“Orain dela 13 urte hutsik dagoen postu batean lanean egon arren, kaleratua izateko arriskua egotea prekaritatea da”

Leire Meabeansorena sukaldaria da Gernikako Allende Salazar eskola publikoan. Borrokan dago bere lanpostua kontsolidatzeko eta ordezkapenak lehen egunetik egin daitezen

Leire Meabeansorenak 45 urte ditu. 2001ean EPE batean izena eman zuen. Ordutik 2009 arte hezkuntzako sukaldaritza lanetan aritu da ordezkapenak egiten.
2009tik Gernikako Allende Salazarreko eskola publikoan hutsik dagoen postu batean lanean ari da. Bederatzi urte dira egiturazko lanpostu batean lanean ari dela aldi baterako kontratu batekin.
Urtero beldur da. Izan ere, funtzionario batek bere plaza eskatu dezake, lekualdatze lehiaketa batean, adibidez. Hori gertatuko balitz, berak enplegua galduko luke, inongo kalte-ordainik jaso gabe, gainera. “Hori da sektore publikoan pairatzen dugun prekaritatea”, kexu da.
Gaur egun lanaldi osoko lan kontratua dauka eta soldata duina jasotzen du. Ez da, ordea, beti horrela izan. Sektoreko lankide askok lanaldi partzialak dituzte: bi orduko kontratuak, lau ordukoak... Hori ere prekaritatea da, ezinezkoa baita bizitzeko adina diru-sarrera izatea.
Sektore honetan lan segurtasunean eta prebentzioan hutsune handia dago. “Gure eskolan 700 umerentzako jatekoa prestatzen dugu. Pentsa zenbat kazola, zartagin eta sukaldeko tresna erabiltzen ditugun. Pisua altxatzeaz gain, garbiketa lanetan jarrera desegokietan izan ohi gara. Ondorioz, lesio  muskulueskeletikoak eta bajak ohikoak dira”.
“Gainera, lan erritmo biziak ditugu langileak falta direlako beti. Egoera are gehiago okertu da pandemian eta estresa handitu da, musukoaren derrigortasunagatik eta jatekoen txandak handitu direlako”.
Meabeansorenaren iritziz, euren kategoria profesionala aintzat ez hartzea, hau da, kualifikaziorik gabeko langiletzat hartzea ere prekaritatea da. Horren ondorioz era guztietako lanak agintzen dizkiete: jatekoa prestatu, mahaiak antolatu, garbitu (komunak ere) edota mantentze lanak egin. Hori gutxi balitz, bere eskolan konpostagailuaren gaineko ardura daukate.
“Hori bai –kexu da– ez dute geure iritzia ezertarako kontuan hartzen. Are gehiago, jantokiko arduradunak irakasleak dira”. “Oso garrantzitsua da umeei jateko osasuntsua eskaintzea, baina gure lanari ez zaio baliorik aitortzen...”, dio.
Leire eta bere lankideek greba eta mobilizazioetan parte hartzen dute euren lanpostuak kontsolidatzeko eta ordezkapenak lehen egunetik egin daitezen. Argi daukate borroka dela prekaritateari aurre egiteko bidea eta ELA dela horretarako tresna.