Prostituzioa: Legalizazioa al da bidea?

“Antola zaitez, elkartu beste sexu-langile batzuekin, osatu elkartasun-sare bat eta borrokatu zure eskubideen alde” Horra berriki sortutako eta gobernu sozialistak legez kanpo utzi nahi duen Otras sindikatuaren goiburua. Escort gisara egiten du lan Conxa Borrellek azken 11 urteotan; hau da, bezero batek ordaindu egiten dio berarekin joan dadin bilera, festa, ekitaldietara… Sexu-harremanak edukitzea sar daiteke, edo ez, kontratuan. Krisiagatik iritsi zen prostituzioaren mundura. Krisia hasi aurretik, berriz, kontablea, emaztea eta ama zen. Senarrak enpresa bat sortu zuen, baina porrot egin zuen. Hipotekatuta zeukaten etxea, eta diruari zegokionez itota zebiltzan. Egun batean, garbitzen ari zela, zera entzun zuen irratian: prostituta batzuek 200 euro irabazten zituztela egunean. Kontuak egin, eta astebete igarotzerako antolatua zuen negozio berria. Bete-betean murgildu zen prostituzioaren munduan, eta bertatik bertara ezagutu zituen haren miseriak. Beste emakume batzuekin (eta gizonen batekin) batera, Sexuaren Profesionalen Elkartea (Aprosex) antolatu zuen, berriki sortu duten Otras (Organización deTrabajadoras del Sexo) sindikatuaren aurrekoa. Elkarte-erregistroan inskribatu zen sindikatua, eta berehala esan zuen gobernuak hura legez kanpo jartzeko ahal zuen guztia egingo zuela. Zalaparta hori dela eta, berriro plazaratu da aspaldiko eztabaida, oraindik ere argitu gabea: legala, legearen kontrakoa ala legez kanpokoa izan behar du prostituzioak? Egun, legez kanpokoa —alegala— da prostituzioa espainiar estatuan.

Laneko eskubideak baino zerbait gehiago
Abolizionistek diote, gobernu sozialista buru dutela, sindikatu horrek legeztatu egin nahi duela prostituzioa, hau da, emakumeen sexu-esplotazioa eta pertsonen salerosketa. Otras sindikatuko idazkari nagusiak, Conxa Borrellek, dioenez, aldiz, “oinarrizko eskubide bat da sindikatzeko eskubidea”, eta bere erakundea “tresna bat da, prostitutoi aukera emango diguna egun jasaten dugun estigmatizazioari, prekarietateari eta bazterketari aurre egiteko”.
Otras sindikatuak aldarrikatzen duenez, sexua lanbide dutenak “emakume eta gizon langileak dira, beste edozein bezalakoak, baina alde izugarria dago besteen eta gure artean: guretzat, utopia hutsa dira laneko eskubideak. Enpresariak kontratu bat egitea, gaixotasunagatik edo amatasunagatik baja hartzea, hilaren amaieran soldata jasotzea, oporrak izatea eta erretiroa kobratzea…, hori guztia ametsak dira guretzat”.
Borrellen iritziz, “sexu-langileen antolaketa positiboa da, laneko eskubideen aldetik ez ezik, baita puta izatearen estigmaren aurka borrokatzeko, emakume guztioi baitagokigu hori, eta genero-indarkeriei aurre egiteko ere”.
Bereziki haserretu du Borrell prostituzioa legez kanpo uztearen aldekoek maila berean jarri izana prostituzioa eta emakumeen salerosketa. “NBEren datuen arabera, %14 eta 20 bitartekoa da salerosketaren biktimen portzentajea. Zifra kezkagarria da, eta zerora jaisten saiatu behar dugu, baina, noski, datuak orokortzea ez da zuzena. Pertsonen salerosketa delitua da, eta aurre egin behar zaio; geu gara horretan interes handiena dugunak”, esan du, tinko.

¿Por qué a las prostitutas nos resulta tan difícil convertirnos en las relatoras de nuestra historia, de nuestra identidad, acceder a ser personas y ciudadanas, igual que el resto de las trabajadoras?

Ez dator bat sindikalista hori uste honekin: sexu-langileei eskubideak ematea pertsonen salerosketaren aurkako borrokarekin bateraezina da. “Sexu-lana berez da errealitate bat eta, horrenbestez, abolizionismoak lege jakin batzuk egingo ditu, gutxi asko kriminalizatzaileak, baina sexu-lanak bere horretan jarraituko du”, dio Borrellek.
Erronka gobernuari
Pentsatzen zuten Conxa Borrellek eta bere lankideek sexu-langileen sindikatu bat sortzeak eztabaida sortuko zuela, baina ez ia-ia “estatu-arazo” bihurtuko zela. “Ez sinestekoa eta gaitzesgarria iruditzen zaigu gobernu sozialistaren erreakzioa, batez ere lan-ministroarena. Izan ere, sektore baztertu, pobre eta estigmatizatu baten laneko eskubideak aldarrikatzeko sortu den sindikatu bat legez kanpo uzteko tramitazioari ekin diote. Harrigarria iruditzen zait Magdalena Valerio lan-ministroak esan duena, hau da, bere bizitza politiko atsekaberik handiena izan duela gure sindikatuaren eraketa. Bizitza erreala nolakoa den ikusi behar luke Valeriok: prekarietatea, langabezia, laneko eskubideak hankapean hartuak, lan-erreformak… Hori guztia dauka begien aurrean, baina gu omen gara bere bizitzako atsekabe nagusia…”, dio, ironiaz.
Otras sindikatuko idazkari nagusi Conxa Borrellek “administrazioen aitortza eta errespetu osoa” izateko duten eskubidea aldarrikatzen du, “gure lana gustatu ala ez”, eta salatzen du lizentziak ematen zaizkiela putiklubei, baina prostitutei ez zaiela antolatzen uzten. “Nori egiten dio mesede sexu-lanean diharduten gizon-emakumeei laneko eskubideak sistematikoki ukatzeak?”, galdetu du.

“Las voces más fuertes del movimiento abolicionista son de una determinada clase social y de una determinada raza. Hoy lo políticamente correcto parece que es ser abolicionista”

Feminismo abolizionistari ere egin dio kritikarik sexu-langileen ordezkariak: “Lehenik eta behin, feminismoa ez da osotasun bakar bat, eta denak ez dira abolizionistak. Feminista abolizionista horiei esan behar zaie arrazoi askogatik erabaki dugula emakume askok sexu-lanari ekitea, haiei gustatu ez arren: beste lan asko baino hobeto ordaintzen dutelako, denbora libre gehiago dugulako, sexua atsegin dugulako… Nire gorputzaren jabe baldin banaiz haurdunaldi bat eteteko, adibidez, zergatik ez dut kobratu behar emakumeok historian zehar beti doan egin dugun zerbaitegatik… Moralkeria da abolizionismoaren oinarria. Nik ez dut feministatzat jotzen beste emakume bati eskubideak ukatzen dizkion emakume bat”, dio, zorrotz.


Lehen biltzarra prestatzen
Auzitegi Nazionalera deklaratzera noiz deituko zain dagoen bitartean adierazi digu Conxak, hunkiturik, izugarria izan dela sexu-langileen erantzuna Otras sortu dela jakitean. “Estatu osoko prostitutak eta sexu-langileak ari zaizkigu afiliatzen, emakumeak zein gizonak, eta lehen biltzarra ari gara prestatzen. Ez gaituzte isilaraziko. Eskubide guztiak pertsona guztientzat!”, aldarrikatu du Otras sindikatuko idazkari nagusiak.