako auto tailer batean egiten du lan, mekanikoa da.

Nafarroako jendea kastako jendea da. Langileak gara. Amak gauza asko eman dizkit, batez ere arlo artistikoan. Aitak, berriz, langile izatearen eta langile-klase izatearen kultura eman dit. Aitak tailerrean egunero lan handia egiten du, eta horrek erakusten dit nik ere saiatu behar dudala baldin eta artista bezala ibilbide bat egin nahi badut. Niretzat ama eta aita erreferenteak dira, oso harro nago erakutsi dizkidaten balioez.

Auzoari, Arrotxapeari, oso lotuta zaude. Baina gaur egun kanpoan bizi zara. Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua?

Gai honetan bizitza ikusteko era eta planteamendua aldatu egin dira. Hasi nintzenean ez nintzen hemen oso eroso sentitzen. Ez zegoen ni bezalako neska beltzaranik, ez nuen ni bezalako erreferenterik. Nire erreferente artistikoak Ameriketako Estatu Batuetan egon dira, eta beti egon naiz hara begira.

Orain argi dut hemen bizi nahi dudala, Arrotxapean. Artista bezala hazi egin nahi dut, buelta asko eman, hona eta hara joan, baina jakinda beti gure tokira bueltatu behar garela, eta bertara ekarri behar ditugula kanpoan ikasitakoak. Eta nire tokia Arrotxapea da. Bestela gure herria ez da haziko, eta niretzat garrantzitsua da gure herria erreferente kultural bat izatea. Horregatik garrantzitsua da ikasten dugun guztia gero hona bueltan ekartzea. Kanpoan ikasi bai, baina gero hemen eman nahi ditut kontzertuak, hemengo gazteak motibatu, hemen zabaldu nire lana...

Hemen dagoena eraiki behar dugu, partekatu. Iruñeko artistekin kolaborazioak egiteari eman nahi diot lehentasuna, hemen talentu handia dagoela iruditzen zait. Eta, gainera, talentu horrek ni izan nahi dudan hori ordezkatzen du.