Ez nire adinekoen kontura!
Duela urte batzuk pentsaezina zen gizarte-zerbitzuak negozio hitzarekin lotzea. Ongizate-estatua eraikitzeko unea zen, eta garai hartan zerbitzu publikoen hobekuntzaz, garapen autonomikoan aurrera egiteaz, soldata-igoerak KPIaren oso gainetik izango zituzten hitzarmenez... hitz egiten eta eztabaidatzen zen.
Garai hartan, Bizkaiak kudeaketa publikoko egoitzak zituen adinekoentzat. 1991. urtean sortu ziren azkenak Elorrioko eta Gallartako egoitzak izan ziren. Bien artean 128 ohe zituzten; Leioako eta Txurdinagako egoitzekin batera, titulartasun eta kudeaketa publikoko ia 600 ohe zituzten.
Hala ere, politikariek gizarte-zerbitzuak negozio seguruen sorgune zirela ikusi zutenean, zerbitzu horiek esku pribatuetara bideratzen hasi ziren. Zerbitzua kanpora ateratzea deitu zioten. Erabaki horren atzean, laguntza-zerbitzuen kudeaketari buruz ezer ez zekiten enpresak zeuden, eta horretarako berriak ere sortu ziren. Guztiak ere, boterean zeuden alderdien koloreen ingurukoak. Kasualitateak. Baina sistema kapitalista hain jatorra denez, ez du koloreez ulertzen, diruaz bakarrik. Eta aberats handiek, funts putreek eta Elizak, ondasun higiezinen Estatuko jabe handiak, adreilua negozio izateari utzi diotela ikusi dutenean, beste bide batzuk bilatu eta hau aurkitu dute. Adinekoen egoitzak. Diru Publikoa, kontrol gutxi, Ikuskaritza gutxi, zigor barregarriak eta Administrazioak berak bideratzen dituen bezero seguruak.
Negozio handi horretan, herritarrekiko erantzukizunari buruz hitz egiten zaienean, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek bidea leundu, sarrera erraztu eta beste alde batera begiratzen dute.
Bizkaiko Egoitzetako langileek ahotsa altxatu zuten eta alarma oihua egin zuten. 378 eguneko greba egin zuten, euren lan-baldintzen alde borrokan. Baina ez ziren euren baldintzak soilik. Egoiliarrenak ere baziren. Ratio egoki barik, zainketen profesionalizazio barik, elikadura on barik, ez dago zerbitzu ona emateko modurik. Kalitatearen kontua… beste baterako utziko dugu. Eta euren borrokak Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetan jarraitzen du gaur egun.
Sinatzen duen emakume hau, pribatua plus bat zen kulturan bizi izan da. Ikastetxe pribatu batera joatea, mediku-laguntza pribatua izatea eta egoitza pribatu batera joatea elitekoa izatearen sinonimoa zen. Langile-klaseko jende gutxik zuen luxu hori izateko aukerarik. Ez dakit zein unetan aldatu den ikuspegia.
Orain, kontzertazioaren bidez, arlo pribatura joatea zerbitzu prekarioa jasotzearen sinonimoa da, beste ezeren gainetik negozioa nagusitzen da-eta. Engainu baten argazkia da. Pantailak dituzten instalazio modernoak dituzu. Bertan, pentsa dezakezuna baino hobeto zainduko zaituen profesional talde baten ontasuna saltzen dizute. Errealitatea desitxuratzen duten hitzak, bideoak, irudiak.
Argazki hori kontrastatzeko, egin ezazue zerbitzuaren erradiografia bat. Negozioaren minbizia eta metastasia aurkituko dituzue. Langile falta, lan-baldintza gehiegizkoak, enpresen eta erakundeen aldetik jasandako tratu txarrak, etab.
Eta nori axola dio? Familiek, alde batetik, diru asko ordaintzen dute behar duten eta erakundeek babesten ez dutela ikusten duten zerbitzu batengatik. Langileak oso baldintza eskasetan ari dira lanean, Damoklesen ezpata buru gainean dutela. “Dagoena ez bazaizu gustatzen, badakizu zein den aterantza doan bidea”. Eta bizitzako azken etapan lasaitasuna besterik gura ez duten eta mendekotasuna edo zaurgarritasuna duten adinekoek zama hori guztia euren haragietan jasaten dute.
Ezin ditugu egoitzetan ukuiluetan utziko bagenitu bezala utzi, sektore horretan nagusi diren merkataritza-kontzientzien esku. Ez langileen kontura, ez familien kontura, eta, jakina, ez adinekoen kontura. Gizakien larruarekin ezin da negoziorik egin.