“Pentsio bat ere ez 1.080 eurotik behera”

Iritzia Nerea Ispizua eta Gorka Quevedo
Mikel Novalek -ELAren gizarte politikaren arduraduna- dio egungo pentsio sistema publikoaren etorkizuna bermatzeko lan baldintza hobeak behar direla

» Pentsiodunak borrokan ari dira zahar-sari duinak izateko. Zer dago itxuraz hain oinarrizkoa den eskari honen atzean?

Pentsioak etengabe ari dira murrizten, hiru bidetatik: berriak urriagoak izango dira –pentsioa kalkulatzeko urte gehiago hartzen dituzte aintzat–, erretiratzeko adina atzeratuko da eta erosteko ahalmena mantentzeko bermea kendu. 2011ko eta 2013ko erreformak dira murrizte prozesu horren adibide. ELAk eta beste organizazio batzuk hainbat mobilizazio deitu genituen, besteak beste, 2011ko greba orokorra. CCOO, UGT eta CEOE Zapaterorekin hitzartzen ari ziren bitartean erretiratzeko adina atzeratuko zela, pentsio berriak murriztu eta egonkortasun faktorea ezarri, ELA kalera atera zen pentsioen alde, eta politika hauek Euskal Herrian erabaki behar zirela aldarrikatzeko. Pentsiodunen gaurko mobilizazioak erantzun logikoa dira murrizketa horiek izan dituzten eragin sozial zitalei.

» Zer da ELAren ustez pentsio duin bat?

Guk proposatzen dugu gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea. Orain gurean lau pertsonatik bat pentsioduna da, eta pobretze orokorra pairatzen ari da. EAEko emakumeen batez besteko pentsioa 822 eurokoa da, eta gizonena, aldiz, 1.448 eurokoa. Nafarroan are txikiagoa da: emakumeena 734 eurokoa eta gizonena, 1.261 eurokoa. Egoera are okerragoan daude alarguntasun pentsioak, urriagoak baitira.

» Pentsioetara bideratzen diren baliabide ekonomikoak gehitu behar al dira?

Eztabaida hau politikoa da, ez teknikoa. Aberastasuna badago, baina erabaki beharra dago ere pentsioetarako baliabideak nondik atera. Zergak ere aintzat hartu behar dira –iruzur fiskalaren jazarpena, errenta altu, enpresa eta  kapitalen mesedetan egindako beherapenak kendu...–.Beste ideia nagusi bat da pentsioen finantzaketa nor-bere kotizazio sozialetara mugatzea tranpa onartezina dela.

Mientras CCOO, UGT y la CEOE acordaban con Zapatero retrasar la edad de jubilación, recortar las nuevas pensiones y el Factor de Estabilidad, ELA salió a la calle para defender las pensiones y que dichas políticas se decidan en Euskal Herria. Las movilizaciones actuales de las personas pensionistas son la respuesta lógica a las nefastas consecuencias sociales de esos recortes.

» Batzuk diote pentsio-sistema publikoa ez dela bideragarria, baina ELAk nabarmentzen du Europako azken postuetan gaudela pentsioei dagokienez.

Hala da. Euskal Herrian sortzen den 100 eurotik 11 baino ez da pentsioetara bideratzen –aberastasunaren %11,1 biztanleen %24,2arentzat–. Euroguneko batezbesteko maila, aldiz, %13,6koa da. Maila horretara iristeko urtero pentsioetarako 2.230 milioi euro gehiago beharko lirateke –1.416 milioi EAEn eta 814 Nafarroan–.

» ELAren mezua oso argia da: egungo pentsio sistema publikoari ezin zaio eutsi lan baldintzak hobetu ezean.

Hori da pentsioen auzian egiten dugun proposamen nagusietako bat. Kalitatezko enplegua sortu eta soldatak KPIz gaindi igotzea. Soldata txarrekin kotizazioak eta pentsioak ere apalak dira. Aitzitik, kalitatezko enplegu gehiago sortzeak kotizazioak eta pentsioak hobetzeko aukera ematen du.

» Beste eskaririk plazaratu al dugu?

2011ko eta 2013ko murrizketak bertan behera uztea; lehenago aipatu bezala, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea; Iruñeko eta Gasteizko parlamentuei exijitzea Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurka bultzatu duen herritar legegintza-ekimena onar dezaten, eta estatuan ezarritako murrizketak konpentsatzea; azkenik, pentsio-sistema publikoa indartzea.

» Giro nahasian bada beti etekina ateratzen duenik... Bankuek negozioa egiten dute arazo handi honen kontura.

Pentsio-sistema publikoa indartu behar da. Sistema pribatuak ez dira aukera egokia: lehenik, herritar gehienek ezin dute aurreztu, eta ondorioz gutxiengo aberatsarentzako aukera litzateke soilik; bigarrenik, sistema pribatuak planak kudeatzen dituzten finantza-erakundeen negozioa bermatzen du, baina ez gutxieneko prestazio maila edo errentagarritasunik. Pentsio-sistema pribatuek dituzten zerga-arintzeak zeharo gutxitu beharko lirateke. Honek izan behar du ordena: sistema publikoa, negoziazio kolektiboan ezarritako sistema osagarria eta, azkenik, sistema pribatua.

» ELAk Gizarte-Segurantzaren transferentzia oso-osorik aldarrikatzen du...

Guk nahi dugu gure lan-baldintzak eta pentsioak hemen erabakitzea. Gure eskubidea da. Espainiar estatuko markoan murrizketak egiten dira, eta gainera bake soziala ziurtatzen dute. Hemen, ordea, errealitate sindikal eta soziala ez da berdina. Bitartean, beste batzutan esandakoa berresten dugu: HEHko instituzioek oraingo eta etorkizuneko pentsiodunei diru-sarrera egokiak bermatu behar dizkiete, eta osatu beharko lituzkete espainiar gobernuaren murrizketekin galdutako sarrerak, 1.080 euroko pentsioa bermatzen dutelarik.

» Azkenik, zein mezu helarazi nahi die ELAk borrokan ari diren pentsiodunei?

ELAk uste du mobilizazio soziala ezinbestekoa dela. Aspaldian jo genuen bide horretatik. Beraz, gure erreibindikazioen tankerakoak dituzten guneei babesa emango diegu eta haietan parte hartuko dugu.