“Isilaraztea beti da bortitza”

Erreportajea TESTUA: LEIRE REGADAS ARGAZKIA: MARIANA REYES SERRANO
Andrea García González, ‘Calla y olvida: violencias, conflicto vasco y la escucha vulnerable como propuesta feminista’ liburuaren egilea

Edozein gatazka armaturen ondorio da haustura soziala: gizartea zatituta dago, etsaiaren iruditegia indartzen den heinean. Gizartearen sektore zabalei eragiten diete gertakariek eta inpaktua dute eguneroko bizimoduan. Bortizkeria batzuk begi-bistakoak dira, muturrekoak direlako, baina beste asko fokutik kanpo geratzen dira, intimitatera mugatuak, normalizatuak, isilduak: Agurrik ez jasotzea, gehiago ez agurtzea, lagunak galtzea, topaketa saihestea, tentsioa...

Andrea García González (Madril, 1979) kazetari eta antropologoak dinamika hauek sakon aztertu ditu bere liburuan: Calla y olvida: violencias, conflicto vasco y la escucha vulnerable como propuesta feminista (Katakrak, 2023). Euskal gatazkan giza eskubideen urraketa pairatu duten emakumeak mintzo dira bertan, historiografia patriarkala hausteko.

Emakumeek –gehienbat anonimoak– biolentzia anitzak jasan dituzte, eta samina topagune bihurtu da eurentzat, elkartasun harremanak sortu baitira a priori halakorik izan beharko ez lukeenekin. “Bestea”gandik, “arerioa”gandik bereizten gaituen tartea gainditzeko gonbita da liburua; emozio eta sentimenduek hunkitzeko gonbita eta inposatutako kontakizunak zalantzan jartzekoa, bizikidetzan aurrera egiteko eta bortizkeria oro erauzteko bidean.

Euskal gatazkaren ertzek pertsonen arteko harremanak zeharkatzen dituzte. Hori da liburuaren abiapuntua. “Intimitatearen bortizkeria” gisa definitu duzun hori aztertu duzu batik bat. Zergatik erreparatu diozu horri?

Bada zerbait emakume askok nola edo hala gauza bera adierazi izan didatena: “Nik ez daukat zer kontatu”. Alderdi politikoetako kide izan ez zirenez edo muturreko bortizkeriarik pairatu ez zutenez, ez zioten irizten gertatu zitzaiena espazio publikoan eta memoria sozialean agertzeko moduko kontakizuna zenik. Testigantza publikoa eman eta beren ahotsa entzunarazi dutela sentitzen dutenen artean ere, luze eta zabal hitz egiterakoan beste bortizkeria molde batzuk agertzen ziren. Horregatik iruditzen zait espazio hori bereganatu eta aipatu beharrekoa dela. Biolentzia era hauek sarri normalizatzen dira, baina bakea eraikiko bada hauek ere desagertu behar dute.

Nagusi diren narratibak, gehienbat gizonezko ahotsek adieraziak, hautsi edo gainditzeko borondatea du liburu honek. Nire ustez, entzuketa sakon bat egiteak eta emakumeen bizia aintzat hartzeak testuinguru soziopolitikoa aberasteko eta sakonago aztertzeko bide ematen du.

Isiltzea eta ahaztea ez da aukera bat?

‘Isildu eta ahaztu’ aginduak berarekin dakar inposizioa, eta isilaraztea beti da bortitza. Batzuetan izan liteke babeste aldera emandako agindu edo gomendio bat, Axun Lasa GALek hil zuen Joxean Lasaren arrebak liburuan kontatzen duen moduan. Torturatua izan ondoren, bere amak, babesteko, esan zion isiltzeko eta ahazteko. Baina hori izan zen eremu ez seguruan zeudelako.

Eta orain?

Bai, nik uste dut orain adierazi ahal izateko gune seguru batzuk ari direla sortzen. Saiatu naiz liburuan biltzen emakumeen esperientzia ezberdinak, zalantzazkoak, zeintzuetan mintzakidea ez zegoen eroso, luzaroan gertatutakoa adierazi ezinik izan delako. Aipatu ezin ziren gauzei buruz hitz egiten dute, izan ere bortizkeria latza zegoenean beti baita zailagoa jarrera zaurgarri batetik egitea, kontraesan horietatik adieraztea.

Entzuketa zaurgarria eraldaketa sozialerako proposamen indartsu gisa hartzen ari da; bestea entzutean astindua sentitzea da, zalantza egitea eta etsaiaren irudia irauli eta topatzeko aukerak sortzea. Adiskidetze paradigmak sortzea da, betidanik bestea izan denarekin topo egitea.

