“Industria militarra parasitarioa da”

Erreportajea TESTUA: GORKA QUEVEDO
Tica Font, Bakearen aldeko J.M. Delàs Ikasketa Zentroko kidea

Zer pentsatzen duzu Europar Batasuneko agintari nagusiek gerrarako armatu eta prestatu behar dela esaten dutenean?

Ez dut uste berehalako gerra arriskuan gaudenik. Ez dut uste, ezta ere, Errusia Europar Batasuneko herrialde bat inbaditzea pentsatzen ari denik. Putini buruz gauza asko esan daitezke, baina ez dut uste tontoa denik. Propagandarako elementu gisa ari gara Errusian pentsatzen, herritarrek gerrarako gehiago armatu eta prestatu behar garela onar dezaten. Edo, gehiago armatzeaz gain, gerra ekonomia indartsuagoa izateko prestatu behar garela. Uste dut hori dela mezu militarista horren atzean dagoen asmoa. Gerrarako prestatu nahi gaituzte, baina ez benetan berehalako zerbait dagoelako.

Garai historiko batean sartu gara, eta azterketa hortik abiatu behar dugu. Mundu mailako nagusitasuna lortzeko lehia dago Txinaren eta Amerikako Estatu Batuen artean. Nagusitasunaren inguruko lehia dagoen guztietan gerra ekonomiaren alde egiten da, gehiago armatzearen edo militarizatzearen alde, eta horiek gerraren aurrekariak izan ohi dira. Baina ez dut uste gerra hain berehalakoa denik.

Europar Batasunak munduan duen pisu ekonomikoa gero eta txikiagoa da. Militarismoa al da nagusitasuna lortzeko borrokan Europar Batasunak atzean ez geratzeko aukeratu duen bidea?

Estatu Batuak aspaldi ari dira esaten munduko motorra ez dela Europatik pasatzen, munduko ardatza Txinara eta Asiara lekualdatu dela, eta, beraz, beren esfortzu militar, politiko eta ekonomiko guztiak ardatz horretarantz eramango dituztela. Europarroi ere esaten ari zaizkigu bakarrik moldatu egin beharko dugula, hemen ez direla sartuko. Ukrainako gerra agerian uzten ari da Europar Batasunak ez duela gerra baten buru izateko arma jakin batzuen stock nahikorik. Ukrainako gerrak arma mota jakin batzuen stockekin amaitu du.

Mundu mailako lehiak hiru arlo nagusi ditu. Lehenengoa, arlo ekonomikoa. Nor izango da boteretsuena edo munduan BPG gehien sortuko duena, Estatu Batuak ala Txina? Argi dago Europar Batasuna hirugarren tokian dagoela. Bigarrena, arlo teknologikoa. Eta hor pentsamendua da sektore teknologikoa –Adimen Artifiziala, konputazio kuantikoa, bioingeniaritza... den guztia– kontrolatzen duenak lidergo ekonomiko eta politikoa izango duela, lidergo militarra izango duelako. Eta, hirugarrena, arlo politikoa. Nire ustez, Errusiak eta Txinak babesa emango diete sistema demokratikoak ezegonkortzen saiatzen diren talde politikoei, disruptiboak diren, status quo-a apurtu nahi duten, Europar Batasunarekin hautsi nahi duten eta demokrazien oinarriei eraso diezaieketen proposamen politiko guztiei lagunduz.

Industria militarraren eta estatuen arteko harremanari buruzko ikerketa ugari egin dituzu. Nola funtzionatzen du harreman horrek?

Industria militarra estatuen menpe dago, ez da merkatu librea. Hori da beste industriekiko duen aldea. Industrian, kontsumo zibilean, garbigailuetan edo ordenagailuetan adibidez, gizarte zibila hartzen da bezero gisa. Baina industria militarrean sinbiosia dago estatu eta gobernu aparatuarekin. Industria militarrak gobernuek eskatuta egiten du lan, baina industriak nondik berritu behar duen ere eskatzen die gobernuei. Elkarrekin lan egiten duten industria sistema baten eta sistema politiko baten arteko sinbiosia bezalakoa da.

Industria militarrak gobernuak eskatzen dizkion estandarrekin egiten du lan. Izan ere, inor ez da itsaspeko ontzi militarrak seriean ekoizten hasten. Bat ekoizten duzu, bi ekoizten dituzu, hiru ekoizten dituzu, eta gobernuak edo estatu militarrak eskatzen dizkizun ezaugarrien arabera ekoizten dituzu: itsaspeko zer ontzi mota nahi duen, zer karrozeria mota... Eta hor ez dago inoiz kostuak merkatzeko irizpiderik, ez baita funtsezko elementua. Sukaldeak ekoiztera zoazenean, zure prezioak lehiakorra izan behar du. Baina industria militarrean ez dago lehiakortasunik. Eta zehaztapen teknikoak dira dena markatzen dutenak. ‘Zuk zer nahi duzu?’ ‘Teknologia mota hau’. ‘Ba jarri egingo dugu, baina horrek prezio bat izango du’. ‘Zein tenperaturaraino jasan behar du itsaspekoaren karkasak?’ ‘Ez kezkatu, jarriko dugu, horregatik izango du prezio hau’.

Industria militarra industria atipikoa da, eta nik industria parasitario gisa definitzen dut. Industria horrek ezin du biziraun gobernuaren parte hartzerik gabe eta industria horretan sartzen den diru publikorik gabe.

Behin eta berriro errepikatzen diguten mantretako bat Espainiako Estatuaren defentsarako gastua NATOk bazkideei eskatzen dien % 2tik urrun dagoela da. Hala ere, Delàs-en frogatu duzue hori ez dela egia.

