"Gizarteak zorrotza izan behar du, eta askoz informazio gehiago eskatu"

Elkarrizketa Joan B. Miner / Nerea Ispizua

Jendeari arrotz zaizkio zaborrarekin lotutako arazoak?

Kontzientzia kolektiboaren neurria gizarte zibilaren mobilizazio eta jarduera mailak ematen du. Ez naiz ari herritarren mobilizazioaz bakarrik, baita mugimendu, erakunde sozial, ekologista, sindikatu, auzo eta herri elkarteei buruz ere. Funtsezkoa da gizartea informatuta egotea eta informazioa eskatzea, eta Administrazioei exijitzea ekitea zein neurriak hartzea.

Informazioa eskuragarria dago?

Beno, utz iezadazue zerbait kontatzen. Gaur bertan hiru informazio publikoren eskaera egin dut. Iazko Zaldibarko zabortegiaren ingurumen baimenari buruzko informazioa eskatu dut; Petronorrena eta Zabalgarbirena. Izan ere, apirilaren 1etik aurrera Administrazioak herritarren eskura jarri behar zuen informazio hori gardentasunari buruzko Europako zuzenketa batzuetatik abiatuta. Administrazioaren esku dagoen informazio guztia, berez, informazio publikoa da, eta entregatzera behartuta dago. Badira salbuespen batzuk, logikoa denez, jabetza intelektuala edo intimitatea bezalako kontuekin zerikusia dutenak, baina kasu horietan justifikatu egin behar da informazioa ez ematea. Erraza da informazioa eskatzea.

Eskaera asko ditut eginak. Lehenengoa 2015ean egin nuen. Ordutik, sei urte hauetan, informazio publikoa lortzeko 45 eskaera egin ditut. Badakizu nire kontsultak Euskadin egiten diren eskaera guztien zein ehuneko diren? Nire kontsultak bakarrik, Eusko Jaurlaritzari egiten zaizkion kontsulta guztien %8a suposatzen dute! Honek asko adierazten du gizarte bezala eta ez da positiboa: irakasle soil batek, jarduera honetara dedikatzen ez den pertsona batek, herrialde bateko kontsulten %8 egiten ditu. Berriro diot, ez naiz ari ingurumen-arloko kontsultei buruz bakarrik, baizik eta Eusko Jaurlaritzari egin ahal dizkiogun kontsulta publiko guztiei buruz. Agerian da hemen ez dagoela informazioa eta gardentasuna eskatzeko kulturarik.

Pertsona askok egin beharko lituzkete eskaerak. Hori izugarrizko lana izango litzateke Administrazioarentzat, baina modu honetan, Administrazioa informazio guztia eskura jartzera behartuta legoke. Gizarteak eskatzen ez badu administrazioak ez du egingo. Horrek gizarte zibilaren indarrari buruzko neurria ematen duela uste dut. Kultura demokratikoa falta zaigu. Akzioa falta zaigu. Eta falta zaigu sinestea Administrazioa gure zerbitzura dagoela eta gardena izatea dagokiola.

Ez al dira kontu konplexuak jende arruntarentzat?

Egia da nolabaiteko konplexutasun tekniko duten kontuak direla. Zabortegi bat, adibidez, erakunde industrial konplexua da. Edonor ez da gai hori aztertzeko, egia da, eta horregatik adituen esku hartzea beharrezkoa da. Baina kudeatzaile publikoek herritar antolatuek baino ahal handiagoa izatea ez da ona. Eta horregatik, unibertsitatetik gizarte antolatuaren zerbitzura jartzeko ardura dugula iruditzen zait.