Borroka sindikala eta feminista elkartuz

Iazko oldar feministaren indarra eta eragina bizi-bizi mantendu dugu oraintsu arte gure gomutan, baina laster batean aurtengo Martxoaren 8a helduko da, eta Hego Euskal Herriko emakumeok greba errepikatuko dugu lanpostuetan eta etxeetan. “Aski” esango diogu lan feminizatuetako prekarietateari. “Aski” gizonenak baino %24 txikiagoak diren soldatak jasotzeari. “Aski” kristalezko sabaiari, ardurazko postuetara sartzen trabatzen duen hesiari. “Aski” genero-indarkeriari, 2018an 47 emakume hil zituenari, eta erailketa horiek zuritzen edo arintzen dituen justizia patriarkalari. “Aski” esango diogu ordaindu gabeko lanari, gehiena gure kontura baitoa, besteak beste, seme-alabak eta menpekoak zaintzea eta etxeko lanak egitea.

Hala dio Genero Berdintasuneko arduradun Leire Txakartegik: “iazko olatua aurten ere errepikatuko dugu, eta haratago joango gara 24 orduko greba feminista batera deituz. Mundua ez dabil emakumerik gabe, eta guk hori frogatuko dugu. Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista jarriko dugu zalantzan. Eta gure greba, berez, enplegutik haratago joan arren, lan-munduan ere badago zer eskatu eta zer borrokatu. Sindikatua ere bada emakumeak ahalduntzeko tresna, ikusi besterik ez dago zenbat gatazkatan emakumeak nagusi azaldu diren: egoitzak, garbikuntza, Haurreskolak Partzuergoa, Etxez Etxeko Laguntza, hotelak, ostalaritza... Martxoaren 8an berriro elkartuko ditugu borroka sindikala eta borroka feminista, eta esparru desberdinetatik prekarietateari aurre egiten dioten emakumeak batuko, gure arteko elkartasuna sendotuz”.

Eskakizun politikoetan sakondu

Iazkoaren ildotik joango bada ere, aurtengo deialdiak bere nortasun propioa izango du. Lehenengo eta behin, 2018ko deialdia nazioarteko ekimena izan zen; eta aurtengoa mugimendu feministarena berarena izan da.
Gainera, Leire Txakartegik zera azpimarratu du: “aurrerapausoak eman nahi dira, eta eskakizun politikoetan sakondu. Eskakizun zehatzak egin dira sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista honen aurka”. Halaber, grebaren ardatza luzatu da, hain babesgabe egon den eta hain ezkutuan gorde den kidego bat gehituz: emakume pentsiodunen kidegoa. “Aurtengo grebak 5 ardatz izango ditu: enplegua eta lana; zainketak; kontsumoa; pentsioak; eta ikasleak”.

Milaka arrazoi emakumeen greba orokorra egiteko

“ELAk bat egin behar du Martxoaren 8ko grebarekin ezinbestez” dio irmoki sindikatuko Berdintasun Ataleko arduradunak. “Lehenengo eta behin —dio—, giza eskubideen eta berdintasunaren aldeko borroka mugimendu sindikalaren oinarrizko eskakizuna delako. ELAk emakume langileen eskubideak gure ekintza sindikalaren erdigunean jarri ditu, biztanle eta langileen erdia direlako.

Prekarietateari aurre egitea helburu estrategikoa dugu epe labur eta ertainera; eta prekarietate horren menpean dauden gehienak emakumeak dira”. “Bigarrenik —jarraitzen du—, greba hau enpleguaz haratago badoa ere, ezin ahaztu emakumeok ditugula langabezia tasarik handienak, prekarietaterik latzena (denbora partzialeko kontratuak), diskriminazioa, soldata-arrakala (gizonekin alderatuta, emakumeek batez beste 7.500 € gutxiago irabazten dute urtean)”.

“Eta hirugarrenez —dio amaitzeko—, sindikatuaren eta mugimendu feministaren arteko aliantza ezinbestekoa delako. Argentinako gure lagunek diotenez: “Ezin dira genero-arazoak aldatu, klase-arazoak aldatu gabe... eta alderantziz, ezinezkoa da klase-arazoak aldatu nahi izatea, genero-arazoak aldatu gabe”.

24 orduko greba

Sindikatuak aurtengo Martxoak 8ari egingo dion ekarpena bikoitza izango da: 24 orduko lanuztera deitu ekoizpen-esparruan; eta mugimendu feministaren mobilizazioetan parte hartzea hiriburu eta eskualdeetan. “Iaz lau orduko lanuztera deitu genuen. Lehen pausoa izan zen, aurten beste urrats bat eman nahi dugu”.

Greba ez da sexista

Leire Txakartegik erabat ukatzen du Martxoaren 8ko greba sexista denik. “Emakumeok zuzendu behar dugu gure askapen-prozesua, geure burua gero eta gehiago ahaldunduz. Gizonak bidaide izango ditugu, baina emakumeok gidatu behar dugu gure borroka, lehen lerrotik”. Gainera, grebaren beraren zentzuak eta mezuak argi dioenez: “Emakumeok lan egin ezean, sistema hau ez dabil”.

Protagonismoa emakumeona bada ere, arduradun sindikalak gizonen lankidetza erreklamatzen du ezbairik gabe. “Lagundu behar dute, gizarte bidezkoago baten aldeko borroka hori denona baita. Nork bere gogoeta egin behar du, norberaren ekarpena zein izan behar den erabakitzeko. Garrantzizkoa da gizonek aldeko jarrera erakustea enpresan, etxean, kalean... eta emakumeei bidea erraztea enpresetan antolamendu egokia egin dezaten. Era berean, gutxieneko zerbitzuak ezarriko diren enpresetan komenigarria litzateke gizonek egitea, emakumeek greba egiteko aukera izan dezaten. Eta egun horretan zainketa-lanak ere gizonen kontura joan beharko ziren, emakumeok kalera eta grebara atera ahal izateko...”.