Sarritan, ordea, ahaztea erabakitzen da, ez delako oinazea areagotu nahi…

Hain zuzen bada gozamena elkarri entzuten dioten gorputz minberen arteko esperientzietan, lotura horretan eta batak bestea aitortzean ere. Bestela zer dela eta emango genuke aukera hunkitu gaitzaten?

Entzuketa zaurgarria ez da formula magiko bat. Norbera hunkitzea beharrezkoa da abiapuntu gisa, baina eraldaketa soziala eragiten duena da ariketa kolektibo bat izan dadin lortzea. Hau mahai gainean jarri eta elkarri babesa eman eta guztion artean pentsatu nola jokatuko dugun eraldaketa hori egiteko.

Hala ere, errelatoaren batailak bizirik dirau eta politikari eta hedabide hegemoniko batzuek bestearen irudia indartzen dute horretarako interesa dutenean.

Errelatoaren batailak mesede gutxi egiten dio gatazkak gizartearen eta giza harremanen parte direla aitortzeari. Zuk bizipen batzuk dituzu, nik beste batzuk... eta kontua da ezberdinen arteko topaketan ez zaiola bata besteari gailendu behar; baizik eta nola ikasi aitortzen gatazkak badirela eta horiekin bizi beharra dagoela.

Terminoek ere zatitu egiten dute. EAEko hauteskundeen kanpaina betean polemika piztu zen “terrorismo” hitza zela eta. Terminologiari buruz luze hitz egiten duzu liburuan ere…

Termino batzuk arma gisa erabiltzea, hitz jakin bat esan dezazun lortzea garaipen eta inposizioaren logikan sartzea da. Ez dut ukatzen litekeena dela egunero izua bizi izan dutenek aitortza nahi izatea, baina ezin dugu ahaztu termino horrek izan duen esanahi sozial, historiko eta politikoa. Erabili izan da biztanleriaren sektore oso zabala oro har kriminalizatzeko. Gobernuaren eta ETAren artean elkarrizketa prozesurik garatu ez izana –bederen publikoak– termino horrekin oso lotuta dago. Demonizazioak, etsai absolutuaren halako irudia sortzeak, elkarrizketa galarazten du. Bestalde, ez du aukerarik ematen biolentzia horiek zergatik gertatzen diren ulertzeko, zergatiak ulertu nahi dituzunean demonizazioa saiakera analitikoraino ere hedatzen delako, justifikatzea delakoan. Nire ustez, ez du onik egiten termino hori erabiltzen jarraitzeak, baldin eta benetan bortizkeria guztiak aitortu nahi baditugu. 

Emakumeek bereziki jasaten dute bortizkeria, gatazka armatuen aurretik, bitartean eta ondoren. Zein da euren ekarpena gatazken konponbidean?

Ez isiltzea, ez ahaztea, emakumeek mundu guztian zehar egin izan duten aldarria da. Kasu askotan ez zaie aitortu euren ausardiak eta ahaleginak izan duen eragin izugarria... Haiei esker esperientzia bortitzak ez dira ahaztu, eta adierazi ahal izan dira.

Bortizkeriek nola erasan diguten adieraziz eta entzunez gure eguneroko bizitzan hobeto identifikatu ditzakegu nekez ikusten diren biolentzia normalizatu horiek gertatzen ari direla edo errepikatzen ari garela. Oso garrantzitsua da bortizkeria horiek identifikatzea, agerian jartzea, haiei heltzeko eta horiei aurre egiten dieten bakegintza praktikei balioa emateko, sarritan gatazka armatuaren memoria eratzeko agertoki publikoetan ez direlako ezta agertzen ere.

Ezberdinen arteko besarkada bat, “etsai” gisa antzemandako norbaitek ematen dizun eta espero ez zenuen babesa... Eguneroko keinuak dira, apurtzaileak, zuk diozun bezala, bakegintzarako jokabideak…

Gatazka armatuetan ere bakegintzarako jokabideak daude: elkartasuna, babesa… Bortizkeriak ez du guztia hartzen; beste mundu, egoera eta topagune batzuk sortzeko gauza ere bagara. Liburu hau euskal testuinguruaz ari da, baina gure gizarteetako bortizkeria anitzei buruz ere bai: koloniala, patriarkala, kapitalista... guztiak ere elkarlotuta baitaude. Bakegintza praktikak oso beharrezkoak dira, bakezko imaginario bat sortzeko aukera ematen baitigute, hau da, biolentzia errotik erauzteko aukera, eraldaketa sozialeko bake erradikala. Mundu guztian emakume mugimenduek hau planteatu izan dute, eta hori da bortizkeriarik gabeko gatazken konponbidea ulertzeko modua, ez soilik gatazka armatuetan.