Bakeari buruzko Stockholmeko Ikerketen Nazioarteko Institutuak (SIPRI) munduko defentsa gastuak argitaratu berri ditu. Europar Batasun osoaren gastu militarra batuz gero –eta Norvegia eta Erresuma Batua alde batera utzita–, Europar Batasuna munduko bigarrena izango litzateke gastu militarrean. Bigarrenak Ameriketako Estatu Batuen atzetik. Eta Errusiak baino ia hiru aldiz gehiago gastatuz.

Beraz, gutxi gastatzen dugula esaten digutenean... Beno, gutxi… norekin alderatuta? Amerikako Estatu Batuekin alderatzen bazara, bai. Baina Errusiarekin alderatzen bazara eta Errusiaren mehatxuaren aurrean prestatzeko esaten baduzu, ba Errusia baino hiru aldiz gehiago gastatzen ari gara. Eta Errusia bai dagoela gerra nabarian eta deklaratuan Ukrainarekin.

Eta hori, ez dakit nola egingo duten herrialde guztiek, baina Espainian gastu batzuk ez dira Defentsa Ministerioaren gastu gisa kontabilizatzen. Adibidez, zenbait kargu Espainiako garapen industriari egiten zaizkio, bai armamentu berrien edo dagoeneko eginda dauden armamentuen garapenari dagozkionak. Adibidez, Santa Barbarari 10 tanke eskatzen badizkiozu edo Navaltiari itsaspeko ontzi berri bat eskatzen badiozu, gastu horren gehiengoa ikerketa eta garapen gisa bideratzen da, Industria Ministerioaren bitartez.

Gero, badaude defentsako gastu gisa kontabilizatzen ez diren zenbait gastu, hala nola klase pasibo militarrak, gizarte segurantzako gastuak edo, adibidez, Kanpo Arazoetako Ministerioak bideratzen dituen nazioarteko erakundeei ordaindu beharreko kuotak. Adibidez, NATOren kuota ez du Defentsa Ministerioak ordaintzen, Atzerri Ministerioak baizik.

NATOk zerrenda bat egin zuen defentsa gastuak zein diren esanez, zein ministeriotan dauden kontuan hartu gabe. Eta, NATOren arabera, kidego paramilitarrak defentsa gastu gisa sartu behar dira. Espainian, Guardia Zibila da kidego paramilitar bakarra, polizia eginkizunak izan arren kidego militarra delako. Eta berari dagozkio, adibidez, mugak. NATOren irizpidearen arabera, Guardia Zibilaren gastuak ere defentsako gastu gisa sartu beharko lirateke, eta hori ez da egiten.

Ministerio guztien gastuak batuz gero, Espainia BPGaren % 2,2tik oso gertu dago defentsa gastuari dagokionez, eta ikusten dugu horrek gora egingo duela; izan ere, ikusten ari gara Gobernuak, defentsa aurrekontua alde batera utzita, defentsara doazen baina defentsa aurrekontutik kanpo dauden armak erosteko ezohiko partidak onartzen dituela hilero.

Zergatik da hain zaila jarrera antimilitaristak irakurtzea?

Gerraren inguruko diskurtsoa hegemonikoa da, gizartearen aldetik ez dagoelako erantzunik, aurkako iritzi publiko gutxi dagoelako. Nire ustez, beraien iritziz ezinbestekotzat jotzen dituzten gaietan ari diren gizarte mugimendu asko daude, baina ez dute gai hori hala denik uste. Niretzat, antimilitarismoa ezinbestekoa da, eta, gainera, bizitzako gaiei eragiten dien gastua da, pentsioei, osasunari, etxebizitzari, klimaren krisiari... Gerra ekonomia hori handitzen den heinean, bizitzarako funtsezkoak diren politika horiek guztiak kaltetu egiten dira. Horrek ez du esan nahi gizartea apatikoa denik, jende asko baitago mobilizatuta. Baina ez dakit zergatik, nahikoa energia ez dugulako edo, bakoitza gure borrokan ari gara.

Industria militarrak jaten duen tartaren zatia gero eta handiagoa bada, gero eta txikiagoa izango da pentsioetarako, etxebizitzarako edo osasunerako zatia...

Pandemia igaro ondoren, Europar Batasuna berriro ari da aurrekontuen austeritatean sartu behar garela esaten. Eta zer esan nahi du horrek? Estatuaren zorpetzea mugatu behar dela, ez duzula jasotzen duzuna baino gehiago gastatu behar... Horra paradoxa. Europar Batasuna zorra kontrolatzeko ari zaie estatuei esaten, etxebizitzan gehiago ez gastatzeko edo klima-aldaketaren kontrako borroka arintzeko. Baina, era berean, armadetan, armetan, industria militarrean gehiago gastatzeko esaten die estatuei. Orduan, zer adostu du Europar Batasunak? Estatu guztiei armetan gehiago gastatzea eskatzen dien bezala, industria militarrari lagundu behar diotela ere esaten die, handiagoa izan dadin, gehiago produzitu dezan, stock gehiago izan dezan, eta, gainera, Estatuek erosketak bateratu behar dituztela, gauza bera eros dezaten eta Europako industriaren barruan erosten saia daitezen, zor militarra ez dela zor gisa zenbatuko erabaki baitu.

Horrela, zor militarrak ez du mugarik, eta ez du Estatuetan zorra handitzen jarraitzea geldiaraziko, ez baita horretarako kontuan hartzen. Politikako partida guztietan zorrotza izan behar duzu, baina militarismoari dagokionez ez da beharrezkoa zorrotza izatea.