“Hollywoodek ordezkatzen du memoria

Musika Mikel Reparazen zaletasunetako bat da. Gitarra jotzen du, eta New Yorken bizi izan zen urteetan astelehen gauetan Bluegrass talde batean jotzen zuen Paddy Reilly’s tabernan. Agerian geratzen da hori ‘Las grietas de América. Bajo la piel de un país dividido’ irakurtzean. Ohikoak dira musikaren inguruko erreferentziak. Baina erreferentzia horiek ez dira Reparazek musikarekiko duen zaletasunaren ondorio bakarrik. Izan ere, musikak aukera bikaina ematen du Ameriketako Estatu Batuetako historia hobeto ezagutzeko.

“Musika erabili dut Ameriketako Estatu Batuetan dagoen tradizio antiarrazista bati jarraitzeko, batez ere iragan mendeko 30. hamarkadatik hona tradizio oso garrantzitsua egon da, Woody Guthrie, Pete Seeger, Bob Dylan eta Rage Against the Machinek berak irudikatu zutena... Musika oso garrantzitsua da kultura horretan, batez ere guri ere heltzen zaigulako. Gizartea oso zatituta dago, eta hori esparru guztietan ikusten da, baita musikan ere. Esaten da abeslari bakarra dagoela bertan dauden bi arimak batzen dituena, Dolly Parton dela countryaren bidez bi arimak batzen dituen bakarra”.

Kulturaren influentzia horrek alde ilunago bat baduela aipatzen du kazetari nafarrak. “Ez dago memoria historikorik. Inork ez du ezagutzen Tulsaren bonbardaketa, Wall Street beltza bezala ezagutzen zena. Memoria historiko falta hori fikzioarekin ordezkatu dute. Fikzioaren bitartez, Hollywoodeko pelikulen eta beste hainbat kultur manifestazioren bitartez, ezagutzen ditugu hainbat pasadizo historiko: esklabotza, Gerra Zibila, eskubide zibilen aldeko borroka...

Neurri handi batean Hollywood memoria historikoaren ordezkoa da. Eta horrela ikusten dugu guk hemen. Liburuan kontatzen dudan den-dena, edo behintzat zati handi bat, pelikuletan ikusi dugu fikzioaren bidez, eta hori oso kezkagarria iruditzen zait, benetako memoria historikorik ez dagoelako. Jendeak ez daki Tulsan, 1921. urtean, zer gertatu zen. Eta hau oso fenomeno estatubatuarra da, baina guri ere interpelatzen diguna, gu ere kultura horren parte garelako. Neurri batean Euskal Herria Ameriketako Estatu Batuen satelite kultural bat da, han dauzkagulako erreferenteak eta gero hona heltzen direlako”.